A. Igartua Aristondo
Hau zen galdera: zer esango zenieke helduei? Eta honako hauek erantzunak: ez ditzatela gutxietsi, errespeta dezatela haien artearekiko grina, ez diezaietela esan musika denbora-pasa hutsa dela, etorkizunik gabeko afizioa. “Ume batek gauzak beste modu batera ikus ditzake, deskubritu berri dituelako eta ez daramatzalako 50 urte horiek ikusten; beste modu batera uler ditzake, eta irudimenari tarte handiagoa eman”. Pare bat minutuz grabatutako ihardespenak bozgorailuetatik ateratzen, Bilboko Casilda Iturrizar parkean, Bilboko Kalealdia jaialdiaren aurkezpenean. Eta, ahozko adierazpenen ondoren, doinuak: haur horiek osatutako orkestra bat, Carlos Medranoren Merengue del Primer Dedo (Lehen hatzaren merengea) interpretatzen.
Ekintza soziomusikalean trebatzeko sortu zuen konposizio hori Medranok, Etorkizuna Musikatan programaren zuzendari Lukas Lopezen arabera, eta ezin egokiago datorkie programakoei, hori bera baita haien jomuga: Bilboko San Frantzisko auzoko 8 eta 16 urte bitarteko gazteekin egiten dute behar, musikaren bidez bizitzak eta egoerak eraldatzeko. “Arteak erabiltzen ditugu ez helburu bezala, baizik eta bide bat bezala. Ez dira musikari profesionalak: proiektu honen balioa prozesua da, musikariek topatu egiten dutela adierazteko leku bat”, Lopezen berbetan. Jaialdiko lehen egunean joko dute, astelehenean, hiriko Casilda Iturrizar parkeko ahateen urmaelaren inguruetan, 18:30etik aurrera.
Kultur bitartekaritzako lan baten ondorioz heldu da taldea Kalealdira. Olatz Gorrotxategiren gidaritzapean, parte-hartze prozesu bat egin dute ikasturtean, eta horren emaitza da Entzun ikuskizuna: 45 minutuko emanaldi bat, kaskoen bidez entzun ahal izango dena, eta hainbat pieza joko dituzte; tartean, Medranorena.
Kalean garatzen da jaialdia, oso-osorik, eta hori da orkestraren eremua ere, Lopezen esanetan. “Prozesu honek are gehiago gerturatzen gaitu kaleko arteetara, gure leku lehenetsia kalea baita, han egin baititzakegu ikusgai desberdintasun sozialak; komunitatean gara zoriontsu, eta, [Jose Antonio] Abreu maisuak zioen bezala, gure lekua da, jotzeko eta borrokatzeko”. Bada, orobat, eremu abegitsu bat, Lopezen irudiko. “Entzunak izango diren toki bat topatu dute”.
Jotzen hasi eta berehala, gainera. Kalealdiko aurkezpena biribildu dute haien doinuek, eta, bukatu eta lasterrera, berriro hasi dira, pareko arbola handi baten gerizpean. Parkean zeuden bospasei haurri atentzioa eman die musikak, eta pozik hurreratu dira interpreteengana; adi-adi eta jauzika ari dira haien inguruan.