Egutegian gorriz markatutako eguna da gaurkoa Gernika-Lumoko herritarrentzat: 87 urte bete dira Kondor Legioak udalerria bonbardatu zuenetik. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak zehaztu duenez, udalerriko eraikinen %85,22 suntsitu zituzten, eta 1.600 herritarretik gora hil. Hegazkinen joan-etorriak entzun eta berehala, herritar asko Astra arma fabrikaren aurrean zegoen babeslekuan ostendu ziren, eta, horixe da, gaur egun, sasoi hartatik hona zutik geratutako eraikin bakarrenetakoa. Haren balioa gordetze aldera, babeslekua estali eta kultur ekitaldietarako egokitu du udalak. Apirilaren 13an, udalerria memoria leku izendatu zuten.
Babeslekuak baino eremu handiagoa du egurrezko estalkiak: berrehun metro koadro ingurukoa da. Hobekuntza lanei esker, hezetasun arazoak konpondu dituzte, eta asmoa dute aurrerantzean kultur jarduera batzuk bertan egiteko.
«Bakearekin konprometituta gaude, eta indarkeria nagusi izan zen iragan hartatik bakea nagusi den kultura giro batera jo behar dugu».
JOSE MARI GORROÑO Gernika-Lumoko alkatea
Bonbardaketak «etxeak, ametsak eta bizitzak» suntsitu zituela azpimarratu du Gorroñok, baina ez zuen balio izan gernikarrak eta lumotarrak isilarazteko, haren hitzetan: «Bakearekin konprometituta gaude, eta indarkeria nagusi izan zen iragan hartatik bakea nagusi den kultura giro batera jo behar dugu».
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak bonbardaketaren biktima guztiei egin die aitortza, eta, bide horretan, askotariko erakundeek, eragileek, elkarteek eta herritarrek egindako lana nabarmendu: «Guztion arteko elkarlanak ekarri gaitu honaino». Era berean, herriak memoriarekin duen konpromisoa ere berretsi nahi izan du: «Balio demokratikoak eta printzipio etikoak Gernikako nortasun ikur izan dira, dira eta izango dira beti. Gernika sinbolo bat da mundu zabalean. Gerra eta giza eskubideen urraketak protagonista diren mundu honetan, egin dezagun Gernika oroimenaren hiriburu eta bakearen sinbolo; Gernikatik mundura: horra gure erronka eta konpromisoa».
«Balio demokratikoak eta printzipio etikoak Gernikako nortasun ikur izan dira, dira eta izango dira beti. Egin dezagun Gernika oroimenaren hiriburu eta bakearen sinbolo; Gernikatik mundura: horra gure erronka eta konpromisoa».
IÑIGO URKULLU Jaurlaritzako lehendakaria
Paco Garcia San Roman izan zen babesleku horretan egon ziren herritarretako bat. Gorroñok azaldu duenez, arrebarekin eta amarekin ezkutatu zen Garcia San Roman bunkerrean: «Pacok kontatu zidan bonbardaketa amaitzean hildako asko egon zirela bidean, baina amak hau esan ziela, ez larritzeko: ‘Lasai, lo daude’. Etxera heldu zirenean, baina, bizitokia suntsituta eta garretan aurkitu zuten. Zu, Paco, eta lekuko guztiok, gure bihotzean zaudete».
Dantzari bat Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariari eta Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateari eskua ematen, astelehenean, babeslekuaren estalkiaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Horrez gainera, Sebastian Uriaren eta Maria Olabarrietaren testigantzak ere entzun dira bunkerraren barnean, audio bidez. Biak ala biak bizirik atera ziren bonbardaketatik. Kruzita Etxabe eta Mari Carmen Agirre bonbardaketaren lekukoak hunkitu egin dira bi testigantzak entzutean. 6 urte zituen lehenak orduan, eta 7 urte bigarrenak. Kanpoaldean, berriz, bonbardaketak jasan dituzten beste hiri batzuen izenak jarri dituzte, seinale batzuen bitartez. Besteak beste, Hiroshima, Palestina eta Auschwitz izenak agertzen dira.
Denera, 316.000 euro inguruko aurrekontua izan du Gernika-Lumoko Udalak. 2021eko urriko osoko bilkuran onartu zuten proiektua.
Aitortza herri osoari
Espainiako Gobernuak apirilaren 13an izendatu zuen Gernika-Lumo memoria historikorako leku. Eztabaida eta gorabehera batzuk izan ditu auziak, Madrilek hasieran soilik juntetxea izendatu nahi baitzuen memoria leku. Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gogora institutuak, EHUk eta beste eragile askok helegiteak aurkeztu ondoren, irizpidea zuzendu zuen gobernuak, eta herri osoa memoria leku izendatuko zuela hitzeman, eta hala gauzatu da izendapena.
Gaur 15:45ean, bonbardaketaren ordu berean, 4 minutu ekintza egingo dute, eta, 21:00etatik aurrera, berriz, Gernika garretan kaleko antzerkia eta kandelen ibilbidea. Ekitaldi gehiago ere antolatu dituzte datozen egunetarako.