Gotzon Hermosilla
EAJk erabaki zuenetik PSE-EE lehentasunezko bazkidetzat hartuko zuela erakundeetan gobernatzeko, bi alderdi horien arteko itunen dinamika nagusitu da EAEko instituzio maila guztietan, Jaurlaritzatik udaletaraino. Bizkaian ere bai. Salbuespen txiki batzuk egon dira; adibidez, bolada batean Barakaldoko PSEk muzin egin zion Amaia del Campo alkate jeltzalea babesteari. Baina, oro har, itunak funtzionatu egin du, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan indarrean egon da, 2015eko uztailean Unai Rementeria ahaldun nagusi izendatu zutenetik bere alderdiaren eta batzarkide sozialisten botoekin.
Koalizioan gobernatzeak baditu bere onurak, begien bistakoa denez, baina ajeak ere baditu, eta horietako batzuk hauteskunde kanpainan agertzen dira, alderdi bakoitzak zer mezu gizarteratu nahi duen erabaki behar duenean. Elkarrekin gobernatu dute jeltzaleek eta sozialistek Bizkaian azken bi agintaldietan, nork bere esparruan baina, teorian, gobernu bakar bat osatuz eta erantzukizunak partekatuz. Eta orain, kanpaina iritsi delarik, norberaren lorpenak saldu eta lehiakidearenak kritikatzeko abagunea da.
Eta, jakina, elkarrekin gobernatu dutenentzat egoera bitxiak eta zenbaitetan deserosoak ere gertatzen dira. Zilegi al da gobernuko bazkide batek bestearen jarduna kritikatzea, ordura arte elkarrekin jardun dutela ahaztuta? Noraino eraman daiteke kritika hori norbera nabarmen gelditu gabe? Hor ez al dago kontraesanik?
Ataka horretan, EAJ egoera erosoagoan dago. Hura da koalizioko bazkide nagusia, badaki herritarrek jeltzaleekin identifikatzen dutela aldundiaren jarduera, eta, horregatik, kanpainako mezuetan ez du indar askorik xahutu sozialistei kritika egiten, eta, kritikatu duenean, PSOE, Pedro Sanchez eta Moncloa izan dira kritiken jomuga, bertoko sozialisten jarduera baino gehiago. Bestalde, EAJk argi du hauteskunde hauetan EH Bildu duela arerio nagusi, eta koalizioari egin dizkio kritikarik zorrotzenak.
Ataka zailagoan dago PSE-EE. Kanpaina hasi aurretik, ematen zuen tentu handiz neurtzen zituela EAJri egin beharreko kritikak, baina kanpainak aurrera egin ahala, kritika horiek areagotu egin dituzte. Barakaldoren adibidera itzulita, sozialisten orain arteko mezua izan da herria zikin dagoela, indarra galdu duela, Ezkerraldeko hiri nagusia izateari utzi diola. Eta horiek guztiak egia izan daitezke, baina horrelakoak entzunda, kanpoko begirale batek ez luke sinetsiko azken lau urteotan sozialistak ere udal gobernuan egon direla, jeltzaleekin elkar hartuta.
Pentsa daiteke Elkarrekin Podemosen kasua ere antzekoa dela: Ahal Dugu PSOErekin bat eginda dago Espainiako Gobernuan, eta, hala ere, kanpainan ahoan legarrik gabe aritu dira sozialisten kontra. Baina abantaila batekin jokatzen du EPk: haien mezua da sozialistak mugiarazteko lan egiten dutela, eta errazago zaie Etxebizitza Legea eta halako neurriak lorpen propiotzat aurkeztea, gogoko ez dituzten beste neurri batzuk sozialistei egozten dizkieten bitartean. Hala ere, bitxia izan zen Ione Belarrari Bilbon egindako mitinean Espejo teniente jeneralaren izendapenari buruzko kritikak entzutea, bera Espainiako Ministroen Kontseiluan Fernando Grande-Marlaskaren ondoan eseriko ez balitz bezala.
“Amaia del Campok ez du merezi Barakaldoko alkatea izatea”, esan zuen Eneko Anduezak joan den astean, Barakaldon egindako mitin batean. Kanpaina amaituko da, hauteskundeak pasatuko dira, EAJk eta PSE-EEk ituna egingo dute berriro, eta sozialistek Del Camporen aldeko botoa emango dute, euren ustez merezi ez duen ardura baterako. Bai, itunen jokoak horrelako ajeak ditu.