Komunikazioa hobetu gura du foru aldundiak

Hasi da beharrean Bizkaiko Foru Aldundi berria. San Ignazio eguneko harreran, Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak iragarri zuen bere gobernuak Unai Rementeriarenak hasitako bideari jarraituko diola. Baina igarriko dira aldaketak. Besteak beste, komunikazioa hobetu gura du, “herritarrengandik gertuago” egoteko. Helburu horrekin, gobernu kontseilu osteko prentsaurrekoak egingo dituzte ostera, egunez aldatuta. Orain arte, martitzenetan biltzen ziren, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Eguna aldatuta, Jaurlaritzaren itzalpetik irten nahi du diputazioak, eta hedabideetan agertzeko aukera gehiago izan. Leixuri Arrizabalaga Kultura, Euskara eta Kirol diputatua izendatu du bozeramaile, eta hark emango du eguenero gobernuak hartutako neurrien berri.