Begien aurrean dagoena papereratu

Begien aurrean dagoena papereratu

​Bihar, Bizkaiko mendebaldean, Euskal Herri osoko marrazkilariak elkartuko dira ekitaldi berezi batean parte hartzeko. Sketchcrawlaren 83. aldia egingo da mundu osoko hainbat herrialdetan, eta Zallak hartuko du Euskal Herrikoa. Norberak bere koadernoa eta arkatzak eraman eta ikusten dena paperean islatuko du, aldi berean, egun osoa iraungo duen ekitaldian. Irudigileentzako ibilbide bat dago prestaturik, herria eta inguruak ondo ezagutzeko.

Sketchcrawl mundu osoan egiten den ekitaldi bat da, eta jatorria Ameriketako Estatu Batuetako Kalifornian du. 2004an sortu zuen Enrico Casarosa marrazkilari italiarrak, eta, orduz geroztik, hainbat herrialdetan ekitaldian parte hartzeko taldeak ugaritu egin dira. Urtean lau aldiz ospatzen da.

Euskal Herrian, Sketchrawl taldea 2011n agertu zen, Ana Garcia de Pablo eta Edurne Iriarte iruindarren eskutik. Lehenengo aldia Donostian antolatu zuten, eta, geroztik, hiru hilabetean behin elkartzen dira, aldiro Euskal Herriko toki batean, nazioarteko agendari jarraituz. Biharkoa mendebaldearen mendebaldera mugitzea erabaki dute, azkena Nafarroan egin ostean: Zallara. Euskal Herria’s Sketchcrawlak hirurogei bat deialdi antolatu ditu gaurdaino. 

MARRAZKILARI BAT BAINO ASKOZ GEHIAGO

Enrico Casarosa (Genova, Italia, 1971) da Sketchcrawl ekitaldiaren sortzailea. Italian jaio zen, eta eskola amaitu ondoren Ameriketako Estatu Batuetara joan zen bizitzera. 2004an, San Frantzisko hirian zebilela, bere inguruan zeukan guztia marraztea otu zitzaion. Erronka pertsonal hartatik jaio zen Sketchcrawl, eta laster zabaldu zen munduko toki askotara. Horrez gain, Casarosak ibilbide arrakastatsua izan du zinema munduan. 2012an, hark zuzendutako La Luna film laburrak Oscar sarietarako izendapena jaso zuen. Pixarreko film askoren ekoizpenean hartu zuen parte: Izotz aroa, Toy Story, Ratatouille, eta Coco-n, besteak beste. 2021ean, Luca film luzea zuzendu zuen. Gaur, Pixarreko sormen talde seniorreko kidea da.

Gorka Belasko marrazkilari eta Euskal Herriko taldearen antolatzaileetako batek gogoratuz duenez, proposamena marrazkilari italiar batek egin zuen, eta, harrezkero, munduko hainbat puntutan elkartzen dira koadernoekin marrazteko begien aurrean dutena.  Euskal Herriko proposamenaren berezitasuna aukeratutako lur eremuan datza, Belaskoren ustez: «Hemen, bere garaian, proposamena izan zen herri mailan egitea, eta hori da gure berezitasuna. Euskal Herria eremu modura hartu dugu, eta ekitaldia leku batetik bestera aldatuz goaz, lurralde ezberdinetatik, eta saiatzen gara oreka bat mantentzen lurraldeen artean». 

Izan ere, Euskal Herriko hiri eta herri askotatik igaro da Sketchcrawl. «Zapatu honetan, Zallan egingo dugu. Aurreko aldietan, Altsasun [Nafarroa], Beasainen [Gipuzkoa] eta Durangon egon ginen. Maulen izan ezik, Euskal Herriko hiriburu guztietan antolatu dugu ekitaldi hau. Eta baita herri txikiagoetan ere: Aramaion [Araba], Zubirin [Nafarroa], Zarautzen [Gipuzkoa], Hendaian eta Donibane Lohizunen [Lapurdi], besteak beste. Zerrenda oso luzea da». Belaskok aurreratu duenez, datozen deialdiak Araban eta Lapurdin izango dira. 

