Oholtzaratzea besterik ez da falta

Oholtzaratzea besterik ez da falta

Naroa Torralba Rodriguez

Domekan hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian, eta 25. aldiz egongo da jokoan txapela; egun, Nerea Ibarzabalen buruan dago. Urriko igande guztietan eta Domu Santu egunean izango dira kanporaketak. 36 bertsolari arituko dira, sei saiotan, eta bakoitzeko irabazleak puntu gehien batu dituzten gainontzeko bost bertsolariekin batera igaroko dira finalaurrekoetara. Azaroko azken hiru zapatuetan jokatuko dira finalaurrekoak, eta orduan 2021eko finalean kantatu zuten zazpi bertsolari batuko dira txapelketara. Finalaurreko bakoitzeko irabazleak finalera sailkatuko dira zuzenean, eta gainontzeko bostak, puntuazioaren arabera. Abenduaren 16an izango da finala, Bilbon. Salgai daude dagoeneko saio denetarako sarrerak.

Txapelketaren atzeko lanean aritzen da Ione Narbaiza, eta “gogotsu eta ilusioz” topatzen du talde antolatzailea, txapelketa hasi bezperetan: “Baina, ohikoa den moduan, apur bat urduri ere bagaude. Azkenengo gauzak errepasatzen, eta lekuetatik eta aretoetatik eta azkenengo itzuliak egiten. Ondo, hasteko gogoz”.

Aurreko txapelketarekiko bi alde nabarmen egongo dira aurten. Lehena izango da jada ez dela osasun larrialdi baten menpe egingo. Bigarrena, 29 urteko batez besteko adina dagoela bertsolarien artean. Narbaizak zehaztu du, gainera, kopuru “oso-oso handi bat” dela 26 urte azpiko bertsolariena: “19, 20, hogeita-gutxi urteko asko datoz, eta hori guretzat oinarriko lanaren seinale da, bertso eskoletan egiten den lanarena”.

Transmisioaren katea

1983an sortu zuten Bizkaiko elkartea, orain 40 urte. Hasieran, beste izaera batekin sortu zela azaldu du Narbaizak, hastapenean ikasleen elkartea baitzen: “1993an, handik hamar urtera bihurtu zen orain ezagutzen duguna. 1983an bertso eskola batzuk hasi ziren elkartzen, eta gero bertsozale elkartea izango zenaren hazia sortzen. Hasiera-hasieratik oinarri nagusietako bat izan da transmisio beharra, eta, bereziki, hezkuntzan egiten den lana; fruituak eman ditu”.

Bertsolaritza batzuek etxetik jasotzen dute, eta beste batzuek, ez. Elkartearen lana transmisioa betetzea eta denengana heltzea dela zehaztu du Narbaizak: “Horretarako, Bizkaiko ia-ia ikastetxe guztietara heltzen gara, eta ia ume guztiek jasotzen dute bertsolaritzaren berri; batez ere, hitzarekin jolasteko aukera hori”.

Txapelketa gazteagoa eta irekiagoa izango da aurten, ez dutelako aurreko aldiko finalista denek errepikatuko eta izango delako aulki jokorik. Narbaizak azpimarratu du, ordea, horrek ez duela esan nahi finalista izandakoek ziurtatuta daukatenik finala, “ezta gutxiago ere”: “Zortzi leku daude finalerako, baina denek kantatu beharko dute aurretik, eta ahalik eta ondoen egin”.

Irailaren 20an egin zuten aurkezpen jaia parte hartzaile denek, Bilboko Kafe Antzokian. “Aurpegi ezagun asko batu ziren. Urduritasuna nabari zitzaien: gero, bertsolari bakoitzak bizi duena, norbere esperientzia pertsonala izaten da”, esan du Narbaizak.

Domekan, Mungian

Bertsolariez gain, epaile eta gai jartzaile talde bana dago txapelketan. Astean behingo maiztasunez bildu dira luzaroan, eta hala segituko dute txapelketak iraun bitartean. Narbaizak aipatu du “lan gogorrak” direla, “txapelketa testuinguru batean delako eta egon behar delako oreka bat, bertsolari denei baldintza berdinak eskaintzeko”. Bertsotan zerbait esateko tartea ere utzi beharra gaineratu du.

Domekan, Mungiako Olalde aretoan arituko dira, 17:00etan, Araitz Katarain, Izaro Bilbao, Koldo Muñiz, Mikel Goiriena, Peru Vidal eta Txaber Altube. Gainontzeko kanporaketak Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition izango dira.