Bidaia gizartearen uhinetan

Bidaia gizartearen uhinetan

Amaia Igartua Aristondo

Bi lagun dira, ontzi batean, Bilboko itsasadarrean; orban marroi ilun bat uretan, txikia, erraldoia dirudien inguru zurixkarekin alderatuta. Arraun egiten ari da bata, kontenplatzen bestea; patxadatsua da figuren jarrera, bare dago itsasoa, lainoak irentsi ditu urruneko garabiak eta ontziak. Juan Ramon Luzuriaga Bilboko artistaren Dos figuras en un bote (1979) pinturan, lasaitasuna iradokitzen du urak, eta beharra, eta industria, mihisearen ertzean baina saihetsezin. Alabaina, itsasoa izan daiteke oso bestelakoa. Ura ardatz hartuta, XVI. mendetik orain arteko bidaia taxutu du Alicia Txillida komisarioak Oceana erakusketan, BBVAren San Nikolas jauregian, Bilbon: irailaren 17ra ikusi ahalko da, doan.

40 artistaren 46 artelan hautatu ditu Txillidak —tartean, Bizkaiko zenbait egilerenak, hala nola Luzuriaga, Agustin Ibarrola eta Nicolas Martinez Ortiz de Zarate—, eta haiekin istorio bat osatu du: Amerikaren konkistaren aparrarekin hasten da erakusketa, eta turismoaren hedapenarekin bukatu, baina ez da ibilbide kronologiko bat, komisarioak zehaztu duenez, ezta kontakizun itxi bat ere. “Begirada pertsonal bat da, baina beste asko egon litezke. Nire nahia da ikuslea izan dadila irakurle, osatu dezala obra”. Pablo Nerudaren Ocena poemak ematen dio izena erakusketari, baita ardatza ere. “Oceana asmatutako hitz bat da. Balio digu izendatzeko munduko ibai, itsaso eta ozeano guztiak”. Espainolez sortu zen olerkia, baina euskaraz ere irakur daiteke orain, Harkaitz Canoren itzulpenean.

Jauregiaren atarian hasten da bidaia, eta formatu handiko pintura batek egiten du harrera: itsaso iluna ontziz bete du Juan De la Cortek, eta koloreek are bortitzagoa egiten dute eszena. Pernambucoko (Brasil) itsas bataila da. Itsasoak laster hartzen du beste jite bat, ordea: pauso gutxiren buruan, bizibide bilakatu da. Diskretuki ageri da paisaia industriala Luzuriagaren obran, baina agerikoagoa da Ibarrolaren izenik gabeko pinturan, mihise ia osoa hartzen baitu altzairuzko barku batek. 1970eko hamarkadako lan bat da.

Garai hartan, Equipo 57n zegoen Ibarrola. “Taldeak borroka soziala eta langileak defendatzen zituen, eta goraipatu egiten zuten ontziolen industria, euskal industria”. Komisarioak azaldu duenez, estilo oso grafikoa du, karteletan inprimatzeko egin baitzuen. Ontzi mardularen gaineko figura urdinak beharginak dira; aldamenean, hazpegiak ditu langileak, baita txapela eta pipa ere, Valentin Zubiaurreren Lobo de mar erretratuan (ca. 1940-1945). “Euskal historian, erreferentzia saihetsezina da arrantzalea”, Txillidaren irudiko.

Itsasoa bada paisaia, halaber. Beste areto batean, Martinez Ortiz de Zarateren San Juan de Gaztelugatxe (1965), Julian Tellaetxeren Bermeoko portua (1928) eta Anselmo De Guezala y Guinearen Euskal portua (1965) kokatu ditu komisarioak, besteak beste, eta Jose Antonio Sistiagaren espresionismoarekin jarri ditu hartu-emanean, Paisaje vasco actual (1971) formatu handiko lanaren uhinekin, hain justu.

