Etxeko lursaila zeruaren pare jarri, eta museo bihurtu

Etxeko lursaila zeruaren pare jarri, eta museo bihurtu

Naroa Torralba Rodriguez

Londres eta New Dehli artean bizi da Jasone Miranda-Bilbao artista: “Bi hirietan daukat estudio bana, eta batean egiten dut urte erdi bat eta bestean, beste urte erdi bat”. Gurasoak, baina, Arrietan bizi dira, eta etxeak duen lursail zati bat egokitu du Lurrak zerua izan nahi du erakusketarako: “Ideia iaz Indian, Mazecollective Studio Terracen egindako Two moons [Bi ilargi] erakusketarekin sortu nuen; baita Stanislaw Lem idazle poloniarraren Solaris [1961] zientzia-fikziozko eleberrian hartu nuen inspirazioarekin ere. Liburuan, Kevin protagonista bi ilargi dituen alegiazko planeta batera joaten da. Mazecollectiveko terrazaren oihartzuna da Black Maritxu, Arrietako espazioa. Artelanen eta Arrietako paisaiaren isla gainjarri nahi izan ditut”.

Iaz, Eremuak egitasmoaren laguntzarekin egin zuen; aurten, bakarrik. Garrantzitsua deritzo Miranda-Bilbaok artistei askatasun osoa ematea: “Ez nioke sekula esango artista bati zer egin behar duen. Gustu txarrekoa izateaz gain, iraingarria ere badelako. Gonbidatu ditudan artista batzuek elkarrizketa bat sortu dute ingurua eta haien obrak erabilita, baina beste askok, ez. Eta aukera denak daude zoragarri”.

Kaos bete lursail

Black Maritxu izena jarri dio guneari. Obrak lurretik distantzia jakin batera horizontalki jarritako egurrezko plataformen gainean kokatu ditu. Hauek gonbidatu ditu parte hartzera: Ainhoa Akutain, Amaia Gracia, Amaia Molinet, Claudia Lorenzo, Ines Garcia, Irati Retolaza, Izaro Ieregi, Jeleton, Mabi Revuelta, Maider Aldasoro, Miren Barrena, Paula Huarte, Saioa Olmo, Usoa Fullaondo eta Zaloa Ipiña.

Kaosa asko gustatzen zaio Miranda-Bilbaori. Haren obra sortzen duenean edo edozer produzitzen hasten denean, ez zaio gustatzen ideiak eta emaitzak lerro zuzen argi bat izan dezaten: “Hori ez nintzateke ni. Ez dut ideia bat ilustratuko duen lanik bilatzen. Izugarri inpresionista naiz”. Kontrara, pizgarrien inguruan hausnartzea eta pentsatzea asko gustatzen zaio: “Obren itzulpena egitea, hau da, pieza baten deskribapena egitea prosan ez zait bereziki gustatzen. Uste dut ez dela behar. Dena den, ikusten dudanak eragin didanari buruz asko hausnartzen dut. Filosofiko jartzea maite dut”.

Ez ditu denbora tarte luzeak ematen Euskal Herrian, eta bertako artistekin erakusketak ikustera joaten denean egiten du topo: “Ondoren Google erabiltzen dut haien aurreko erakusketak eta egin dituzten lanak bilatzeko”.

jasone miranda bilbaoren erakusketa

Obren hautaketa Miranda-Bilbaoren zaletasun eta interesen araberakoa da: “Nire praktika artistikoaren eta komisariotzaren arteko interesen lotura oso zuzena da, eta asko gustatzen zait lotzea. Adibidez, beti interesatu zaidan alderdi bat da irudiaren eta hiru dimentsioen arteko erlazioa. Ni eskulturaren eremutik nator, baina asko landu dut argazkia. Horregatik, irudietatik hiru dimentsioetara pasatzen den artista bat ikusten dudanean, atentzioa ematen dit. Eta erakusketaren batean pentsatzen hasten naizenean, artista horiez gogoratzen naiz eta kontaktua egiten dut”.

Erantzunak, gainera, ez dira denak baiezkoak izaten: “Badago pikutara bidaltzen nauen jendea, normalean ez dudalako izaten finantzaketarik. Ulertzen dut tartean bitarteko ekonomikorik ez badago lan ez egitea erabakitzen duten artistak badaudela. Errespetatu egiten dut hori”.

Izenburuak ere badu mamia, ez baita ausaz eta dena prest dagoenean jarritakoa: “Izenburuak asko inporta du erakusketan. Pentsa, nik badauzkat sarritan izenburuak buruan bueltaka eta obra bat ala honen moduko erakusketa bat bihurtzen dira urteekin”. Ideiak ez ahazteko teknika modura erabiltzen du izenburuak jartzearena Miranda-Bilbaok: “Izenburua hartu eta etengabe formulatzen ditut galderak ala horri eman diezaiokedan erantzun mota zein izan daitekeen. Behin nahi dudana sorrarazten didanean ekiten diot lana era fisikoan egiteari. Baina ez dut behartzen neure burua. Irteten ez bada, bueltaka jarraituko du, une egokia aurkitu arte”.

jasone miranda bilbao

Zerua eta lurra mugituta

Kasu honetan, izenburua izan zen lehena: “Bigarren aldiz gertatu zait erakusketa bat bukatu eta ideia horrek beste erakusketa bat sortzea. Hau, kasurako. Filmatu egin genuen Mazecollective Studioko plataforma, eta horrek inspiratu ninduen. Antzeko plataforma bat egin dugu hemen ere”. Hamabost metro luze den plataforma bat ekarri du Bartzelonatik Mirandak: “Polikarbonato urdin batez estalita dago, eta ohikoan zuria izaten da. Baina nik zeruaren kolorea izan zezan nahi nuen. Paisaian jarri nahi nuen, eta zerua eta lurra fisikoki mugitu ditut orain, plataforma hori lortzeko. Buruan neukan ideia zen”.

Ideia bakarra etengabe formulatuz eta bueltak emanez lan egiten duela aitortu du Miranda-Bilbaok: “Arraro suerta liteke, baina uste dut nire lan guztien erroan ideia bakarra dagoela. Hori behin eta berriro garatzen dut gero, eta birformulatu egiten dut. Baina ez erantzun. Uste dut ez dagokidala niri erantzunak ematea; ez dut nahi. Galdera da inporta zaidana; uste dut askoz garrantzitsuagoa dela galdera erantzuna baino. Gehiago esaten du galdera batek, eta nire lana, behintzat, hori da: galderari ertz askotatik begiratu eta berriz eraikitzea, etengabe. Jolas bat nola”.

Arrietako Zameza auzoko 52. zenbakian egongo da ikusgai bihar eta etzi. Autobus zerbitzua egongo da Bilbotik zuzenean. Aurretik izena eman behar da Jasonemirandabilbao.com atarian.