Amaia Igartua Aristondo
Tokiak erakarri zuen, jantziak egiteko makina andanak, XIX. mendetik ondo kontserbatutakoak. Balmasedako La Encartada fabrika-museoa lehen aldiz ikusi zuenean, han zerbait antolatzeko gogoa piztu zitzaion Alberto Sinpatron moda diseinatzaileari. “Argi ikusi nuen: oihalgintza fabrikara eraman behar zen ostera ere”. Egitasmoa jaialdi batean mamitu zen: La Encartada Moda. Gaur eta bihar egingo dute aurtengo aldia, antzinako fabrikan, hark ematen dien giroan. “Uste dut baduela erromantizismo eta karga emozional bat, eta agertoki ezin hobea eskaintzen duela”.
Jaialdiaren %80 da kokapena, La Encartada Modako programatzaile Sinpatronen arabera. Baina agertokia baino gehiago da, fabrika-museoaren zuzendari Ainara Martinezen irudiko. “Hartu-emana dago museoaren bildumaren eta jantzien artean. Museoa bera da pasarela: modeloak eta soinekoak makinen artetik pasatzen dira. Eta makinak mugitzen dituen ardatza ikusten da saio bakoitzaren amaieran”. Fabrika izan zen garaiko makineria guztia du museoak, eta Euskal Herriko industria iraultzarekin lotura handia du; hortaz, egitasmoari “balio handia” ematen diola irizten dio Martinezek. Hori dena babestuta dagoenez, egokitzapenak egin behar izaten dituzte aurretik, eraikina eta bilduma jagoteko; baita ekitaldietan ere, parte hartzaileak ez daitezen gehiegi hurbildu makinetara.
Fabrika-museoak iraganeko giroa eskaintzen dio La Encartada Modari, eta biek ala biek bat egiten dute etorkineko jomugetan, zuzendariak xehatu duenez. Izan ere, jasangarritasuna du jopuntuan aurten egitasmoak. “Museoak ez daude iraganera begira, baizik eta etorkizunera. Eta museoek parte hartzen dute gizartearen kezketan. Museoarenak ere badira jakin-min hauek: nola birziklatu, energia nola kudeatu…”.
Arrisku jasangarria
Modaren industriaren erronkak ez dira gutxi, Sinpatronen berbei erreparatuta; batik bat, jasangarritasunari lotutakoak. “Une oso berezi batean gaude modaren industrian: hura non kokatu erabaki behar dugu”. Azaldu duenez, industria asko aldatu da azken hamarkadetan. Lehen, ekoizpena indibidualagoa zen, jantziak propio sortzen ziren, eta zainduagoak ziren prozesuak eta arropak eurak, diseinatzailearen iritziz. “Orain, kontrako aldean gaude: gaur egungo moda kontsumoa ez da egokiena, ez etikoki, ez ekologikoki. Uste dut orain moda katarsi batean dagoela: norabait jo behar du”. Hainbat eragile daude joko horretan: batetik, oihal enpresa handiak; bestetik, sortzaile eta ekoizle txikiak, lanketa indibidualagoa egiten duten horiek. Haiengan jarri du arreta Sinpatronek: “Horrek ematen du balioa: pieza apartekoak, zaintzak, diseinuak eta arriskuak”.
Kontsumitzaileak ere gogoan izan ditu La Encartada Modako programatzaileak. “Jabetu behar dugu zer ondorio dituen gaur egungo ekoizpen ereduak: zer eragiten duten tinduek, zer kutsadura sortzen den…”. Gutxiago eta hobeto erosi behar dela aldarrikatu du. “Ez da normala kamiseta bat bost-hamar euro kostatzea. Janari ekologikoa erosten dugunean, iruditzen zaigu prezio garestiagoa bat datorrela duen balioarekin, baina modan gehiago bilatzen dugu merkea dena, edo tendentzia dena…”.
Ez da kontu elitista bat, Sinpatronek dioenez, jantzi bat garestiago ordaintzeak ez baitu bermatzen etikoki taxututa dagoenik, batzuetan izenak prezioak puzten baititu. Kontrara, arriskatzea izan daiteke gakoetako bat, haren esanetan. “Gustatzen zaizun hori eraman behar duzu, kasik modu politiko batean: kalera irten, erakusteko modan denak duela tokia”.
La Encartada Modak ematen du horretarako abagunea, parte hartzaileen irizpideetako bat baita proposamen desberdinak aurkeztea, balio erantsia erdiestea. Batzuen diseinuek urte askoko jarduna dute akuilu, eta bestetzuek berritzeko gogoa dute hauspo, eta etorkizun oso luze bat. “Programatzerakoan, oreka bilatzen ahalegintzen naiz beti; erakusteko aukera bera eman nahi diet hasiberriei eta beteranoei”, azaldu du Sinpatronek. Baita bertakoei ere: Bilboko AIZA Coutureren ehun instalazioa bisitatu ahal izango da gaur eta bihar, eta, gaur, haren desfilea ikusi ahalko da, baita Pablo Gangoiti Berrizbeitia bilbotarrarena ere. Bihar, Bilboko beste bi diseinatzailek erakutsiko dituzte lanak: Alvaro Valcarcelek eta Rovelek. Nazioarteko artistentzako lekua ere egongo da: bihar, desfilean parte hartuko dute Bartzelonako Krizia Robustellak eta Madrilgo Repartok, eta Erresuma Batuko Daniel Lismorrekin topaketa bat antolatu dute. “Eskultura bizidunaren ideiarekin jolasten da: nola janzten den, nola agertzen den…”, ñabartu du Sinpatronek.