Z. Jainaga Larrinaga
Bilboko Nazioarteko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Zinegoak Jaialdiak hogeigarren aldia ospatuko du aurten. Urte berezia, ospatzeko urtea bada ere, antolatzaileek azpimarratu dute festa bat irudikatu baino gehiago batik bat aldarrikatuz lan egiten jarraitu nahi dutela.
2004an sortu zen Zinegoak, garai hartan Hegoak izena zuen elkartearen jarduera gisa. Inguruko herrialdeetan LGTBI jaialdiak sortzen hasi ziren, eta, bide beretik, Hegoak elkarteak zinema jaialdi batean lan egin nahi zuela erabaki zuen, erreferenteak sortu eta ekoizten hasiak ziren filmak proiektatzeko. Bilborocken egiten zen lau eguneko jaialdia izan zen hasieran.
“Premia handi bat bezala hasi zen, LGTBIQ+ komunitateari zuzendua, berdinen artean egon eta benetan erreferentziazkoak ziren eta bestelako bizitzak erakusten zituzten filmak ikusteko”, azaldu du Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko egungo zuzendariak. Kolektiboko pertsonak filmetako istorioetan nolabait islatuta sentitzea nahi zuten. Horrez gain, elkargunea ere bazen, hitz egiteko lekua, aniztasunari buruz eztabaidatzeko lekua.
Hain zuzen, urte hauetan guztietan Zinegoak jaialdiak bete duen zereginik garrantzitsuena topaleku bat izatea izan da. Hitz egiteko leku bat, aniztasunari buruz eztabaidatzeko leku bat, eta hainbat bizimodu ikusgai egiteko lekua. Baina, batez ere, erreferentziazko leku bat da. Genero identitatearen eta sexu aniztasunaren inguruan komunitatea eta hausnarketa sortzea helburu duena, eskaera, behar eta kezka berriei buruz hitz egiten duena.
Askatasun espazio
2004ko edizioari zor zaio proposamena abiaraztea, testuinguru politiko, aldarrikatzaile eta urte hauetan erakutsi dituen erreferentzia guztietatik abiatzea. Hala, 2004ko aldi hartatik energia berak eta aniztasuna aldarrikatzen jarraitzeko behar berak irauten dutela dio Arenzanak. “Hogei urtean aldaketa asko izan ditu jaialdiak. Gaur egun, pelikula gehiago daude, pertsona gehiago, eta jaialdia hedatuago dago. Hazi egin da, baina espiritu bera du”.
Etorkizunera begira, helburua lanean jarraitzea dela azpimarratu du Arenzanak, gizarteak zer dioen entzuten jarraitzea, disidentzietan lantzen dena transmititu eta partekatu ahal izatea, eta horren inguruan hausnartzea. “Zinegoak egitea oso lan handia eta nekeza den arren, maitasun eta ahalegin handiz egiten dugu, eta eskerrak eman behar zaizkie laguntzen eta jaialdia babesten aritzen diren guztiei”. Gaineratu du beste helburuetako bat egonkortasun handiagoa izatea litzatekeela, modu egonkorragoan lan egin ahal izatea.
Era berean, datozen urteei begira, Arenzanaren ustez egokiena litzateke Zinegoak hogei urte barru desagertuta egotea. “Zinemaren programazio osoa kanpoan aurki genezake horrela, eta aniztasunaren inguruko aparteko ekitaldirik ez litzateke beharko”. “LGTBIQ+ zinema jaialdi bat” izanik, aparteko ekitaldia eta oraindik ere oso beharrezkoa da, zuzendariaren hitzetan. “Gizartearen zati batek bere gain hartzen du aniztasuna, eta egunerokotasun osoz lantzen eta bizitzen du. Hala ere, gizartearen beste zati batek oraindik ez du aniztasuna onartzen, eta, gainera, eraso egiten dio”. Horregatik, beharrezkotzat dauka komunitatearen inguruko aparteko ekitaldiak egotea eta erreibindikatzea. “Eginkizun politikoa dugu”. Bide horretan, bestelako ekitaldietako programetan, LGTBI ekitaldiak ez izan arren, aniztasuna txertatzea ezinbestekoa da Arenzanarentzat; aniztasuna guztientzat eguneroko gauza bihurtzea.