Gorbeiako muxarrak, liburuen gotorleku

Gorbeiako muxarrak, liburuen gotorleku

Mikel Garcia Martikorena

Orozkoko Olarte auzoko lehen zenbakian dagoen baserria XIX. mende bukaerakoa izan zitekeen. Baina ez haren aurrealdeagatik edo barnean bizi direnen ohiturengatik, baizik eta ukuiluan haren jabeak dituen lanabesengatik. Bertan bidarerari eraginda dabilen Minerva inprenta bat dago. Hala ere, espazio gehien betetzen duena ez da inprenta, baizik eta hura erabili ahal izateko letra eta zenbakien piezak. Eta mahai andana. Izan ere, El Liron Gris —Muxar grisa— proiektu artistikoaren egoitza da. Gorbeiaren magalean, artistek sortzeko gune bat izateko aukera eskaintzen du.

Eli Perez da Orozkoko baserriko ukuiluan egindako tailerraren buru eta sortzailea. “Liburua ardatz duen sorkuntzarako espazio bat izatea” da helburua, Perezek esan duenez. “Artistak isolatu eta antzinako makinekin lan egiteko espazio atsegina” sortu nahi duela dio. Izan ere, antzinako lanabes horiek dira El Liron Grisen izateko arrazoi nagusiak. Are gehiago, materiala baserrira lehenago heldu zen, hura beste hainbat artistek erabiltzeko aukeraren ideia Lopezen burura baino.

“Kasualitatez kasualitate” sortu da muxarraren proiektua. Iaz hasi zuen prozesua Lopezek, haren osaba zaharrak Boñarren (Espainia) antzina inprimategi bat zuela jakin zuenean: “Txikitatik kiosko bat zuela uste izan dut, baina jada erabilgarri ez dagoen inprimategi bat zuela jakin nuenean, bertako lanabesak baserrira ekartzea erabaki nuen, nik haiekin lan egiteko”.

Lopezek liburuekin eta grabatuekin duen harremana ez da berria. Bonito editorialaren jabea da, eta zenbait urtez Florentzian (Italia) egon zen artea ikasi eta egonaldi artistikoak egiten, betiere grabatu eta idazketarekin lotuak. Han ikasitakoa beste batzuekin partekatzeko unea heldu dela uste du, “tresna aproposenekin, gainera”. Dena den, Perezek ohartarazi du Orozkoko baserrian lan egiteko era ezberdina dela: “Sortzeko prozesu denak artisau lanean oinarritzen dira guztiz. Oso motela da”.

Lanabesak handitzen

Espainiatik ekarritako Minerva-ri beste hiru makina Heidelberg —elektrizitatea darabilen inprimatze makina— gehitu behar zaizkio. Asteon helduko dira Orozkora Bilbotik. Perezek dio makina horiek desagertzeko zorian zeudela, Bilbon zegoen inprimategiak lokala saldu behar zuelako. Hori dela eta, haiek eskuratzea erabaki zuen. Horretarako, baina, “dirutza” jarri behar zuen. Beraz, uztailaren 14tik gaur zortzira arte Verkami plataforman crowfunding kanpaina du abian.

Heidelberg makina

Hasierako helburu bezala 5.000 euroko langa ezarri zuen. Babes handirik ez zuela izango uste zuen arren, aurreneko astean jada lortu zuen helburua. Hala ere, diru hori “ez da nahikoa”: “5.000 euro horiei esker makinak Bilbotik Orozkora ekarri ahalko ditut, baina martxan jartzeko behar den instalazio elektrikoak beste hainbesteko inbertsioa behar du”.

Desagertzear

Perezek ez du gunearen izena ausaz hautatu. Muxar grisak, baserrian duten lanabes orok bezala, istorio bat du atzean: muxar grisak desagertzeko arriskuan dauden Gorbeia inguruko animaliak dira. Perezek azaldu duenez, animalia “egokia” dela iruditzen zitzaion izenerako, horrelako lanabesak erabiltzen dituzten artistak ere “galtzeko zorian” daudelako.

Muxar grisak legez, animalia artistiko horiek etxerik gabe gelditzen ari ziren. Barrutik hutsik dauden pago zaharrak bezala, desagertzen joan dira Heidelberg-ak erabili ahal izateko guneak. “Gainera, muxarrek ordu luzez egiten dute lo; hortaz, izen paregabea dela iruditu zitzaidan, hemen ere gauak lasai-lasai egingo ditugulako”.

Animalia bat aukeratu izanak ere zentzu berezia du. Perezek esan du urteak daramatzala tipografia tailerrak bilatzen eta ezagutzen mundu osoan zehar, eta horien artean garrantzitsuenetarikoa Michuacanen (Mexiko) dagoen El Martin Pescador da, haren esanetan: “Mexikoko tailerrari aipamena egitea keinu polita dela iruditzen zitzaidan”.