“Udal alderdi guztiekin heldu nahi dugu adostasunetara”

“Udal alderdi guztiekin heldu nahi dugu adostasunetara”

Enekoitz Esnaola

Aldaketa egon da Durangoko alkatetzan, EH Bilduren partez EAJ jarrita: Mireia Elkoroiribe (Abadiño, 1975); 21 urte zituenetik Durangon bizi da. 2019an bezala, udal hauteskundeetako bigarren talderik bozkatuenak hartu du alkatetza, EAEko ohiko bazkide PSE-EEren babesa ez ezik, PPrena jasota, ekainaren 17ko osoko bilkuran. Durangon egon zen foku politiko nagusietakoa. Gobernu akordioa egin berri dute EAJk eta PSE-EEk.

Zortzi hautetsi dauzka EAJk, eta bi PSE-EEk. Ez duzue gehiengo osorik. Zein talderen bila joango zara aurrekontua-eta onartzeko?

Egia esan, gu oso ohituta gaude akordioetara heltzera. Guk Durangon aspalditik ez dugu gobernatu gehiengo osoarekin. Orain ere gutxiengoan gaude gobernuan, eta udal alderdi guztiekin heldu nahi dugu adostasunetara. Arlo batzuetan errazago adostuko dugu EH Bildurekin, eta besteetan, agian, PPrekin eta Herriaren Eskubidea taldearekin.

Zer harreman duzue EH Bildurekin? Bozkatuena izan zen hauteskundeetan. Minduta sumatu al duzu alkatetza ez daukalako?

Guk uste aukera egongo dela adostasunetara heltzeko; batez ere, programak ikusita hainbat eta hainbat gauza dugulako amankomunean. Denok dugu helburu bera: Durangok hobetzea eta durangarron bizi kalitatea hobetzea. Eta beste guztiaz, ahaztu.

Baina zer giro sumatzen duzu?

Duela lau urte alderantzizkoa gertatu zen: guk irabazi genituen hauteskundeak, eta oposizioan gelditu ginen, aritmetikak ez zigulako ahalbidetu alkatetza eskuratzea. Orain EH Bilduk irabazi du, baina aritmetikak ez dio eman, eta guri, bai. Horrek, hasieran, mina ematen du, baina berriz jarri behar duzu zure lekuan. EAJk erantzukizunez egin zuen oposizioa, proposamenak-eta eginez. Jarrera bera espero dugu EH Bilduren aldetik.

Alkatearen inbestidura saioan erabakigarria izan zen PPren botoa. Horren bila joan al zinen?

Gu talde guztiekin jarri ginen harremanetan; alkatetzan egon ginen aurreko aldian ere denekin izan genuen harremana. Bestetik, ez zen ustekabea izan PPk gure alde bozkatzea, PPren hautagaiak kanpainan iragarri zuelako zer izango zen bere botoa inbestiduran. Esan dut EH Bildurekin baditugula gauzak amankomunean, eta PPrekin ere baditugu, eta identifikatuak dauzkagu haiekin izandako harremanetan. Gainera, lehen ere jaso izan dugu PPren babesa, akordioak-eta lortuz. Herriaren Eskubideak ere akordioetara heltzeko aukera aipatu digu.

Lehen aldiz, EAJk ez ditu irabazi udal hauteskundeak Durangon. Zer azterketa egin duzue?

EH Bilduk indar handia duela erakutsi du; ez bakarrik Durangon, Euskadin ere bai orokorrean. Gobernuan zaudenean, normalean lehen urteek norberaren alde jokatzen dute. Bestetik, bere bazkideen kontura igo da asko EH Bildu. Durangon, adibidez, Elkarrekin Podemos eta Herriaren Eskubidea asko jaitsi dira, eta horko boto asko EH Bildura joan da.

EAJk egin al du autokritikarik?

Bai, egin dugu. Akatsetatik ere ikasten saiatzen gara beti. Oso argi dugu legealdi honetan ateak zabalik gobernatuko dugula, herritarrekin, haiek entzuten. Baina lasai gaude. Duela zortzi urteko boto kopuru berbera izan dugu orain [2015ean 5.089 eta aurten 5.081]. Beraz, ez dago joera bat edo antzekorik, baizik eta egoera zehatz baten emaitza izan da Durangokoa.

Zer ardatz ditu zure gobernuak?

Bost ditugu: ekonomia eta enplegua, herritarrek bizitza proiektua garatzeko; kalitatezko zerbitzu publikoak, osasun arloari garrantzi handia emanda; politika sozialak denentzat, pertsona nagusiek arreta berezia izanik; hiri bizigarriagoa eta iraunkorragoa, etxebizitza babestuak bultzatuz eta; eta udal irekia eta gobernu gardena.

Gobernuko kideen soldatez polemika piztu da. EH Bilduk esan du zureak, alkatearenak, urtean ia 31.000 euroko igoera duela.

Eudelek irizpideak zehazten ditu, eta hori da lehenen begiratu duguna. Biztanleriaren arabera jartzen ditu soldatak. Durangori 20.000-50.000 biztanle arteko sailkapenekoak dagozkio; alkateari, urtean 85.000 eurokoa. Hori asko dela irudituta, Eudelen beheko maila hartu dugu erreferentzia modura: hau da, 10.000-20.000 biztanlekoa. 77.928 euroko soldata izango dut. Hori da nik nire aurreko lanpostuan neukan soldata —Jaurlaritzako zuzendari postu batekoa—, eta iruditzen zaigu parametro ona dela: lehen neukan soldata eta tokatzen zaiguna baino maila bat beheragokoa. Gainera, gobernu taldearen kostu totala, EH Bilduren garaikoa baino txikiagoa da.

EAEko Auzitegi Nagusiak legez kanpokotzat jo du trenbidearen orubeko bost etxebizitza dorreen proiektua. EAJ alkatetzan zegoeneko egitasmoa zen.

Proiektu bideragarri bat egin nahi dugu, ahalik eta lasterren.

Ez tankera horretakoa, beraz?

Epaiak dioena da ez zirela kontuan hartu etxebizitza babestuen ehunekoak. Hori aintzat hartuko dugu. Bideragarria diodanean da juridikoki bideragarria, batetik; bestetik, ekonomikoki. Argi dugu eraikinaren altuera jaitsi egin behar dela, aspaldi esan genuen moduan, eta herritarren parte hartzearekin egingo dugu prozesua.

Durangon Gaitasun Handiko Osasun Zentroa egin nahi duzue, ez erietxe bat, herriko eragile batzuek eskatu bezala. Zergatik?

Ez dugu ospitaleratzeen beharrik ikusten, ez baitago arazorik inguruko ospitaleetan. Zerbitzu berriak behar ditugu. Adibidez, Durangon, mamografiakoa.

Kiroldegian langileak greban daude. Konpontzeko aukerarik?

Bai. Jadanik batzartu gara parte desberdinekin. Borondate osoa dugu greba hau ahalik eta lasterren amaitzeko.