A. Igartua Aristondo
Itsasoa izan da miatzeko hauspo, izan da jakin-min, izan da abentura, eta, batzuetan, izan da ustiaketarako abagunea. BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian ikusgai jarri duen Oceana erakusketan, itsasoaren askotariko izaeren artean, badaude makurragoak ere, biolentoagoak. Erakusketaren hasieran, hizpide nagusia da Amerikaren konkista, eta harekin lotutako hainbat kontakizun eta elementu. Juan de la Corteren Pernambucoko (Brasil) batailaren koadroaren aldamenean, John Newtonen munduko globo bat kokatu dute (1785), John Crichton sextante bat (ca. 1860), Ramon Perez Trepaten itsas konpas magnetiko bat, eta, bildumako piezarik zaharrena dena, Ludovico Georgioren Txinako mapa bat, 1584koa.
Konkistarekin batera Aro Modernoa hasi zen, baita lehen globalizazioa ere; inperioak itsasoaren bitartez hedatu ziren XV. mendetik aurrera, Alicia Txillida komisarioaren arabera. Nabigazioak hauspoa irabazi zuen, eta, horrenbestez, asko ugaritu ziren lur globoa neurtzeko eta irudikatzeko elementuak, eta bazterren kartografiak egiteko egitasmoak. Jauregiko atariak apar horren berri ematen du.
Ez da sarrerako kontua soilik, ordea. Gainerako aretoetan ere, saihetsezinak dira konkista eta globalizazioa. Baztertu ezina da merkataritzaren gorakadaren berri ematen duten koadroetan, eta piezen artean komisarioak sortutako hartu-emanetan. Esaterako, Jacopo Fabrisen Veneziako (Italia) kanalaren pinturaren parean (XVIII. mendekoa da), esfera armilar bat kokatu du, XIX. mendekoa. “Eskultura garaikide baten antza du”, Txillidaren iritziz, eta erakusten du “euskaldunen espiritu unibertsalista”.
Beste begirada bat
Zirrararen tartean, baina, diskurtsoaren haustura bat dago. Michael Mercatorren “India berrien” maparen aldamenean (ca. 1595-1610), Lothar Baumgarten Alemaniako artistaren Makunaima (1972). Pertsona bat ageri da lepoz, buruan kutxa bat duela, eta lumak. Erakusketaren begirada “ez-eurozentrikoa” aldarrikatu du Txillidak. “Egitate historikoak zalantzan jarri behar dira. Baumgartenek beste ikuspuntua erakutsi nahi du”. Amazonas ibaiaren ertzean bizi den heroi mitiko bat da Makunaima.