Ibai Maruri Bilbao
“Ausarta eta gogotsua, baina ez da izan behar musikan jantzia kantujira batean parte hartzeko. Euskal kantugintza gustukoa duen edozein kantuzale eta euskaltzalek parte har dezake”, esan du Mari Carmen Elorriaga BEKE Bilboko Euskal Kantuzaleen Elkarteko kideak. Bilboko Konpartsekin batera, Bilbo Kantari egitasmoaren bultzatzaileak dira BEKEkoak, eta aurtengo Euskal Herria Kantuz eguna antolatzea egokitu zaie. Euskal Herri osoko kantujirak elkartzen diren jaia da, eta bihar egingo dute, Bilbon. Bazkarirako, 810 lagunek eman dute izena, eta, beraz, espero dute kantuan mila bat lagun ibiliko direla. Kantujira elkarteetan ez dabiltzanei ere agertzeko deia egin die: abestera, noski; baina, kantatu gura ez badute ere, behintzat entzutera eta jaiaz gozatzera azaltzeko egin diete dei.
Elorriagak aitortu du “harrituta” daudela izen ematearekin. Bilbokoek azkeneko biderrez 2014an antolatu zuten Euskal Herria Kantuz eguna, Zazpiak oihal batetik lelopean. Hurrena 2020an egokitu zitzaien ardura, baina COVID-19aren izurriak jairik gabe utzi zituen, aurten arte. Berriz batu ahal izateak sortu dien poza adierazteko, Eta elkartuko gara berriro leloa aukeratu dute. 2014an, seiehun lagun inguru ibili ziren Bilbon barrena kantuan. “Zaharragoak gara, pandemia bat pasatu dugu… Ikaragarria da ikustea zenbat elkartuko garen oraingoan; ez genuen espero”.
Elorriagaren esanetan, urteotan kantujira taldeak ugaritu egin dira, eta hori baino gehiago: indartu egin dira, eta, agian, horren ondorio izan daiteke parte hartzea hainbeste handitu izana. Esan du herri ertain guztietan eta txiki askotan kantujira taldea dagoela. Tokian-tokian ezberdina da talde bakoitzekoek kanturako duten maiztasuna. “Ateratzen direnak ugarituz joan dira, eta Euskal Herri mailako topaketa bat egiteko ere gero eta jende gehiago gara”.
Apurka, gaztetzen
Batez beste, nagusiak izaten dira parte hartzaileak, baina batzen zaizkie gazteak ere. Esaterako, Bilboko Kantari Bilboko Konpartsekin batera antolatzen du BEKEn. Hilero bigarren zapatuan irteten dira kantuan, Kalderapekotik, 20:00etan. Horrez gain, Aste Nagusian, San Tomas azokan eta urriaren 11ko Txikiteroen Festan ere egiten dute ezohiko kantujira hiriburuan. “Konpartsei esker, hainbat eta hainbat gazte etortzen dira gurekin. Kuadrillako plantxoa izaten dute: gurekin kantuan aritzea ordubetez edo ordu eta erdiz”. Elorriagaren iritzi pertsonala da pandemiaren ostean gazteen parte hartzea ugaritu egin dela.
Bihar ekainaren 17a da, eta, duela 45 urteko egun berean, Euskaltzaindiak bultzatutako Bai Euskarari kanpaina bukatu zen. Bilboko San Mames futbol estadioa jendez lepo bete zela gogoratu du Elorriagak. “Pentsatu dugu egun aproposa dela ekitaldi hari keinu bat egiteko. Kantujirak badira euskarari eta euskal kulturari bultzada emateko tokia, eta aukeratu ditugun kantuetan eta egunaren bukaeran presente egongo da egun hura”. Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa, Urko, Xabier Lete, Oskorri, Gorka Knörr, Gontzal Mendibil, Leon eta Maurizia, Enrike Zelaia, Artze anaiak, Xabier Amuriza… gogoan izango dituzte biharko jaian.