Motorrak berotzen hasi dira

Motorrak berotzen hasi dira

​Errepidearen ertzean jarri, eta oihuka eta algaraka animatzen dute auto bakoitza zale ugarik. Zenbat eta abiadura handiagoarekin igaro, orduan eta gehiago gozatzen dute ikusleek. Rallyetarako afizio handia dago Bizkaian; Busturialdean, bereziki. Urtebetez rallyrik antolatu gabe egon eta gero, I. Urdaibai Rallya antolatu du Urdaibai Motorsport taldeak. Joan den urtarrilean sortu zuten elkartea, eta bihar egingo dute euren estreinako lasterketa.

Urdaibai Motorsport sortu eta berehala izan zuten argi taldekideek lasterketa bat antolatuko zutela, Eneko Fuentes elkarteko presidenteak kontatu duenez: «Taldearen lehenengo urtean auto lasterketa bat antolatu nahi genuen, nahi eta nahi ez. Hasieran, rallysprint bat egitea zen gure asmoa, antolatzeko merkeagoa eta errazagoa zelako, jende gutxiagoren laguntza beharko genukeelako… baina Bizkaiko federazioak urteko egutegia kaleratu zuenean, halako zazpi edo zortzi zeudela ohartu ginen. Egun, rally gutxi daudenez, rally bat antolatzen saiatzea erabaki genuen, eta, hala, martxan hasi ginen».

Gerora, baina, prozesua «luzea eta zaila» izan dela aitortu du Fuentesek: «Urtarriletik hona astero-astero ibili gara bilerak egiten guztia antolatzeko: baimenak eskatu behar izan ditugu, udalekin hitz egin, ibilbideak zehaztu, Ertzaintzarekin bilerak… Lan asko dago auto lasterketa baten atzean».

«Ikusleei rallya ahal beste hurbildu gura izan diegu: auzoetatik eta Gernikatik erraz iristeko moduan pentsatuta dago. Parte hartzaileentzako zein ikusleentzako erakargarria izatea izan da gure helburu nagusia».
ENEKO FUENTES Urdaibai Motorsport elkarteko presidentea

Denera, bi atal izango ditu ibilbideak. Goizean izango da lehenengoa, eta bazkalostean, bigarrena. Horietako bakoitzak hamabost kilometro inguru hartuko ditu, eta parte hartzaileek erlojupeko sei sektore egin beharko dituzte.

Gernika-Lumo inguruan izango dira bi ibilbideak, nahita. «Ikusleei rallya ahal beste hurbildu gura izan diegu: auzoetatik eta Gernikatik erraz iristeko moduan pentsatuta dago. Pilotuentzat ere, tarte interesgarriak izatea espero dugu, eta, horretarako, leku tekniko, baserri bide eta sektore berriak prestatu ditugu. Parte hartzaileentzako zein ikusleentzako erakargarria izatea izan da gure helburu nagusia».

Mendatatik Arratzura egingo dute goizeko lasterketa: Aristietan hasiko dira, eta, handik, Estillotza, Berrekondo eta Lamikiz auzoetatik igaroko dira, Mendatara helduz. Gerora, Marmiz, Zarrabenta eta Ibartxu auzoak pasatuta helduko dira Arratzura.

Bazkalostean, berriz, Gernika, Errigoiti eta Muxika zeharkatuko dituzte. Gernikatik Lumora joko dute, eta handik Zallobantera. Fuentesen arabera, Errigoitin egongo da ibilbideko «zatirik bereziena»: Rallyfestgunea jarriko dute. Uritik Idibaltzagako muinora harbidezko pasarte batetik igoko dira. Gernikarako errepidera bueltatuta, Arribaltzan egongo da rallyko tarterik estuena, Santa Luziaraino, eta handik Muxikako Arane auzoraino iritsiko dira. Helmugarako bidea «ikusgarria» izango dela iragarri dute arduradunek: «Harri txintxarrezko aparkaleku batetik igaroko dira parte hartzaileak, eta bertan ikusle asko biltzea espero dugu, tronpoak egiteko gune oso aproposa baita».

