Olatz Silva Rodrigo
Musikaz eta doinuz beteko dute ehunka lagunek Balmaseda igandean: Bizkaiko Abesbatzen 38. Eguna ospatuko dute, eta zazpiehun pertsona inguruko elkartuko dira bertan. Horietatik bostehun lagun izango dira koralistak. Gehienak, helduak. Horregatik, egunaren helburuetako bat gazteak erakartzea izango da. “Oso zaila da haurrak eta gazteak abesbatzetara erakartzea”, azaldu du Maxi Collado Bizkaiko Abesbatzen Elkarteko idazkariak. Hain zuzen, elkarte hori da urtero eguna antolatzeaz arduratzen dena.
Oro har, 37 taldek abestuko dute, eta bi bakarrik izango dira txikien eta gazteen taldeak: Balmasedako Gazte Kolitza Abesbatza eta Zornotzako Kantalai Abesbatza. “Egun, umeek jarduera asko egiten dituzte, eta abesbatzan parte hartzea ez da haien lehentasun bat”. Abesbatzak saiatu izan dira gazte taldeak sortzen, hurrengo belaunaldiek testigantza har dezaten. “Batzuek lortu dute, baina beste batzuek, ez. Oso zaila da”. Haurrek dituzten gainerako ekintzez gain, beste arrazoi bat ere badago halako taldeetara ez animatzeko: gazteek askotan ez dakitela zer den abesbatza bat. Colladoren iritzian, askok pentsatzen dute abestea bakarrik dela, baina “koreografiak” ere egiten dituzte, eta hori erakutsiko dute igandean.
Elizarekin ere lotu izan dira koruak. “Egia da talde asko parrokietan sortu zirela, baina ez du zertan loturarik izan”. Colladok gogoratu du koralek ez dutela irabazi asmorik. Kontzertuak emateko, beraz, ordaindu behar ez duten tokiak aurkitu behar dituzte. Hori dela eta, askotan, kontzertuak elizetan ematen dituzte. Baina errepikatu du ez dutela “zerikusirik izan behar”.
Balmasedako eta Zornotzako txikien eta gazteen bi taldeek batera kantatuko dute igandean. Hiru abesti kantatuko dituzte, eta gainerakoak beste hiru taldetan banatuko dira. Ahots Zuri Nagusien taldean emakumeen abesbatzek kantatuko dute, eta Ahots Lodien taldean, gizonek. Ahots Nahasiak izango da laugarren taldea. Gazteen taldeak bezala, bakoitzak hiru abesti egingo ditu. Eta, amaieran, guztiek batera abestuko dituzte Txanton Piperri ereserkia eta Agur, jaunak.
Tren berezia koralistentzat
Urtero Bizkaiko txoko batean egiten dute Abesbatzen Eguna. Iaz Sopelan egin zuten, eta han iragarri zuten aurten non egingo zuten. Izan ere, egun horretara arte inork ez daki zein izango den hurrengo geltokia: “Herri horretako alkatea edo zinegotzia joaten da, baina, momentura arte, isilpean gordetzen dugu”. Ez da lehenengo aldia koralistak Balmasedan elkartuko direna. Zehazki, seigarren aldia ere bertan egin zuten: 1987an.
Goizeko hamarretan batuko dira taldeak herrian. “Tren berezi bat izango dugu hara joateko; eta abeslarientzat bakarrik izango da”, zehaztu du Colladok. Urrunago bizi direnentzat, gainera, autobusak jarriko dituzte. Herrian elkartzen direnean, entsegu orokorra egingo dute. Sei hilabete daramatzate taldeek abestiak prestatzen, baina igandera arte ezingo dute batera entseatu. “Bakoitzak zuzendari bat dauka, eta bakoitzak bere erara entseatu du urtarriletik gaur arte; orain, denek batera egin behar dute”. Elkarteko idazkariak esan duenez, koralistak diziplina handiko pertsonak dira. “Asko ikasten dute; askok ez dakite ezer musikaz, eta etxean ikasten dute, audioekin edo dena delakoarekin”.
Entsegu ostean, kalejira egingo dute San Severino plazaraino. Han emango dute kontzertua, eguerdian. Kontzertua amaitzean, jai giroan jarraituko dute. “Taldeek abesten segitu ohi dute, bazkaltzeko ordua ailegatu arte”. Bazkaria pilotalekuan egingo dute. Eta 19:00 aldera hartuko dute trena, nor bere etxera bueltatzeko.
Eguneko giroa “aparta” izaten dela nabarmendu du Colladok. “Ni ez naiz abeslaria eta ez dut abesbatzetan parte hartzen, baina urteak daramatzat elkartearen parte izaten, eta harreman oso onak sortu ditut egun horietan”. Izan ere, igandean, aspaldi elkar ikusi ez duten lagunek berriz topo egingo dute. Colladok argi dauka onura asko dituela abesbatza baten parte izateak: “Jendea ezagut dezakezu, harremanak sortu, eta, batez ere, elkarrekin abestu. Abestea bera ere zoragarria da”.