Ikusmen arazoak dituztenentzat egokituta

Ezinbestean sortzen dira hartu-emanak balearen begiaren eta gizakiarenaren artean: batak balio lezake bestea ulertzeko, eta, zenbaitetan, bat egiten dute bataren eta bestearen ikusmenak. EHUko Biologia Zelularreko katedradun Elena Vecinoren arabera, baleek txarto ikusten dute, eta, hala, erakusketa egokituta dago gaizki ikusten duten gizakientzat. Puntodis enpresak egin ditu doikuntzok.

Izan ere, erakusketako elementu asko ukigarriak dira. Argazki batzuen kopia testurizatuak daude, erliebeak dituztenak. Era berean, ukigarria da balearen ilustrazioaren olana, eta, besteak beste, begia inguratzen duen uztai bat ipini diote, begiaren tamainakoa, gutxi gorabehera.

Ikasteko zailtasunak dituztenei ere erreparatzen die bildumak: audiogidako testuak irakurketa errazeko irizpideen arabera emanak daude. “Egokitzapenak balioa eransten dio erakusketari”, esan du Vecinok.