Mikel Garcia Martikorena
Txapel Reggae jaialdiaren doinuek Armintzako portua (Lemoiz) beteko dute bihar, Euskal Herriko eta nazioarteko artistak batuz. Duela 33 urte antolatu zen aurrenekoz jaialdia. Hiru hamarkadotan gorabeherak bizi izan dituzten arren —zenbait urtez jaialdia antolatzeari utzi behar izatea, esaterako—, Txapel Reggaek bi ideia mugiezin mantendu ditu haren ekiteko eran: autogestioa eta doakotasuna. Bi ideia horiez gain, “bakearen, amodioaren eta elkartasunaren alde egiteko apustua” ez dira 33 urteetan aldatu.
Urte luzez horrela mantenduko dela esan du Josu Gurtubai Txapel Reggaeko antolatzaileak: “Betidanik eta betiko izango da dohainik eta librea”. Badaki horrelako ideiak babesten dituzten jaialdiak gutxi direla egun eta, agian, “apur bat idealistak” direla alde horretatik, baina Gurtubaik argi du “guztientzako eta murrizketarik gabeko” jaialdi batean sinisten jarraituko dutela. Are gehiago, antolatzaileak azpimarratu du Armintzan “arnasten den askatasunari eta aniztasunari” esker sortzen den giroa “harrigarriki polita dela”: “Jende asko giroagatik soilik etortzen da”.
“Idealismo” horrek egiten du berezi Txapel Reggae. Antolatzaileek ez dute nahi beste jaialdi batzuetan gertatzen den modura jendea “etorri, musika entzun eta etxera itzultzea”. Bestelako esperientzia bat eskaini nahi dute: “Gure nahia da bertaratzen direnen pentsamoldean zerbait uztea, hausnarketara gonbidatzea”. Xede hori kontuan izanik, aurrenekoz mahai inguru bat antolatu dute. Betto Snay eta Marra Junior musikari eta aktibistak arrazakeriaren inguruan solastatuko dira. 12:00etan arituko dira, Diversity Enea izeneko gunean, txosnetan.
Ezberdinetan ezberdina
Solasaldia, ordea, ez da jaialdiak duen eragiteko era bakarra. Izan ere, jaialdiak urtero ildo edo ideia nagusi bat jorratzen du. Aurreko edizioetan emakume artistak edo kultura eta hizkuntza anistasuna jorratu izan dituzte, besteak beste. Urtero gai ezberdin bat jorratzeak festibala “mamitu” egiten duela uste du Gurtubaik. Biharko edizioak Herritik herrira du lelotzat. Gurtubaik dio herriko jai batzordearekin batu ostean otu zitzaiela ideia hori, azkenaldian zailtasunak topatzen baitituzte zenbait ekintza bultzatzeko orduan, “jendea ez delako prest agertzen” laguntzeko. Hortaz, “elkarren arteko lanaren garrantziari” bultzada bat ematea ezarri dute helburutzat.
Leloaren esanahia ez dator soilik elkarren arteko laguntza sustatzearen ideiatik. “Makrojaialdien testuinguruan, herrian mantendu nahi dugu Txapel Reggae”, dio Gurtubaik. Nabarmendu duenez, “marka handien” eskaintzak jaso izan dituzte jaialdia xurgatzeko, baina argi du ez dutela “inoiz” onartuko: “Enpresa handi batean bazaude, erabaki askoren gaineko kontrola galtzen duzu. Guk jai batzordetik lanean jarraitu nahi dugu, autogestioan oinarrituta”.
Haren “autogestio eta doakotasunari” beste helburu bat gehitu behar zaio: jasangarritasuna. Gurtubaik esan duenez, BBK Live eta antzeko “jaialdi handiekin” alderatuz gero, Txapel Reggaek badu ezberdintasun nagusi bat, antolatzaileek “musu truk” egiten dutela lan: “Guk sarrerarik eskatzen ez dugunez, jaialdia jasangarria izateko, doan egiten dugu lan”. Bestalde, aurten aurreneko aldiz lehenago bukatuko dituzte kontzertuak, “jasangarritasuna eta giro hobea” lortzeko asmoz: “Saiatuko gara giro orekatuago bat lortzen, adin guztietako jendeak goza dezan”. Orain arte, kontzertuak goizeko zortziak aldera bukatzen ziren; aurten, ostera, lauretan amaituko dira.
Aldaketaz beterik
Ordutegi aldaketa hori kontuan izanda, ekitaldiak aurreratu dituzte. Hortaz, jaialdia 12:00etan hasiko da, batukadarekin, “jendea esnatzen joan” eta “ohean itsatsita dauden horiek agertzeko”. Kalejirarekin batera, Amaia Sinobasek dancehall tailerra eskainiko du skate parkean. 13:00etan, Dub Stageak aurreneko doinuak eskaintzen hasiko da, eta 20:00 ingurura arte ariko da. Guztira, zazpi orduz egongo dira soinu sistemak jo eta ke. Musika jartzeaz Bomb Bass, Hifi-Full Sound, eta Selektah Stepi eta lagunak arduratuko dira. Gurtubaik dio giro “bikaina” egoten dela Dub Stagen: “Selektah Stepi eta lagunak iaz egon ziren, eta arrakasta handia izan zuten. Giro ederra sortu zuten”.
Soinu sistemak itzali ostean, Biobizz Portu Stagen unea helduko da. 21:00etan hasiko dira kontzertuak oholtza gainean, eta bost kontzertuak igaro ostean, 04:00etan amaituko da jaialdia. Portuko agertokiaren gainean, Awa Fall eta The 3quences, Juantxo Skalariak eta La Rude band, eta Claire Angel egongo dira kantuan, besteak beste. Musikari batzuek lehen aldia izango dute Armintzan, baina beste batzuk ez dira berriak izango Lemoizko jaialdian. “Awa Fall 2017an egon zen gurekin, emakumeei eskainitako urtean, eta, asko gustatu zitzaigunez, hura berriro ekartzea otu zitzaigun”, adierazi du Gurtubaik.
Egitarauak beti ez dira berdinak izan. Gurtubaik dio jaialdiaren ibilbidea olatu baten antzekoa izan dela, “gorabehera handiekin”: “1990eko hamarkada bukaeran, bi eguneko jaialdia bihurtu ginen. Armintzatik hamabi edo hamabost talde igarotzen ziren, mundu mailakoak denak”. Baina “jasanezina” egin zitzaien erritmo hori ,eta, 1998an, Txapel Reggaek etena egin zuen, 2003ra arte. Gurtubaik gaineratu duenez, olatuak “goranzko bidea” du gaur egun, baina ez dira “zoratuko”: “Ez dugu itzuli nahi lehen genuen egoerara. Jasangarri izaten jarraitu nahi dugu”.
Jaialdiko antolatzailearen iritziz, gaur egungo Txapel Reggaearen eta hasieran antolatzen zenaren arteko ezberdintasun nagusia jendearen inplikazioa da: “Hasieran, herri osoa zegoen jaialdian sartuta. Nik 10 urte nituen, baina gogoan dut orduko giroa. Oso dibertigarria zen; ikuskizunak ikusi ahal ziren kaleetan”. Are gehiago, 1990eko hamarkadan batzordean 30 lagun inguru ziren; egun, ostera, “sei eta zortzi bitartean” egoten dira.
Bestalde, artistekiko harremanak aldatu egin dira; “zuzenagoa” zen lehen. Gurtubaik esan du duela hogei urte errazagoa zela nazioarteko artistak lortzea, Euskal Herriko jaialdi gutxienetariko bat zelako.