Etxanobek ekonomia “indartu” nahi du, “kohesioa bermatzeko”

Etxanobek ekonomia “indartu” nahi du, “kohesioa bermatzeko”

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaia denontzat lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak agintaldirako plana ondu du. Datozen lau urteetan bultzatuko dituzten 120 egitasmok osatzen dute, sei ardatz nagusitan banatuta: ekonomia, gizarte kohesioa, ingurumena, nortasuna, lurralde oreka eta foru aldundia. Guztira, 1.900 milioi euroren inbertsioak egingo dituzte. Besteak beste, iragarri dute teknologia kuantikoak bultzatzeko polo bat eta ikus-entzunezkoentzako beste bat sortuko dutela eta Urdaibaiko Guggenheim museoa eraikiko dutela. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiaren esanetan, “helburua da ekonomia indartzea, zerbitzu publikoak hobetzeko eta kohesioa bermatzeko”. Aurreko gobernuak egindakoari jarraipena emango diote, “Bizkaia aurreratutako gizartea delako eta bizitza kalitate handia duelako”. Hala ere, “hobetu” daitekeela esan du.

Joan den eguenean aurkeztu zuen Etxanobek plana, Bilboko Foru jauregian, eta, barikuan, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Asteon, diputatuak batzordeetan ibili dira, sailez sail dituzten asmoak azaltzen. EH Bilduko batzarkide Iker Casanovari ez zaio gustatu jarraipena izatea plana, “politika okerrak direlako”. “Industriaren indarra berreskuratzeko neurriak” falta direla uste du. PPko Raquel Gonzalezek salatu du neurriak “bakar batzuentzat” direla. Elkarrekin Bizkaiako Eneritz Madariagak txarretsi du duela zortzi urte diseinatutakoari eustea, “Bizkaian eta munduan testuingurua aldatu” denean.

Ekonomia

Etxanoberen esanetan, “soilik ekonomia indartsu batekin hobetu daiteke bizitza kalitatea”. Horregatik, ekonomia sendotzeko hainbat neurri hartuko dituzte, planaren arabera. Bilboko BAT dorrea garatzen jarraituko dute, bigarren eta hirugarren faseekin. Bizkaia Quantum Industrial Hug teknologia kuantikoen inguruko poloa martxan jarriko dute. Bilboko Zorrotza muturrean ikus-entzunezkoen polo bat sortuko dute, industria hori bultzatzeko; tokiko ekoizpenei lehentasuna emango diete. Bikaintasun Zentroen Sarea eratuko dute; haren parte izango da, besteak beste, Energy Intelligence Center. Talentua mantendu, eta erakarri nahi dute, hainbat programarekin; kanpotik etorritakoek ostatu hartzeko Talent House delakoa eraikiko dute Zorrotzaurren. Ekintzailetza Eskola berria ere bultzatuko dute.

Kanpoko inbertsioa erakartzeko lan egingo dute; besteak beste, ekitaldi handiekin: Bilbon jokatuko dira 2024ko UEFA Women Txapeldunen Ligako finala eta 2025eko UEFA Europa Ligako finala. Turismoa, merkataritza eta lehen sektorea indartzeko hainbat programa bultzatuko dituzte. Zerga politika berritzeko konpromisoa hartu du Etxanobek, “eraginkortasunaren, ekitatearen eta nahikotasunaren ikuspegitik”. Ekonomia Ituna defendatu eta sustatuko duela ere esan du.

Gizarte kohesioa

Mendekotasuna dutenei etxean jarraitzen laguntzeko EtxeTIC zerbitzua hedatuko dute, Zallan, Mungian eta Basaurin zentroak irekita. Egoitzetan, bizikidetza unitateak sortuko dituzte, eta Sestaon eta Abadiñon egoitza bana eraiki nahi dute. Mendekotasuna duten adinekoentzako erreferentziazko eskualde zentro berri bi egokituko dituzte: Leioan eta Gernika-Lumon. Getxoko belaunaldien arteko zentroa eraikitzen hasiko dira. Muxikan egingo dute ezinduentzako zentro berria, planak dakarrenez.

