Mikel Garcia Martikorena
Zalaparta handia eragin zuen Durangoko alkate bihurtu eta gutxira Mireia Elkoroiribek hartutako erabakiak: soldata ia 30.000 euro igo zuen —urtean 78.000 euro kobratuko ditu—. Gerora, beste alkate batzuek ere igo dituzte soldatak, alderdi batekoek eta bestekoek. Erabaki horiek, batez ere, EH Bilduren eta EAJren arteko ika-mika eragin dute, eta alkateen soldata eztabaidagai bihurtu da. Bilbokoa da Euskal Herrian soldatarik handiena duen alkatea: Juan Mari Aburtok 103.900 eurokoa du urtean. Aldiz, lana doan egiten duten alkateak ere badaude Bizkaian: aurreko agintaldian sei ziren, eta orain bost dira ez soldatarik, ez dietarik kobratzen ez dutenak.
Alkateen soldaten gaiak eztabaida “arrazoitua” behar duela uste du Erramun Osa (EAJ) Garaiko alkateak: “Hausnarketa sosegatua eskatzen du soldaten gaiak, zurikerietatik aldendua”. Arrankudiagako, Elantxobeko, Ubideko eta Ziortza-Bolibarko alkateekin batera, alkate jardunagatik soldatarik jasotzen ez duten bost alkateetako bat da Osa. “Kargudun publiko askok ez dute ezer kobratzen Euskal Herriko udal gehienetan”, esan du. Garaiko alkateak dio “auzolanaren” eta herritarren arteko “elkarlaguntzaren kulturan” oinarriturik daudela: “Gure denbora eskaintzen dugu besteen bizia ahalik eta onena izateko”.
Bide beretik jo du Zigor Iturrioz (UHK) Ubideko alkateak. Argi du ez direla “politikari profesionalak”, eta “soilik herria hobetzeko” egiten dutela lan. Lana askotan gogorra dela dioen arren, uste du “oso aberasgarria” dela, aukera eman diolako “herriaren alde” jarduteko.
Ez dira alkate soilik
Iturrioz banatzailea da ogibidez. Autonomo moduan egiten du lan, furgoneta batekin banaketak egiten. Alde batetik bestera ez dabilenean, Ubideko udaletxean egoten saiatzen da. Nahiz eta egun osoa han igaro, Iturriozek esan du inoiz ez duela guztiz deskonektatzen: “Zure lan pribatuagatik baino askoz gehiago zaude jomugan alkate izateagatik. Herrian denok ezagutzen dugu elkar, eta bizilagunak edonoiz etortzen zaizkizu gauzak galdetzera”. Ubiden alkate lanak ez du denbora bera eskatzen egunero; adibidez, elurra egiten duen egunetan lan handia izaten da. “Egun guztia egiten dugu elurra kentzeko makina pasatzen”.
Erramun Osa (Garaiko alkatea, EAJ), Zigor Iturrioz (Ubideko alkatea, UHK) eta Patxi Egurrola (Elantxobeko alkatea, EH Bildu).
Antzeko jarduna du Patxi Egurrola (EH Bildu) Elantxobeko alkateak ere. Irakaslea da, eta, eskolak eman ostean, udal kontuez arduratzen da. Soldatarik jaso ez arren, “herria hobeto” ikusteko egiten du lan. Alkate eta irakasle izateaz gain, beste hainbat egitasmotan murgilduta dago Egurrola; Elantxobeko Arraun Elkartean, esate baterako.
Elantxoben eta Ubiden alkateek ez dute ordutegi jakinik. Garain, ostera, Osak bi egun gordetzen ditu lan horietarako: asteazken eta ostiral arratsaldeak. Hala ere, Osak dio alkateek ez dutela lan jardun zehatzik; are gutxiago herri txikietan: “Udaletik kanpoko hainbat ekintza —elkarteekin egiten diren bilerak eta proiektuak, adibidez—, ezin dituzu guztiz programatu zure orduen barruan”. Alkate moduan ez ezik, Euskaltzaindian ere lan egiten du Osak: idazkariordea da.
Bizi kalitatea hobetzeko
Patxi Egurrolaren hitzetan, Elantxoben alkategai aurkezten denak badaki zer aurkituko duen: sos askorik ez udalean. “Elantxobeko Udalaren aurrekontua oso txikia da, eta ez dago aukerarik soldata bat jartzeko”. Udala osatzen duten kide denak “lan boluntariotik” datozela azpimarratu du Egurrolak, herriko hainbat elkartetatik: “Hori kontuan izanda, inoiz ez dugu pentsatu herria hobeto ikustearen truke kobratzea”. Argi du zer helburua dela “Elantxobeko bizilagunek Elantxoben bizitzeko aukera izatea”.
EH Bilduko kideak azaldu duenez, bi alaba ditu, eta haiek “dena edukitzea” gustatuko litzaioke: “Nire alaben adineko jendeak behar dituen zerbitzu denak Elantxoben izateko egiten dugu lan egunero. Horrek haiek hemen bizi nahi izatea ekarriko du, ez dutelako beharrik izango beste herri batera joateko zerbitzu falta dela medio”. Egurrolak uste du jendearen bizimodua “erraztea” dela alkateen egitekoa; “batez ere, herri txikietan”.
Garaiko alkate Osak ere irizten dio herritarrei bizitza erraztea izan behar dela udal txikien helburu nagusia. Esan du baliabide ekonomiko “gutxi” dituztela, eta, hortaz, “bizi baldintzak hobetzeko zailtasun gehiago” dituztela hiri handiekin alderatuz gero. Hori dela eta, udala osatzen duten kargudun publiko denek soldatarik ez edukitzea babesten du, bizilagunen bizi kalitateak izan behar duelakoan herriak lor ditzakeen baliabide ekonomiko “guztien lehentasuna”.
Xede hori argi edukitzeak berebiziko garrantzia daukala uste du Garaiko alkate jeltzaleak. Azpimarratu duenez, ardura politiko bat hartzea “ez da norberaren autopromoziorako” zerbait, baizik eta herritarrei eskaintzeko duzun guztia ematea. Erramun Osaren iritziz, bokazio publikoa ezin da ulertu ohiko lan baten legez.