Zarikete

Zallako inguruetatik ibiliko dira bihar 25 marrazkilari, begien aurrean daukatena papereratzen. Belaskok iragarri du gonbidatu berezi batek hartuko duela parte: «Ni Artzentalesekoa naiz, han bizi naiz, eta noizean behin Enkarterriko herrietan antolatzen ditut Sketchcrawlaren aldiak. Hau da hemen egingo dugun hirugarrena. Kasu honetan, gurekin egongo da Iosu Gallarreta, Zallako antropologoa. Hari ere ekitaldi hau interesgarri egiten zitzaion, eta begirada bat egiteko egongo da, gure ekitaldiaren inguruan egon daitekeen eremua marrazteko eta ulertzeko»

Herria inguratzen duten hainbat tokitatik igaroko dira marrazkilariak, aldez aurretik pentsatutako ibilbide batean. «Ibarraren ezaugarriak ezagutzeko hiru puntu ezberdinetan marraztuko dugu», azaldu du Belaskok. Arangurengo paper fabrikaren aurrean hasiko dute ekitaldia irudigileek, Kolitza, Zipar eta Eretza mendi tontorrak ikusten diren lekuan. «Toki hori ezinbestekoa da gure inguruko garapen ekonomikoa eta soziala ulertzeko», haren ustez.

«Erraldoi honen aurriak eskatzen duten arreta eta merezi duten zaintza aldarrikatuko dugu, Ametzaga auzoa atzeko planoan agertzen zaigun bitartean». Ibilbidea deskribatzen jarraitu du Sketchcrawlaren aurtengo aldiaren antolatzaileak. Hortik Ibarraraino mugituko dira, tokiko produktu esanguratsu baten inguruan ikastera: «Bertan, Zallako tipulari buruzko azalpenak emango dizkigu Alicia Txabarrik, gaur egun dagoen ekoizleetariko batek, eta lan horretan diharduten emakumeen ordezkari bezala».

«Proposamena zen herri mailan egitea, eta hori da gure berezitasuna: Euskal Herria hartu dugu eremu modura».
GORKA BELASKO Sketchcrawl taldeko kidea

Inspirazioaren bila eta Zalla inguratzen duen eremua ezagutzen segituko dute bidea irudigileek. «Ibarrako eta Bolunburuko zubiek mugatzen duten zatian, nekazaritza, dorretxeak, Erdi Aroko baserriak, XVIII. mendeko burdinola, XIX. mendeko paper fabrika eta jabeen higiezin bereziak izango dira jarduera honetan parte hartuko duten pertsonen oihalak inspiratuko dituzten objektuak».

Atsedena hartzeko astia ere izango dute marrazkilariek. Bazkaria Putxeraren Kofradiak prestatuta izango da: indarrak berreskuratzeko, babarrunak jango dituzte Zallako Artebizkarra auzoan, 14:30ean. 

Horren ostean, Euskal Herriko Sketchcrawlaren deialdiari izena ematen dion lekua bisitatuko dute parte hartzaileek: San Pedro Zarikete eliza. Zehazki noiz eraiki zuten jakin ez arren, XVI. mendekoa baino askoz zaharragoa izan daitekeela aditzera iradokitzen dute aztarna batzuek. 

Zallako San Pedro Zarikete baseliza. GORKA BELASKO

Zariketeren inguruan, Patxi Garcia de la Torre arkitektoak «multzoaren ezaugarriak eta berriztapenaren nondik norakoak» azalduko dizkie marrazkilariei. Baseliza marrazteko azken tokia izango da, 16:30ean. Bi ordu geroago, 18:30ean, partaideen argazkiak egingo dituzte, eta amaiera emango diote 83. Sketchcrawlari. Hurrengoan, Araban elkartuko dira Euskal Herriko marrazkilariak. 

EGITARAUA

10:00. Nikolas Maria Urgoiti kalean elkartuko dira parte hartzaileak, eta Arangurengo paper fabrikan emango diote hasiera Sketchcrawlaren 83. aldiari.
12:00. Ibarran, Alicia Txabarri tipula gorri ekoizleak Zallako barazki esanguratsu horren inguruko solasaldi bat emango die marrazkilariei.
12:30. Cadagua ibaiaren ondotik ibiliko dira parte hartzaileak, Zallako inguruak ezagutzen eta marrazten.
14:00. Murga jauregiko lorategiak bisitatuko dituzte.
14:30. Artebizkarra auzoan bazkalduko dute, Putxeraren Kofradiaren eskutik.
16:30. San Pedro Zarikete baselizara joango dira marrazkilariak, Patxi Garcia de la Torre arkitektoarekin; ibilbidearen azken geldialdia izango da.
18:30. Taldeko argazki batekin emango diote amaiera ekitaldiari.