Oceana 2

Merkataritzatik turismora

Kantauri itsasoarekin aurrez aurre, Mediterraneoa; kostunbrismoaren kontrakarrean dago Antonio Tenreiro Brochonen abstrakzioa, baita Susana Solanoren gogortasuna ere: Mediterrani (1983) eskulturan, altzairuaren tolesturak dira itsasoko olatuak. Erakusketako artelan gehienak BBVAren bilduma pribatukoak dira (9.000 bat pieza dituzte, guztira), baina bost maileguak dira: Solanoren pieza, esaterako, Bilboko Arte Ederren Museoak eskuratu du berriki.

Mediterraneoan jarraitzen du ikusleak. Jacopo Fabrisen artelan bat du jomuga Txillidak, XVIII. mendeko lehen hamarkadetakoa: leunki argiztatuta dago Veneziako kanala (Italia), eta gondolez beteta daude bi ertzak. Merkataritzaren hastapenak dira. “Garatzen hasten da hainbat portutan: Venezia, Anberes [Belgika], Sevilla, Santander [Espainia], Bilbo, Bartzelona…”. Eta, parean, ohi baino bakartiagoa dirudien hondartza bat, Francesc Torrescassanarena (ca. 1898-1918). “Nahiz eta bainulari despistaturen bat dagoen, hondartza horrek oraindik ez du turismoa ezagutu”. Mugarria, berehala. “Beste argi bat, paisaia minimoa, lur koloreak”. Antoine Vollonen XIX. mendeko bigarren erdialdeko natura hiletatik, Joan Vila-Grauren Casa vermella-ra (ca. 1970). “Sikuagoak dira bolumenak, modernoagoak”.

Lotura da hurrengo aretoarekin. Cuencako (Espainia) Arte Abstraktuaren Museoaren inguruan ibili ziren artisten lagin batzuk bildu dituzte han. 1970eko urteak dira. “Garai hartan, borrokatzen ari ziren abstrakzioaren alde. Gaur egun oso hedatua dago, baina orduan ez zegoen”. Fernando Zobelentzat, hondartza da hondo zuri baten gaineko orban parea; Eusebio Senperek figura geometrikoekin irudikatu du; eta itsasoaren urdina ezinbestekoa da Gonzalo Txillidarentzat. Abstrakzioarekin harremanetan, Joan Cardellsek eta Jorge Ballesterrek osatutako Equipo Realidaden pop artea ipini dute.

Oceana 3

Jarraitu du segizioak. Horma zurietako batean proiektatuta, Antartika. Mireya Masok 2006an espedizio bat egin zuen Esperantza Oneko lurmuturrera (Hegoafrika), eta orduan hartutako irudiekin taxutu zuen Témpanos de luz ikus-entzunezkoa —Madrilgo Norman Foster Fundazioaren mailegua da—: paisaia mugatu bat da, enkoadraketa ez da mugitzen filmak irauten duen lau minutuetan, eta ia oharkabean igarotzen da izotz plaken mugimendu geldoa. Bukaeran, ordea, abiadura azkartu egiten da, eta agerikoa da dinamismoa. “Masorentzat, Antartika da aldaketa, esentziaz. Arreta handiarekin begiratuta, aldaketa txikiak antzeman litezke, baina engainatzen du. Masok gure pertzepzio ahalmena aztertu nahi du piezarekin”. Antartikatik etxera egiten du jauzi erakusketak. Areto txiki batean, Bilboko itsasadarrari “omenaldia” egin diote, Jesus Mari Lazkanoren artelan batekin, besteak beste.

Postalekin bukatzen da bidaia. “Turismo modernoaren mundua da, abiadurarena, lekualdaketena, gurutzaontzi handiena…”. Bestelako esanahia bereganatu du kostaldeak. Eta areto garaikidean, formaz hausnartzeko abagunea ere badago. Gerhard Richterren Seestück (1970) piezaren aurrean kokatu da komisarioa. Caspar Friedrichen Ibiltaria laino itsasoaren gainean koadroari keinu egiten dio argazkiak, baina ez da ageri inor, soilik itsaso harrotua. “Erromantizismoa ekarri nahi du hizpidera, Friedrichen koadroa jauzi handia izan baitzen bere garaian; Richterrek ere jauzi egin nahi du: uste du arteak aurrera egin dezakeela soilik argazkilaritzaren eskutik”.

poema