Sexu indarkeriaren biktimentzako krisialdi eta suspertze integralerako zentro bat ere sortuko da. Gizarte babesik ez duten pertsona kalteberei arreta eskaintzeko COTA 0 proiektua ipiniko dute martxan. 45 urtetik gorakoak, gazteak eta luzaroko langabeak produkzio sarean sartzeko laguntza ibilbideak sortuko dituzte. Adingabe babesgabeentzat egoitza baliabide berriak eskainiko dituzte. Abusuen biktima diren adingabeentzako arreta programa esperimentala probatuko dute, Islandiako Barnahaus ereduan oinarrituta. Bakardadearen aurkako estrategia ondu gura dute. Baita garapen komunitarioan oinarritutako politikak bultzatzeko jarduera esparru bat ere.

Ingurumena

Bizkaia berdea du izena hirugarren ardatzak. Etxanobe ahaldun nagusiak esan du jasangarritasun energetikoari lotutako neurriak aplikatuko dituztela eraikinetan eta bere ibilgailuetan; Bizkaibuseko autobus elektrikoen kopurua handituko dute, eta garraioaren aldeko deskarbonizazioaren aldeko apustua egingo dute, joan-etorri laburretan bizikleta gehiago erabiltzea erraztuz. Berbarako, itsasadarraren inguruko udalerrietan Bizkaibizi bizikleta elektrikoak alokatzeko zerbitzua jarriko dute martxan. Herrien arteko bidegorrien sarea ere zabalduko da, itsasadarreko bulebarra eraikiko da, baita Erandio eta Barakaldo arteko oinezkoentzako zubia ere.

Industriak hondatutako inguruak lehengoratzeko plana abiatuko dute. Hondakinen kudeaketan “punta-puntako politika” bultzatuko dutela iragarri du diputatu nagusiak; besteak beste, ezagutza eta berrikuntza zentro bat sortuko dute arlo honetan.

Nortasuna

Bizkaiko kultura, ondarea eta tradizioak zabaltzea eta ezagutzera emateko hamalau jarduera jaso ditu diputazioaren planak, Bizkaia nortasun propioarekin lelopean. Arlo honetan, proiektu nagusia Guggenheim museoa Busturialdera hedatzea izango da; Jon Bidarte museoko zuzendariak aitortu du oraindik proiektua bultzatzeko baimenak falta dituztela. Horrez gainera, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoak handitzeko lanak bukatu nahi dituzte agintaldi honetan.

Labar arteari eskainitako azpiegitura berri bat eraikiko dutela iragarri du Etxanobek; Unai Rementeria aurreko ahaldun nagusiak aitortu zuen egin gabe utzi zituenen artean “pena handiena” eman ziotenetako bat izan zela. Arratian, Arteagako Musiktopa —musika ondareari eskainitako interpretazio zentroa— eraikitzeko lanak ere abiatuko dituzte. Diputatu nagusiaren esanetan, talentu artistikoari eta kultur eragileei laguntzea dute helburua.

Lurralde oreka

Bizkaiko eskualdeen arteko oreka bermatzeko, garraioa da gakoetako bat, Etxanoberen esanetan. Urrian hasiko dira Bilboko Metroaren 5. linea eraikitzen, Galdakaora eta Usansoloko ospitalera joango dena. Eusko Jaurlaritzarekin, 4.a bultzatuko dute, Bilbo hegoaldeko auzoak zeharkatuko dituena. Bizkaibusen lineak ere aztertuko dituzte, “maiztasunak eta konexioak optimizatzeko”.

Ermuko saihesbidea osatu eta Markina-Xemeingoa eta Las Carreraskoa (Ortuella) eraikiko dituzte. Sollubeko tunelekin eta itsasadarrekoarekin ere hasiko dira foru agintaldi honetan. Bizkaia Orekan Sakonduz estrategia hedatuko dute. Herri Txiki Aukera Handi programa Busturialdera zabalduko dute; aurreko agintaldian Arratian eta Mungialdean probatu zuten.

Foru aldundia

Diputazio”indartsu, hurbil eta modernoa” gura du Etxanobek. Herritarren arreta hobetzeko, Gertu bulego berriak eraikiko dituzte. Aldundiaren Interneteko atariaren bidez ematen dituzten zerbitzuen diseinuan ere parte hartu ahal izango dute herritarrek. “Bizkaiaren eraikuntzan herritarren parte hartzea bultzatuko dugu, Eztabaida Foroak bezalako tresnak bultzatuz eta aurrez aurreko topaketan antolatuz, foru aldundiko kargudunok gure gobernu ekintzaren berri emateko”, adierazi du. Topaketak planaren betetze maila ebaluatzeko ere balioko dute. Diputazioak ere Bizkaia.eus atarian urtero txosten bat argitaratuko du, autoebaluazioaren berri emateko.