Mikel Garcia Martikorena
Ondarroak hirugarren aldiz hartuko du Bizkaiko ikastolen festa. 1993an eta 2011n antolatu ostean, etzi egingo dute 2023ko Ibilaldia herrian, Xe lelopean. Zubi Zahar herri ikastolak antolatu du. Josune Bañales Ibilaldia elkarteko lehendakariak dio euskara eta elkarlana “hauspotzeko” eta ikastolen proiektua “bultzatzeko” egun “zoragarria” izango dela datorren igandekoa. Eguna “euskaratik eta euskaraz” ospatzeko hamaika ekitaldi antolatu dituzte, Ibilaldiak aurten izango dituen lau guneetan. Gune horiek bost kilometroko ibilbidearen barruan egongo dira. Haietan egongo diren kontzertu eta ekitaldiez gain, beste zazpi ikuskizun eta musika ibiltari daude aurreikusita.
Ibilaldiko bost kilometroak ibai ertzean zehar igaroko dira, ibilbide “ikusgarria” osatuz. Lau guneak ere ibai ertzean egongo dira. Gune bakoitzaren izena ondarroarren hizkerara moldatu dute, xe atzizkia gehituta: Zubixe, Mazixe, Herrixe eta Talaxe. Iraitz Arantzamendi Zubi Zahar herri ikastolako lehendakariordearen esanetan, izenak ez dituzte ausaz hautatu, bakoitzak bere esanahia baitu.
Zubixe gunea ikastolan egongo da, eta “transmisioari eta elkarlanari” oihartzun egiten dio. Mazixe, anexoan egongo da. Hitz hori arrain birrinduz egindako oreari izena emateko erabiltzen dute ondarroarrek. Antolatzaileen ustez, “jai giroa iradokitzeko aproposa” da. Zeledonion dagoen guneari Herrixe izena jarri diote, herri ikastola bat direlako eta “herriak eusten” diolako proiektuari. Laugarren gunea, itsasaurrean egongo da; Talaxe izena jartzea erabaki dute, ikastolan “etorkizunari eta berrikuntzei” begira daudela adierazteko.
Jaiaren ardatzak
41. Ibilaldiaren leloa Xe da, guneen izenekin bezala, Ondarroako hizkerari keinu eginez. Zubi Zahar herri ikastolako lehendakariordeak azaldu duenez, leloa Ibilaldia “herrira gerturatzeko” ahalegina da: “Ibilaldia gurera ekarri nahi izan dugu hizkuntzarekin jolastuz; izan ere, Ondarroan Ibilaldiari Ibilaldixe esaten diogu”. Hizkuntzarekin jolasteko gogo hori etzi bertaratzen direnen artean “kutsakorra” izatea nahi du Arantzamendik. Hori dela eta, euskaraz “harro eta lotsagabe” egitera gonbidatu dituzte Ondarroara joango direnak.
Euskararen erabilera hauspotu eta sustatzea da Ibilaldiaren helburu orokorretako bat, baina jaia antolatzen duten ikastolek urtero helburu jakin batzuk jartzen dizkiote euren buruari Ibilaldia antolatzeko orduan. Arantzamendik esan du bost helburu nagusi dituztela. Hasteko, “euskara eta euskal kultura ardatz” dituen ikastola herrira zabaltzeko aukera dela uste dute Zubi Zahar ikastolan. Bigarrenik, herriko eragile eta taldeekin harremanak “sendotu” nahi dituzte. Hirugarrenik, Ondarroako hezkuntza komunitateak Zubi Zahar ikastolarekiko eta haren hezkuntza ereduarekiko atxikimendua “handitzea”. Bestalde, ikasleei auzolanaren garrantzia erakusteko ekinaldi bat izan daitekeela uste dute, gurasoen eta ikastolako komunitatea “eredu” izanik. Bosgarrenik, baliabide ekonomikoak biltzeko aukera dela azpimarratu du Arantzamendik; izan ere, ikastola “pedagogia berrietara” egokitu behar dutela uste du.
Jaiaz harago
Bizkaiko ikastolen aldeko festak bere buruari zenbait zeharlerro jarri dizkio aurtengo aldirako. Horietako bat, urtero legez, euskararen sustapena bultzatzea da. Horretarako, jai giroan antolatutako joko, kontzertu eta ikuskizunez gain, aldarrikapenerako lekua egongo dela baieztatu du Arantzamendik. 11:30ean, Talaxe gunetik, Azterketak Euskaraz ekinaldiaren aldeko mobilizazioa irtengo da. Hizkuntza bultzatzeaz gain, bestelako zeharlerroak aukeratu dituzte; haien artean, parekidetasuna eta hezkidetza, eta inklusioa.
“Sexuari eta generoari lotutako rolak gainditzen” dituen jai bat nahi dute Bizkaiko Ikastolen Elkarteko arduradunek. Gainera, “behar desberdinetako pertsonentzako” ibilaldia diseinatu dutela baieztatu dute, “denentzako” eguna garatuz. “Ondarroako kaleetan denek lekua dutela ziurtatzeko”, pertsona guztientzat errespetua eskatzeaz gain, Eider Galarraga Zubi Zahar herri ikastolako lehendakariak eraso sexistak arbuiatu ditu, Ibilaldia ezin delako “mutu” geratu horrelako egoeren aurrean. Are gehiago, “aske bizi eta gozatzeko” Ibilaldia aldarrikatu du.
Galarragak eskaera egin du guneak garbi uzteko, hondakinik gabeko festa bat egitea “guztien” erronka dela azpimarratuta. Ondarroako Ibilaldia antolatu den guneen kutsadura eragozteko, baina, ez dira soilik hondakinak alboratu behar; hortaz, Galarragak garraio publikoa erabiltzera gonbidatu ditu igandean Ondarroara joango direnak. Jasangarritasunaren ikuspuntua bermatzea zeharlerroetako bat da. Dena den, lau aparkaleku egokituko dituzte autoan iristen direnentzat.