Markel Onaindia
Durango kulturak bizi du han eta hemen. Museoan, San Agustin kulturgunean, Bizenta Mogel bibliotekan, Zugaza zineman, Bartolome Ertzilla musika eskolan, Plateruenean… Durangoko Azokaren eztandatik harago, eguneroko su txiki diren lekuetan. Horietako beste leku interesgarri bat Artekalea da, Andra Mariko elizpea eta Santa Anako arkua lotzen dituen alde zaharreko etorbide historikoa. Izan ere, hantxe kokatu dira artearekin zerikusia duten zenbait espazio, menturaz kaleak erakarriko balitu bezala. Goienkalea eta Barrenkalea bitartean hedaturik, izena kokapen geografikoak eman arren, badirudi denborarekin bigarren zentzu bat bereganatu duela: artearen kalea.
Kalean gora ibilaldia hasita, BiTTArte galerian sartu, eta kolorez jantzitako hormak ageri dira, lehen begi-kolpean. Paisaien argazki handiak daude ikusgai, baita irudi abstraktuak ere. Joxe Amantegi artistaren espazioa da, galeria eta tailerra aldi berean. Hantxe ari da beharrean. Pintura ikasi zuen EHUko Arte Ederren Fakultatean, eta gaur egun elektrografian, argazkilaritzan eta plastika digital abstraktuan dihardu, batez ere. Beste sortzaile batzuen lanak ere baditu erakusgai; Ismael Iglesiasenak, esaterako. Amantegik 2018an zabaldu zuen lokala, eta artetik bizitzea gaitza dela uste duen arren, ideia berri bat du buruan: espazioa kultur ekitaldietarako alokatzea pentsatzen ari da. Aurrez, Victor Arrizabalaga eskultorearen aurkezpen bat antolatu zuten bertan.
Hitzaren etxea
Bideari jarraituz, erakusleiho batek oinezkoaren arreta pizten du. Liburu sorta askotarikoa dago kristalaren beste aldean: Cayo Hueso Oihane Amantegirena (Elkar, 2023), Puta zikinak Amaia Astobizak itzulitakoa (Katakrak, 2022) eta Postal bat desertuan Julen Apellarena (Balea zuria, 2023), besteak beste. Hitz liburu dendan orri usaina nabari da, baso magiko batean bageunde legez. Sarrerako irakurle txokoan, pianoaren ondoan, Jose Julian Bakedano zinemagile eta intelektuala dago jesarrita, eguneroko planean. Solasaldirako beti prest. “Niretzat, lagun arteko klub baten modukoa da Hitz, nobedadeak ikusteko zein tertuliak izateko”, azaldu du. Adibidez, arratsalde ugari pasatu izan ditu bertan Leopoldo Zugaza (Durango, 1932-2022) eta Carmen Miranda (Galdakao, 1937-Durango, 2021) kultur eragileekin. Zugazak zabaldu zuen Hitz, Jesus Astigarragarekin batera, 1976an, eta geroztik erreferentzia bat da eskualdeko irakurle eta idazleentzat. Gaur egun, Gaizka Olabarri da arduraduna. Liburuak hautatzen eta gestioan ematen ditu ordu gehienak. “Birentzako lana dago, baina bakarrarentzako soldata”, esan du. Goizetan Nekane Bereziartuak laguntzen dio. Sorreratik izan da Hitzeko langile Bereziartua, eta, 2011n erretiroa hartzean, erreleboa eman zion Olabarriri. Baina ezin dendara etorri barik egon; bere bigarren etxea da. “Artekalean egiten dut bizitza oraindik ere. Erosketak, ile apaindegia… dena bertan egiten dut”, dio Bereziartuak. Dendaren lehen urteetan Joseba Sarrionandiak orduak pasatzen zituen apal artean; etxeratzean Hitzeko lagunartera ere bueltatu da, eta “ilusio itzela” egin dio Bereziartuari.
Liburuak saldu bakarrik ez, aurkeztu ere egiten dituzte sarritan Hitzen. Sasoi batean, ekitaldien ostean luntxa eskaintzen zuten ondoko Bodeguita del Medion, giro kubatarreko tabernan. Baina zarratuta dago Osvaldo Valdes tabernaria 2021eko martxoan hil zenetik. Artekaleko lagunek haren saltsaren falta igartzen dute.
Hitzen parean arkitektura eta diseinu estudioa dauka Aiert Buruagak. Hango atea tarte batez itxita, liburu dendako lagunengana etorri da. Goizero kafea hartzera joaten dira Bakedano eta biak, eta Olabarri ere bai, Bereziartuari esker atseden hartu ahal duelako. Kafearen bueltan literaturaz, zinemaz eta bestelako arteez berba egiten dute, eta Buruagak eskertu egiten du, inspiratzeko lagungarri zaiolako. Hizketaldian, Bakedanok dio “Durango salbuespena” dela liburu dendei dagokienez, alde zaharrean bertan hiru daudelako: Hitz, Arteka eta Urrike. Olabarriri ondo begitantzen zaio hori, Erdi Aroko kaleen antzera, elkar laguntzen dutelako eta erosleek guztia eskura dutelako. Buruagaren arabera, “kutsu berezia” dauka kaleak, eta, ikusgarritasuna emateko, “gau ireki baten moduko zeozer” antolatzeko ideia bota du.
