Amaia Igartua Aristondo
Gizarteak dauzkan jakin-min eta kezka berberak dira, artearen galbaheak edertuta, batzuetan umorera jota, eta besteetan drama gordinagora. Elkartasuna du oinarri Hortzmuga antzerki taldearen El viejo, el buzo y la mar lanak (Agurea, urpekaria eta itsasoa), eta itsasoko hondakinak jaso eta berrerabiltzen dituen gizon bat da protagonistetako bat; generoaren inguruan hausnartzen du Kimua dantza kolektiboaren GenEroa ikuskizunak; eta etorkizun utopikoekiko beldurrez mintzo da Piszifaktoria ideien laborategiaren Asfaltoaren azpian, euria obra. Ingurumenarekiko ardura, berdintasuna, etorkizuneko eta egungo izuak: askotariko gaiak jorratuko dituzte Leioako Umore Azokaren 23. aldian.
Atzo hasi zen kaleko arte eszenikoen jaialdia, eta domekan amaituko da. Egun horietan, guztira, 43 konpainiek 90 emanaldi egingo dituzte, eta herriko hamazazpi lekutan ikusi ahalko dira lanok. Hamasei estreinaldi izango dira, orotara, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamazazpi talde bilduko dituzte aurten. Antolatzaileen arabera, arte eszenikoekin lotura duten hirurehun profesional inguru bertaratuko dira egunotan; hala nola programatzaileak, hornitzaileak, ekoizleak eta artistak.
Berezia da Leioako Umore Azoka, egitarau osoa aire zabalean garatzen duelako. Eta antzeztokiak moldatu egiten du obra bera, Alberto Garcia koordinatzailearen irudiko. “Kaleko antzerkian denak bor-bor egiten du zure inguruan, ez dago isiltasunik, igarotzen dira autoak eta txakurrak, umeak txilioka ari dira gertu… Konpainia askok gauza horiek ikuskizunetan sartzen dituzte, inprobisatzeko ahalmen handia baitute”. Ekarpena egiten die kaleak artistei, hain justu, bestelako pizgarriak eta estimuluak ematen dizkielako, eta ikusleekiko hartu-emana oparoagoa delako. “Freskotasuna ematen die, eta erreakzionatzeko ahalmena”, Garciaren hitzetan.
Era berean, kaleak ekarpena egiten dio ikusleari. “Arte eszenikoetako jarduerarik demokratikoenetakoa da. Kalean zaude, topo egiten duzu antzezlanen batekin, parte hartzen duzu —obra gehienetan ikusleak aktoreen parte dira—”. Aretoetako emanaldiekin alderatuta, kaleko antzerkiak bide ematen du alde egiteko. “Ikuskizunak aspertzen bazaitu, edo ez baduzu nahi parte hartu, joan zaitezke beste ikuskizun batera, edo buelta bat ematera. Aretoetan, hori ezin da egin”.
Diziplinen uztarketa
Ibilbide luzea du Umore Azokak dagoeneko, eta, antolatzaileen arabera, erreferentziazko topaketa bilakatu da. Urte horietan guztietan, azoka antzaldatu egin da, ezinbestean, Garciak azaldu duenez. Hasierako aldietan, antzerkia eta zirkua programatzen ziren nagusiki, eta dantza saioren bat ere antolatzen zuten. “Sektorea eraldatuz joan den heinean, azoka ere aldatuz joan da; hazi egin da. Orain, bestelako emanaldiak ikus ditzakegu: antzerkiaz eta zirkuaz gain, badago dantza, performanceak, instalazioak…”. Eta, gainera, diziplinok hartu-emanetan daude euren artean. “Uste dut adarrak fusionatuz joan direla, eta adar berriak sortu direla”.
Kale antzerkia bizirik dago, pandemia eta bestelako krisiak gorabehera. Bizkaian bai, bederen, koordinatzailearen berbei erreparatuta: “Egoera ona da, emanaldiak badaude, eta konpromisoa dago erakunde publikoen partetik: haiek bultzatzen dituzte kontratazioen %80-90”. Orobat, atxikimendua dago ikusleei dagokienez ere, nabarmendu duenez. “Jendeak eguna pasatzen du Leioan. Eta batzuek konpainia jakinak bilatzen dituzte, aurreko ikuskizunen batek utzitako oroitzapen ona baitute”.