Amaia Igartua Aristondo
Komikia da, bere ertz eta xehetasun denekin: bineta klasikoak, bide berriak, ortodoxoak eta esperimentalagoak, Japoniako joeren oldea. Horiek denak egongo dira Getxoko Komiki Azokaren aurtengo aldian, 21.ean. Amaia Agirre herriko alkateak komikiaren ekarpenak aletu zituen asteartean, egitasmoaren aurkezpenean: haren irudiko, komikiak badu balio artistikoa eta kulturala; bada, modu berean, euskarri eraginkor bat irakurleak —batez ere gazteak— erakartzeko testura eta irudietara; bada pedagogiarako tresna ona; eta bada, halaber, garai eta publiko mordo batera egokitzeko gai den euskarri bat. Gaurtik igandera bitartean, askotariko jarduerak izango dituzte eskura komikizaleek Getxon, adituek zein interesdunek; denak doakoak.
Iaz, saltokiak Santa Eugenia plazan kokatu zituzten, eta ohiko tokira itzuliko dira aurten: Areetako Geltokia plaza berrituan berrogei erakustoki kokatuko dituzte; han bilduko dira argitaletxeak, liburu dendak, aldizkari espezializatuak eta hainbat egile, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara —igandean, 20:00etan itxiko dituzte—. Gainerako ekintzetan ere autore andana bat ezagutzeko aukera izango da —Romo kultur etxean egingo dituzte jarduerok—.
Esate baterako, komiki azokak bi egile omenduko ditu aurten: Ana Miralles madrildar ilustratzailea eta Mikel Begoña bilbotarra, “euskal gidoigilerik aitortuena nazioartean”, Borja Crespo azokaren antolatzailearen arabera. Gaur, Begoñak bere lan berria aurkeztuko du, Iñaketekin batera ondutako Nola egin komiki bat? Hiru etxe Santa Monikan (Harriet, 2023), 18:00etan. 19:00etan sari banaketa izango da, eta omenduek hitzaldiak emango dituzte ondoren. Eta bihar ere Romo kultur etxean izango dira biak, 12:00etatik aurrera, sinatzen.
Cresporen hitzetan, ahalegintzen dira ibilbide luzeko autoreak eta aurretik azokan egondakoak uztartzen egile berriekin, hauspoa hartzen ari diren horiekin. Hori horrela, askotariko izenak eta ibilbideak batu dituzte. Crespok horietako batzuk nabarmendu ditu. Pedro Cifuentes, esaterako. “Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Getxon, eta komikia pedagogiarako erabiltzen du, Historia irakasteko”. Natacha Bustos ere egongo da, zeinak lan egin baitzuen Marvel enpresarentzat, baita Borja Gonzalez ere, Espainiako Komiki Sari Nazionalaren aurtengo irabazlea.
Manga, protagonista
Hitzaldietan, askotariko gaiak jorratuko dira, hala nola adimen artifiziala, egile eskubideak eta Japoniako kultura Euskal Herrian hartzen ari den hauspoa. Horren harira, mangak aurten izango duen protagonismoa nabarmendu zuen Crespok aurkezpenean. Kasurako, etzi, 13:00etan, Hayao Miyazaki anime zuzendari sonatuaren inguruan solastatuko dira Amaia Arrazola, Shaun Elay, Patricia Millan eta Oriol Estrada, eta ekialdeko binetez eta kulturaz ariko dira bihar Arrazola, Estrada eta Julia Cejas.
Liburu aurkezpenak ere egongo dira. Adibidez, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak eta Susanna Martin ilustratzaileak beren Surflaria lanaz (Ikastolen Elkartea, 2023) hitz egingo dute bihar. Eta tailer mordo bat ere egingo dute. Etzi, komikian hasteko gakoak xehatuko ditu Amaia Ballesterosek, euskaraz eta gaztelaniaz; animalia fantastikoak pintatzen irakatsiko du Amaia Arrazolak, eta superheroiak Natacha Bustosek. Jarduerok Shaun Elayren erakusketa batekin jantziko dituzte: Komikia eta artea negatiboan: iluntasunetik argira. “Negatiboan ilustratzen du, zuzenean. Irudiak sakelakoarekin ikusi behar dira, filtro batekin”, Cresporen arabera.