Sortzaileen elkargune
Udaletxe plaza igarotakoan dago Arteka liburu denda. Atea zeharkatzean abesti lasai bat entzun da, urrunetik datorrela dirudiena. Liburu ontzi txikia ondo betea da. 2008an zabaldu zuten Arteka, eta Maialen Elorzak hamar urte daramatza lemazain. Krisiekin eta pandemiarekin, haizea ez du izan bere alde, baina aurrera egin eta erreferentzia izatea lortu du. Haur literaturaren eta ilustrazioaren arloetako eskaintzak bereizten dute, eta, dendaz harago, elkargune izan gura du. “Espazio eroso bat sortu nahi nuen, konfiantzazkoa, jendearekin eta sortzaileekin harreman zuzena edukitzeko”, dio dendariak. Aterantz begiratu, eta irri bat atera zaio: Leire Vargas idazlea sartu da. Artekak sare sozialetan duen egitasmo batengatik dator: sortzaileek beste egileen lanak gomendatzea. Vargasek aukeratu duen liburua, bere lagun Elena Olave eta Nora Alberdiren EEVEE. “Maialenekin harreman handia dugu”, kontatu du Vargasek. Izan ere, Sorginola gaztetxean jaioriko Ateneoko kideek Berbaz aldizkaria aurkeztu izan dute dendan, eta behin irakurraldi bat ere egin zuten , udal liburutegiarekin elkarlanean. Vargasen iritziz, “literaturari paperetik haragoko bizitza bat emateko lan handia” egiten du Elorzak, eta nabarmendu du horrelako dendek “kritikotasun baterako espazioa” eskaintzen dutela. Ez da kasualitatea hainbeste gazte idaztera animatzea. Txikitatik da Durangoko liburu denden bezero, eta jaso duenetik ematen du orain. Bere lehen liburua, Dena ametsa den irudipena (Elkar, 2021), Hitzen aurkeztu zuen. Poema liburu berri bat prestatzen ari da orain.
Artekan sortzaileen erakusketak ere antolatzen dituzte —Mooneki kolektiboarena dago irailetik aurrera—. Irati Eguren, Iraia Okina, Amaia Asategi, Maite Gurrutxaga, June Baonza, Amalur, Txakur Gorria… ugari pasatu dira orain arte. Artista edo talde bakoitzak lamina bat uzten du bertan, eta sorta horretan behatzen dabil Usue Egia ilustratzaile durangarra. “Arteka leku oso berezia da. Bogan dauden nobela grafikoak bezala, autoekoitzitako materialak ditu, sortzaile ezezagunen laminak… Zer ondo Durangon hori eskura egotea”, esan du Egiak. Ura leporaino (Denonartean, 2022) liburua sinatzen egon zen Artekan, Durangoko museoan aurkeztu ondoren. “Herriko liburu denda batean zure liburua sinatzeko aukera edukitzea, jendea hurbiltzea…; egun hori ez dut ahaztuko. Neguan liburu dendak ematen dizun berotasuna igartzen zen”. Marrazki izeneko tailerra zabaldu berri du Durangon, bi pasio uztartzeko: sormena eta hezkuntza.
Elorza aurrera egiteko gogotsu dago. Inguruan hiru liburu denda egon arren, uste du osagarriak direla, independenteak izanik, nortasun propioa dutelako. Gainera, azaldu du Durangaldean irakurzaletasun handia eta kulturarako kontzientzia daudela. Gustura dago Artekalean; haren iritziz, biziberritzen ari den etorbidean.
Koloreen faktoria
Artekaren ondoan, pauso batzuk eman, eta Beittu Art Factoryra dago. Kolore usaina igartzen da atetik sartzean. Fernando de Vicente margolaria bere ikasleei aholkuak ematen ari da, horiek pintzelekin esperimentatzen duten bitartean. Raquel Castrorekin batera ipini zuen martxan proiektua 2001ean, eta 2016az geroztik daude Artekalean. Markogintza zerbitzua ere bada, akademiaz aparte. 50 bat ikasle dituzte. Laguntasuna ere sortu dutela dio, “gustuaz, sentimenduaz eta beste hainbat gauzei buruz berba egitean, gertuko harremana” eratzen delako. Lasaitasunez zuzentzen ditu ikasleak.
Nahiz eta asti handirik ez izan, Vicentek sortzen jarraitzen du; irailean, Eibarko (Gipuzkoa) Portalean erakusketa kolektibo batean parte hartuko du. Haren lanetako batzuk eskura daude Beittun, baita Imanol Larrinaga eta Jose Antonio Azpilikuetarenak ere, besteak beste. Artekalean giro ona dagoela dio. “Kale polita da, Andra Maritik sartu, eta goian arkua mendiarekin ikusten da”.
Arku horretarako bidean, rock kutsuko arropak aldarri egiten du Artistinta dendaren erakusleihoan. Koopera bigarren eskuko arropa denda ere ez dago handik urrun; kale amaieran, dekorazio etxe bat; jendea pasieran, bizitza kontatzen segitu gura duen Durangoko artearen kalean.
Argazkiak
1. Hitz liburudenda. Jose Julian Bakedano, Gaizka Olabarri, Aiert Buruaga eta Nekane Bereziartua.
2. Beittu Art Factory. Fernando de Vicente, ikasle batekin.
3. Arteka liburu denda. Maialen Elorza dendaria eta Usue Egia ilustratzailea.
4. Arteka liburu denda. Leire Vargas idazlea eta Maialen Elorza dendaria.
5. BiTTArte arte galeria. Jose Amantegi artista, margolanak erakusten.
Argazkiak: Markel Onaindia