Gernika-Lumoko Sarek ondorioztatu du kartzelak kalte egiten diola zaintzari

Basauriko espetxea, artxiboko irudi batean.

Atzoko greba feminista orokorrak zaintzak erdigunean hartzea izan du xede. Ildo beretik jo du Gernika-Lumoko Sarek ere: kartzelak zaintzan duen eraginaren inguruan hausnartzeko dei egin du plataformak. Horretarako, Zaintza eta kartzela: eztabaidarako materiala txostena plazaratu du. Sare herritarraren arabera, «aspaldi eguneratzeko beharra zuten eremuak» landu dituzte azaroaren 30eko grebaren harira gizarteko hainbat eragilek. Horien artean daude euskal presoen zein haien familien egoerak ere, Sareren iritziz; «errealitate ezezaguna», plataformaren arabera.

Materialaren xedea «mugimendu feministak planteatutako zaintza ardatzari» haien lan eremutik ekarpena egiten «saiatzea» dela dio Sarek. Hala ere, «lehen pausoa» da materiala soilik, uste baitute oraindik «lan handia» geratzen dela. Izan ere, euskal presoen sakabanaketa politika bukatu den arren, haiek oraindik «salbuespen neurriak» dituztela esan du Ibon Meñika Gernika-Lumoko Sareko kideak. Egoerak espetxeak sortzen duen kanpoko bizitzarekiko distantzia handitu egiten du. Hori dela eta, euskal presoek espetxetik kanpo dagoen erreferentziazko pertsona bat behar dutela dio Sarek, «haien zein haien ingurukoen zaintzaz» arduratzen dena.

Pertsona hori ez balute izango, «haien bizitza aurrera eramatea oso zaila» izango luketela iritzi dio Meñikak. Presoen zaintza, gizartean gertatzen diren beste hainbeste bezala, «ikusezina» da, eta haien familiako emakumeen esku geratzen da «gehienetan». Mugimendu feministak aldarrikatu du zaintzari era kolektiboan erantzun behar zaiola. Sarek uste du aldarrikapena espetxeen testuingurura ere ekarri behar dela. Meñikaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumenak izatea, zaintzen kolektibizazioari erantzuteko bidea izan daiteke Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: «Duela bi urtetik bestelako espetxe politika bat gauzatzeko aukera dugu EAEn. Zaintzari era kolektiboan erantzuteko tresna izan daiteke Eusko Jaurlaritzak espetxeen eskumena izatea».

Txikienei eraginik handiena

«Tartean umeak egonez gero, zaintzaren beharra are handiagoa da, eta zaintzaz arduratzen den pertsona horren lan karga handitu egiten da», dio Meñikak. Espetxe politikek, batez ere, «ankerkeriaz» egindakoak, «etxeko txikienengan eragin zuzena» dutela nabarmendu du. Are gehiago, euskal presoen egoera hobetu egin den arren, haien seme-alabena ez da guztiz konpondu: «Sakabanaketa bukatu eta haurrek milaka kilometro egiteari utzi dioten arren, haur horien eskubideak ez daude ehuneko ehunean ziurtatuta». Hori dela eta, mugimendu feministak planteatutako zaintza kolektiboen «dimentsio orokorrean» presoen seme-alabak sartu beharko liratekeela uste du Meñikak.

Umeon zaintza ere kolokan egon daiteke, Sareko kidearen esanetan, «zainduak izateko eskubidea» ez baita guztiz errespetatzen haur horien kasuan, gurasoetako bat ezin baita egon haiekin. Lan guztia familiako beste kideen gain geratzen da. Kide horiek, askotan, presoek dituzten erreferentziazko pertsonak dira. Kasu honetan ere, beraz, «zaintzak emakumearen aurpegia du».