Mugikortasun jasangarriagoa lortze aldera, EGE emisio gutxiko eremuak dira hiriak garatzen ari diren estrategietako bat. Klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren legeak arautzen ditu (2021. urtean onartu zen). Sara Soloaga Naiderreko ingurumen zientzialariak xehatu ditu gakoak.
Zer dira EGEak? Gune batzuk dira, non ibilgailuen sarbidea, zirkulazioa eta aparkatzea mugatzen den. Administrazio publikoak du horretarako eskumena: zehazki, udalerriek. Autoak emisio mailaren arabera sailkatzen dira, etiketa batzuk erabilita; etiketen arabera ezartzen dira mugak.
Zein da helburua? Soloagaren arabera, “modu asko daude eremuak mugatzeko”, baina, oro har, bi helburu nagusi dituzte EGEek: airearen kalitatea hobetzea eta berotegi efektuko gasen emisioa murriztea. “Horiez gain, beste batzuk ere sustatu nahi dituzte, legearen arabera: kalitate akustikoa hobetzea, garraio jasangarriagoetara aldatzea edota eraginkortasun energetikoa sustatzea”.
Zein dira baldintzak? EGEak derrigorrezkoak dira bi kasutan: 50.000 biztanletik gorako udalerrietan; eta 20.000tik gorakoetan, baldin eta 2011ko airearen kalitatearen inguruko dekretuan ezarritako kutsatzaileen mugak gainditzen badituzte.
Bizkaian ezarriko al dira? Bai. Bizkaian, hiru udalerri daude derrigortuta —kasu denetan, 50.000 biztanle baino gehiago edukitzeagatik—: Bilbo, Barakaldo eta Getxo. Hiruretako batean ere ez dira indarrean jarri, ordea. “Espero da urte amaierarako Bilbokoa behintzat martxan jartzea”.
Zer tramite egin behar dira? Soloagaren arabera, eremuon helburuek objektiboak izan behar dute: alegia, kuantifikatu behar da nola espero den hobetzea airearen kalitatea, eta zenbat murriztuko diren emisioak. Hortaz, aurretik azterketak egin behar dira: besteak beste, “trafikoa karakterizatu egiten da, ikusteko zer ibilgailu mota dauden, zein urtetakoak diren, zenbat emititzen duten, eta ikusteko trafikoa nolakoa den, nondik sartzen den, eta zein diren fluxuak”. EGEak izango duen inpaktu sozioekonomikoa ere aztertu behar da.
Bilbon, zer? Hiriburuan bukatzear da trafikoaren azterketa, Nora Abete Mugikortasun zinegotziak astelehenean adierazi zuenez, Bilboko Burtsan EGEen inguruan egindako mahai inguruaren aurretik. Azkeneko urtean, 100.000 neurketa inguru egin dituzte hiriko hamahiru puntutan. Atzeman dute ibilgailuen ia erdiek ez dutela etiketarik, edo B izendapena dutela (alegia, kutsatzaileena).
Oinezkoei eragiten die? Soloagaren hitzetan, ibilgailu pribatuen kopurua txkitzea da jomuga. “Mugikortasun jasangarriaren piramidean, oinez ibiltzea dago gorenean”. Eta EGEek sustatu dezakete hori. “Espero da ibilgailuak gutxitzean esparru publikoa bereganatuko dela (bai errepidean, bai aparkalekuetan); horrek oinez ibiltzea sustatzen du zuzenean, eta hiria atseginagoa, inklusiboagoa eta klimatikoki egokituagoa izatea”.