Ibai Maruri Bilbao
Ermuan 15.500 herritar pasatxo bizi dira. Horietatik ia %30 euskaldunak dira; beste %23k euskara ulertzen dute, nahiz eta ez diren berba egiteko gai. Baina, azken neurketen arabera, soilik %9,4k erabiltzen dute kalean. Ermuan ere euskaldunak badirela, euskaraz bizi gura dutela eta batzuk hala bizi direla erakusteko Ermuan Bagara jaia sortu zuten 2016an. Bihar egingo dute hirugarren aldia. Aurtengoan hizkuntzaren transmisioari eman nahi izan diote garrantzia, Ermuko Euskararen Birusa euskara elkarteko Manuel Morenoren arabera. Bizkaiko euskarazko aldizkari zaharrena argitaratzen du elkarteak —Drogetenitturri—, eta Ermuko Euskaltzaleen Sarearen sustatzaileetako bat ere bada. Sare hori da, hain zuzen ere, Ermuan Bagara jaiaren sortzailea.
Ermuan badituzte euskara etxean jaso duten euskaldunak. Oso inportantea izan da hezkuntza bidezko transmisioa ere: “Euskara ulertzen ez zuten guraso askok erabaki zuten seme-alabak eredu euskaldunetan matrikulatzea, eta askoren kasuan euskalduntzea bide horretatik etorri da”. Euskaltegien lana ere goraipatu du Morenok. Haren esanetan, kalean euskaldundu denik ere badago eurenean. “Bide horiek eusten diote bizi dugun gaztelaniaren egoera hegemoniko honetan berezkoa litzatekeen galerari. Irabazten ari gara, motel bada ere. Pentsatzen dugu transmisio batek bestea elikatzen duela. Badago euskara eskolan jaso duena, eta, gaur egun, seme-alabei modu naturalean transmititu diena”. Bihar, 12:00etatik aurrera egingo duten ekitaldi nagusian zabalduko duten mezuan transmisio hori goraipatuko dute.
Morenoren arabera, batzuetan euskaldunak ikusezin suertatzen dira Ermuan. “Baita gure artean ere: Sarri kostatzen da jakitea nor den euskalduna eta nor ez. Inportantea da kalean euskaldun moduan agertzea; norbanako moduan edo komunitate moduan, eta harremanak sortzea”. Ermuan Bagara jaia, beraz, helburu bi horiekin sortu zuten: ikusarazi eta harremanak sortu. “Euskaldunak garela erakusteaz gain, euskaldun izan, euskaraz bizi”.
Lehen aldi hura arrakastatsua izan zela gogoratu du. “Herri osoa bete genuen; inplikazio ikaragarria lortu genuen. Asko baloratu genuen beste kontu bat da antolakuntza prozesua oso aberatsa izan zela; batzorde asko sortu ziren: jende askok parte hartu zuen, euskaraz”. Horregatik, 2018an bigarrenez egin zuten. Bi urtean behingo bihurtzea erabaki zuten. Baina COVID-19aren pandemiak zapuztu zizkien asmoak 2020an. Iaz, ostera, Korrika antolatzen nahikoa lan izan zuten. “Udaberrian halako jarduera bi antolatzea gehiegi da”. Beraz, aurten egokitu da hirugarrena.
Ermuan Bagara egunak bestelako sinergiak eta dinamikak sortzeko aukera eman die, Morenoren esanetan: “Euskalgintzan gabiltzan taldeez gain, beste talde asko ere animatu dira antolatze lanetarako: kirol taldeak, ikastetxeetako guraso elkarteak… Baita [Espainiako] Estatuko erkidegoetako elkarte kulturalak ere: Gaztela eta Leonekoa, Extremadurakoa, Galiziakoa…; euren kulturaren berri ematen dute euskaraz”.
Arrastoa urte osoan
Denbora luzez ibili ohi dira Ermuan Bagara antolatzen; beraz, haren arrastoa ez da txikia izaten. Gainera, ez da elkarrekin antolatzen duten jarduera bakarra, Morenoren arabera: Hartzaren eguna, San Joan sua, San Martin azoka… ere bultzatzen dituzte. Modu horretan, haien artean sortzen diren euskarazko harremanak urte osora hedatzen dituzte.
Eragile guztien artean nabaritzen dute, gainera. Eskubaloi taldea ipini du adibide: “Jokalariak, zuzendaritza… oso euskaltzaleak dira denak, eta igartzen da: entrenamenduak euskaraz egiten dituzte, nagusiki; kartelak, bazkideen arteko harremanak…”.