Amaia Igartua Aristondo
Harana dirudi, ezohiko koloreekin tindatua: arroka berdean bermatutako larre urdina eta begetazio laranja mardula. Haran nano bat. Erorketa bidezko mikroskopio elektronikoarekin begiratutako paisaia bat, 450 bider handitua. Harana dirudi, baina balea baten kornea zatia da. Eta, orobat, koadro abstraktua ematen du aretoko bazterretako batean dagoen piezak, hondo beltzean nabarmentzen diren orban gorri biziekin; eta abstrakzioaren beste lagin bat izan liteke haren albokoa ere, egitura berde sustraituekin. Baina, hurrenez hurren, zera dira: neurona zaharkituak eta erretinako neurona melanopsinikoak. Balearen beste zelula pilo baten irudiek betetzen dute Bilboko Itsasmuseumeko aretoa, argazki erakusketa baten antzera. Zientzia eta artea uztartzen baititu Balearen begia bildumak. Irailaren 10era arte bisitatu ahalko da.
Ikerketa zientifiko baten prozesua eta emaitzak islatzen ditu erakusketak, funtsean, xede didaktikoarekin, eta artearen moldeak edertuta. EHUko Biologia Zelularreko katedradun Elena Vecinok zuzentzen duen Oftalmo-biologia Esperimentaleko Ikerketa Taldea espezializatuta dago begien azterketan, eta, batik bat, ugaztunen organoekin egiten dute lan —txerriarenarekin, bereziki—, begiko gaixotasunak ulertzeko eta prebenitzen ahalegintzeko. 2019an, pieza bereziago bat eskuratzeko aukera izan zuten.
Urte hartako otsailean, denboralearen eraginez, hamazortzi metro luze zen eta ia 30 tona zituen balea bat hondarreratu zen Sopelako hondartzan. Gertakariak jakingura piztu zion katedradunari. “Munduko begirik handiena gure laborategitik gertu agertu zenean, pentsatu nuen oso informazio gutxi zegoela baleen ikusmenaren inguruan”. Bizirik heldu zen zetazeoa, baina handik ordu gutxira hil zen; hori horrela, animalia zendu eta laster erauzi ahal izan zioten begia, artean zelulak bizirik zeudela. Horiek kultibatu egin zituzten. “Begien ikerketan genuen jakintza balearenera aplikatu genuen; beste animalia ereduetan egiten ari ginen lanaren jarraipena izan da”.
Hasieran, hortaz, prozesuak ez zuen helburu artistikorik. Baina Vecino Arte Ederretan lizentziaduna ere bada, eta jabetu zen mikroskopioekin ateratako argazkiak “oso ederrak” zirela. Herri txiki batean erakutsi zituen aurrena; EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean jarri zituen hurrena, haren 50. urteurrenaren harira; eta, ordutik, beste hainbat geraleku izan ditu mostrak, hala nola Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseum, Portoko (Portugal) Mira galeria, Zamorako (Espainia) Ramos antzokia… Eta batera eta bestera ibiliko da, halaber, Itsasmuseum uztean ere: Bordelen (Okzitania) izango da, baita Madrilgo Natur Zientzien Museoan ere, esate baterako. “Niretzat, artea eta zientzia batera doaz, eta ikusi nuen argazkien inpaktuaren bitartez hel daitekeela zientziara, dibulgatzeko balio dezakeela”.
Nolakoa den balearen begia
Vecinoren arabera, ikerketa hasi eta berehala “gauza oso interesgarriak” ikusi zituzten. Espero zuten, hein batean, balearen begiak ez baitu ia arretarik erakarri esparru zientifikoan, haren esanetan. Bisitariarentzat ere, aretoa zapaltzerako egiten da ikusgarri begia, hala argazkien kolore, konposizio eta indarragatik, nola irudi eskematikoagoengatik, horiei esker lehen begi kolpean harrapatzen baitira berezitasunak. Parez pare jarri dituzte, adibidez, gizakiaren begiaren eta balearenaren plano sagitalen irudiak. Organoaren sakoneko eremuan, agerikoak dira berezitasunak: esklera askoz lodiagoa da, adibidez. Ikerlarien arabera, globoa itsasoaren presio aldaketetatik babesteko balio du. Zalantza hori ere bai baitzuen Vecinok. “Baleak hirurehun metroko sakonerara hel litezke. Nola erregulatzen dute presio okularra?”. Litekeena da eboluzioan garatutako egokitzapen bat izatea, katedradunaren iritziz. Esklera mardulaz gain, badu baleak, gizakiek ez bezala, gorputz leizetsu bat globoaren atzealdean, odol hodiz jositako esponja antzeko bat. Hodiok odolez betetzen direnean, handitu egiten dira, eta begia betazaletik kanporantz bultzatzen dute; horrek enfokatzen laguntzen die baleei. Odolez husten direnean, globoa ostera gordetzen da betazalen atzean.
