Ametsak akabatzen

Okaranak alferrik galduta daude Txikerretxean, aurreko artikuluan aipatzen nuen abaildutako aranondoa kraskatu baita. Adarrak enborretik banandu dira goitik behera, eta ez zaie izerdia helduko fruituei. Aurten bikoiztuta zuen ekarpen oparoak aurreikusitako amaiera izan du, agian txarto inausi dudalako urteetan, gerizpe ederra lehenetsi baitut abaroan biltzeko.

Dena den, aste honetako gaia fruta izanik, badaukat aproposa den argazkia #sasitxiotx traolarekin argitaratzeko. Baita puzten diren arbolek dituzten arriskuei buruz hausnartzeko ere. Hausnarketa garaia da ekaina Kolitzapetik ere. Aranondoa nola, futbola hala. Ematen du berdin dela zeinek irabazten dituen hauteskundeak, futbolaren atzetik guraso askoren ametsak daude, ordezkari itxura hartzen dutenak berdegunearen bazterrean eta gizartearen igogailuaren tankera hartzen du. Ondorioz, halako azpiegituretan inbertsioak barreiatzen dira botoak erakartzeko, kultur arloko eragileei sortzen zaizkien lubakiak alfonbra gorrian agertzen dira. Ama Sayren 1993ko diskoaren titulua parafraseatuz, Enkarterrin ikusi ditut umeak futbolean ametsak akabatzen.

Jendeak mugitu dezala gorputza, izerdia, txiki-txikitatik banatzen baitira ibilbideak. Beste jarduera guztiak galtzaileen jarduerak dira, ala nesken jarduerak, bigarren mailakoak hutsaren hurrengoak ez direnean, futbolak bereganatu duen eremuak handitze neurrigabea izan duelako. Hitz arranditsuekin nahasia hazkunde asimetrikoa eta desorekatua sortu da, eredu politikoa zein erdeinu kulturala baliatuta, oso zaila daukana desikasteko prozesua.

Umearen apetak betearazi nahi ditugu, inguruko jardunak berarengan eragina izango ez balu bezala. Kirolaren alde onak goraipatuz, gizarteratzeko baliabidea delakoan, baina harreman horietan kudeatu behar dira esleitzen diren balioak, ikuskerak. Baita gazte-gaztetatik onartzen zaien sasi profesionalizazioa ere. Batzuetan futbolari buruz entzuten direnak lehen soldaduskari buruz entzuten ziren. Nire irudikoz, egungo eredua berdintasuna garatzeko oztopo bat da. Paradigma aldatu ezean, jai daukagu gizarte bezala. Kolitzapetik folklorikoena futbola izanik, dantzaren onurak aldarrikatzen hasi beharko genuke.

Esperientziak erakutsi digu etengabeko mugimenduak ez duela berez aurrerapenik ekartzen. Hormak, analogikoan zein digitaletako karteletan, CUP jarrita, hurrengo erdipurdiko txapelketa, loria banatuz izar berriei (etorkizunekoak) argi eta distira gehiago erantsi. Lorpen ñimiñoarekin beren kamera zein den galdetzen dutenak, telebistetan agertzen diren izarren antzera. Etengabe arrakasta emaitzen arabera, ondo marrazten duten umeen marrazkiak hozkailuaren atean jartzen diren moduan. Guggenheim hedatuan egongo balira bezalakoak dira metalezko euskarri horietan. Hautsa besterik hartzen ez duten oroigarriak, hautsak harrotzeko modukoak abaildutako gizartean.