Ibai Maruri Bilbao
Izenak azaltzen du eraikinaren jatorria: Torrebillela billelatarren dorretxea da. Eta hori izan zen hasieran gaur egun Mungiako kultur etxea dena. Lope Garcia Salazarren kroniken arabera, XII. mendean sortu zen leinua. Ajangizko jaunak Billela eskuratu zuen, eta, hil ondoren, hiru semetako bati eman zion Billela: Joan Sanchez Billela izan zen Billelako lehen jauna. Beste bi semeek Ibarguen eta Butroeko leinuak hasi zituzten. Hasieran, billelatarrak ez ziren leinuen arteko borroketan sartu, baina, gerora, butroetarren arerio izan ziren.
Mungiako Torrebillela udal liburutegiko liburuzain Unai Alonsok kontatu duenez, Mungiak 1373an jaso zuen hiribildu gutuna, Bizkaiko jaun Juan I.aren eskutik. Hiribilduak jauntxoengandik babesteko sortu ziren, neurri batean, baina mungiarrei ez zien askorik balio izan, billelatarrek hiribilduaren lurretan eraiki zutelako bizileku berria, Torrebillela, XIV. mende bukaeran. “Familiak zuen indarraren erakuslea zen”.
Orduan, erdiguneko dorrea baino ez zen. Baliteke orduan oso-osorik harrizkoa ez izatea. Izan ere, 1511ko eta 1514ko agirietan billelatarren urkamendi moduan agertzen da, eta garai hartan egur hutsez egindako eraikinei esaten zieten horrela. Eraikinak bost solairu zituen. Beherengoa ingurua baino beheraxeago eraikita zegoen, eta upategia zen. Bigarren solairuan sarrera nagusia eta tamaina handiko beste sarrera bat zeuden. Hirugarrenean zeuden logelak eta sukaldea. Laugarren solairuan areto handi bat zegoen, familiaren eta bisitarien aisialdirako gure garrantzitsuena. Azken solairua zaintzarako eta defentsarako erabiltzen zuten.
Hainbat berrikuntza egin zizkioten, baina XIX. mendekora arte ez zen eraikinaren itxura askorik aldatu. 1852an, Canceladako kondeak goitik behera zaharberritu zuen, eta gaur egun duen itxura eman zion, bere bizileku bihurtzeko. Dorretxearen lehen solairuak estaltzen dituen estilo errebibalistako jauregi bat eraiki zuten haren hiru fatxaden inguruan. 1960ko hamarkadan, hondatuta eta bertan behera utzita zegoen eraikina, eta Bizkaiko Diputazioak eskuratu zuen, eta Mungiako Udalari eman zion kultur etxe bihur zezan. 1983an egin ziren egokitze lanak. Alonsok azaldu duenez, oraindik ere ikus daitezke hasierako elementu arkitektonikoak jatorrizko dorretxea izandakoan.
Ondoan, Butroe errekak inguratzen duen parke bat du dorretxeak, eta baita errota bat ere. Alonsok esan duenez, garai hartako dorretxeen inguruan ohikoa izaten zen errotak egotea. Gaur egun parkea publikoa da; herriak dituen berdegune handi bietako bat. Errota, ostera, okupatuta dago: Mungiako gaztetxea da.
Kulturgune bihurtuta
Gaur egun lau solairuko eraikina da. Kultur etxe bihurtu zenetik, beheko solairuan zinema eta antzoki lanak egiten dituen aretoa, erakusketa aretoa eta haurrentzako liburutegia daude. Lehen solairuan dago helduentzako liburutegia. Bigarrenean, mediateka bat dute, ikus-entzunezkoekin eta euskarri digitalekin. Azken solairua da politena, Alonsoren esanetan: han atondu dituzte egoteko leku bat eta hemeroteka.
Bost irakurle klub dituzte, eta hilean behin biltzen dira: euskarazkoa, gaztelaniazkoa, ingelesezkoa, frantsesezkoa eta adimen emozionalarena. Umeentzako ipuin kontalaria ere izaten dute, euskaraz eta ingelesez.