Halaber, ikerlariek jomuga zuten humore urtsua aztertzea, eta behatzea ea neuronen endekapenaren markatzaileak zetazeoan ere ageri ziren. Hainbat gaitzekin dute lotura aldagai horiek: glaukomarekin eta alzheimerrarekin, esaterako. Izan ere, ikerketaren jopuntuetako bat zen aztertzea eta zehaztea nolakoa zen balearen begia, baina, era berean, ondorioek balio lezakete gizakiek pairatzen dituzten gaixotasun batzuk ikertzeko; aipatutako bi horiek, kasurako.
Begiaren barruan dagoen likido bat da humore urtsua, eta globoaren egiturak elikatu eta oxigenatzen ditu. Etengabean ari da jariatzen eta eliminatzen, pilatu ez dadin: irisaren atzeko zelula batzuetan sortzen da —gorputz ziliarra deituriko eremuan—, zirkuitu antzeko bat zeharkatzen du aurrealdera heldu baino lehen, eta Schlemm kanalaren bidez botatzen da odol hodietara. Likido gehiegi sortzen denean, edo kanala ixten denean, presioa igo egiten da, eta erretinako neurona ganglionarrak hiltzen dira —mezua begitik burmuinera eramaten dituztenak dira—. Ondorioz, glaukoma sortzen da. Transmisiozko mikroskopio elektronikotik begiratuta, 10.000 aldiz handituta, tindaketekin, epitelio ziliarra osatzen duten zelulak zinez artistikoak dira: hondo urdinxka baten gainean, enkoadraketaren eskuineko aldera jota, gora, egitura zurixka bat ikus daiteke, orban beltzekin apaindutakoa. Ikusgarria da, orobat, Schlemm kanala, erorketa bidezko mikroskopio elektronikoaren lentearekin: leize bat dirudi, koba urdin argi bat, tolesturekin.
Neuronen endekapenari dagokionez ere, lortu dituzte emaitzak. Arrainak gai dira nerbio optikoko zelulak ekoizteko, baina ugaztunak ez: batetik besterako ibilbide ebolutiboan galdu zen horretarako gaitasuna, katedradunaren esanetan. Nerbio sistema zentralaren parte da atal hori; beraz, galera horrek burmuinari ere eragiten dio, ezinbestean. Besteak beste, alzheimerrarekin izan dezake lotura. Baleak ugaztunak dira, baina haiengan gaitasun horren arrastoren bat geratuko zen susmoa zuten ikerlariek; eta hala da, ondorioztatu dutenez: baleen Mullerren gliek substantzia batzuk ekoizten dituzte, beste ugaztun batzuen neuronak birsortzen lagundu dezaketenak.
Kutsadura tartean
Beste aurkikuntza batzuk ere egin dituzte. Adibidez, aurrenekoz deskribatu dituzte baleen neurona melanopsinikoak, erritmo zirkadianoak zehazten dituztenak; gizaki itsuetan ere, neuronok garunari jakinarazten diote ea egunez edo gauez den.
Baleek zuri-beltzean ikusten dute, eta oso bereizmen urria dute, Vecinok azaldu duenez. “Ez dute zertan ondo ikusi, krillez elikatzen baitira, eta horiek sardetan egoten dira: ahoa zabaltzen dute, eta jaki mordo bat irentsi”. Baina uretan dagoen plastiko andana bat ere ahoratzen dute animaliek. Erakusketan, balea baten masailezurrak eta orno batzuk ere ikusgai daude, eta, horiekin batera, itsasoan egoten diren hondakinak jarri dituzte, erakusketak kutsaduraren kalteez ere ohartarazi nahi baitu. “Balea batzuk horregatik hiltzen dira”, zehaztu du Vecinok. Kutsadura akustikoa ere ekarri du hizpidera; horri lotuta dago aretoko giro soinua, EHUko irakasle Mikel Arze doktoreak moldatua. “Adierazten du nola komunikatzen diren baleak; erakusketa murgiltzailea da. Normalean, ekolokalizaziozko soinuekin komunikatzen dira, baina kutsadura akustikoak orientazioa galarazten die, eta zerbait jo dezakete”.
Balea baten tamaina errealeko ilustrazio batek biribiltzen du bilduma, baita aurkikuntzaren berri eman zuten prentsa txatal eta ikus-entzunezkoek ere.