A. Igartua Aristondo
Bizkaiko Bertsozale Elkartearen bide orrian “oinarrietako bat” da hezkuntza arautuan egiten den lana, Etxahun Lekue bertsolari eta bertso irakaslearen hitzetan (Larrabetzu, 1979). Datu bat eman du garrantziaz jabetzeko: elkarteak dituen 23 langiletatik, hogei dira bertso irakasleak hezkuntza arautuan. Lekuek 23 urte daramatza behar horretan.
Zer bilakaera izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak hezkuntza arautuan eginiko lanak?
Asko hazi da. Gure proiektua Bilbon hasi zen, batez ere, eskola gutxi batzuetan, eta gaur egun Bizkaiko eskola guztietan gaude, 65etik gora herritan, berrehun eskola baino gehiagotan, 10.000 bat ikaslerekin. Eta baliabideak eta baldintzak asko hobetu dira: hasieran erabiltzen genuen materiala nahiko eskasa zen, apur bat intuiziotik sortutakoa.
Zer ekarpen egin dio lan horrek elkarteari?
Bertsoaren ezagutza zabaltzea ekarri du, batez ere. Oso eremu desberdinetan gabiltza: batzuetan, bertsoak presentzia naturala eduki du; baina beste inguru batzuetan, bertsoa ezezaguna zen, eta orain esan genezake Bizkaiko edozein gaztek badakiela zer den bertsoa, zer den bat-batekotasuna eta badakiela ere bertsotan egiten.
Ikasleen soslaietan ere igarri da aldaketa?
Jendartea aldatu den neurrian, gure ikasleen soslaiak ere asko aldatu dira. Gaur egun, orain dela hogei urte baino etorkin gehiago ditugu eskoletan, familiaren bidez bertsoa ezagutu ez duten umeak ere gerturatzen ditugu gure kultura eta hizkuntzara. Hizkuntza bera ere bada gure lanaren oinarrietako bat: kontziente gara kinkan dagoela, eta ahalegintzen gara bertsoaren bitartez hizkuntza beste era batera transmititzen, ludikotasunean indarra jarriz.
Zein dira egungo eta etorkizuneko erronkak?
Azken urteetan, jabetu gara ahozkoak garrantzi handia daukala gure lan jardunean, eta materialak moldatu ditugu. Guretzat, bat-batekotasuna dago, baina konturatu ginen idatzizkoari ematen geniola garrantzi handia; akaso, gure beldurrengatik. Baina konturatu gara ikasle denak, bakoitza bere neurrian, gai direla inprobisatzeko; emaitzak askoz hobeak dira.