Lasterketa iluntzerako amaitzea espero dute antolatzaileek, eta, segidan egingo dute sari banaketa, Merkurion. Euskadiko Rally Txapelketarako proba puntuagarria izango da lasterketa, baita Pirelli Koparako, 206 Koparako eta Euskadiko Junior Txapelketarako ere. 

«Azken urteotan pixka bat baztertuta egon bada ere, rallyetarako afizio handia dago Busturialdean. Talde moduan, gauzak antolatzen jarraitzea da gure erronka, sare bat osatzea eta hazten jarraitzea».
ENEKO FUENTES Urdaibai Motorsport elkarteko presidentea

Halako mailako lasterketa bat antolatzeko, dirua ezinbestekoa dela azpimarratu du elkarteko lehendakariak. «30.000 eta 35.000 euro arteko aurrekontua du, gutxi gorabehera». Kopuru horren erdia elkarteak berak jarri du, eta, gainerakoa, laguntzaileei esker lortu dute: «Horietako asko izan dira herrietako negozio eta enpresari txikiak; oso eskertuta gaude».

Rallya bihar izango bada ere, Urdaibai Motorsport elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu gaurko ere. Eguerdian hasita, umeentzako erakustaldia egingo dute Muxikako Urretxindorra herri eskolan. «Umeak kirol honetara hurreratzea gura dugu», esan du Fuentesek: «Gure zaletasuna zein den erakutsiko diegu etxeko txikienei: rally bat zer den, zer-nolako segurtasun neurriak dituen, zer egiten dugun… Gure afizioa haiei sustatzen ahaleginduko gara».

Iluntzeko zortzietan, berriz, rallyaren irteera ekitaldia egingo dute Gernika-Lumoko Adolfo Urioste kalean, DJ baten musikak girotuta. Haren ondotik, Astrako aparkalekuan elkartuko dira parte hartzaile guztiak. 

Aspaldiko zaletasuna

Sortu berria da Urdaibai Motorsport taldea: joan den urtarrilean eratu zuten elkartea. Fuentesek, baina, nabarmendu du «aspalditik» daudela mundu horretan sartuta elkarteko kide gehienak: «Taldea osatzen dugun gehienok urte dezente daramatzagu auto lasterketetan parte hartzen, lehiakide zein antolatzaile moduan». Urte horietako guztietako bizipenak oinarri hartuta eratu dute taldea, beraz: «Gure zaletasuna eta esperientzia abiapuntutzat hartuta erabaki genuen elkartea sortzea. Era berean, Busturialdean automobilismoa sustatzen jarraitzea bada asmoa».

Orain gutxira arte, Gernika-Lumoko Rallya antolatzen aritu da Gernika Racing elkartea, eta horien lana azpimarratu nahi izan du Fuentesek: «Sekulako lana egin dute: ia 30 urtez antolatu dute rallya Gernikan, eta Urdaibai Motorsporteko kide gehienok ere laguntzaile lanetan aritu izan gara».

Elkartearen hastapenetatik izan du harrera ona taldeak: hamazazpi gidari zein kopilotu eta 50 bazkide inguru dira, oraingoz, elkarteko kide.

Elkarteak zein rallyak eskualdeari «onura kultural eta ekonomiko handia» ekarriko diola uste du Fuentesek: «Oraingoz, biharko lasterketa ondo ateratzea da gure lehentasuna, ikusleak zein parte hartzaileak gustura geratzea». Aurrera begira, berriz, lanean jarraitzeko asmoa dute: «Azken urteotan pixka bat baztertuta egon bada ere, rallyetarako afizio handia dago Busturialdean. Talde moduan, gauzak antolatzen jarraitzea da gure erronka, sare bat osatzea eta hazten jarraitzea».