Udaberriko bisitarien errolda bat

Udaberriko bisitarien errolda bat

Amaia Igartua Aristondo

Sopelako Kiribile elkarteak asmoa du udaberrian herrian egoten diren enara azpizuriak, enara arruntak eta sorbeltz arruntak identifikatzeko, eta herritarrei dei egin diete lan horretan laguntzeko. “Jakin nahi dugu ea asko edo gutxi diren, ea herri osoan dauden edo toki jakin batzuetan, eta ea zenbat habia dauden, eta non”, azaldu du Aitor Zubillaga Garrido elkarteko kideak. Txoriok edo haien habiaren bat ikusiz gero jakinarazteko eskatu du elkarteak, eta kokaleku zehatza adierazteko, ahal bada zenbat habia eta hegazti dauden zehaztuta eta argazkia aterata.

Hegazti migratzaileak dira denak. Tamaina gorabehera —25 gramo inguru pisatzen dute, zehaztu duenez—, 5.000 kilometro inguruko bidaia egiten dute Afrikatik Euskal Herriraino, Sahara osoa zeharkatuta, besteak beste; migrazio nekeza, beste hegazti espezie batzuenarekin alderatuta. “Urtero-urtero etortzen dira, aurreko urteetan erabili dituzten habietara”. Kumeak egiten dituzte, eta jatorrira itzultzen dira ondoren. Ez dira zailak identifikatzen: ohiz, enarek eraikinetan egiten dituzte habiak, eta sorbeltzek ez dute habiarik taxutzen, eta zuloak aprobetxatzen dituzte kumeak edukitzeko. Behatu besterik ez da egin behar horiekin denekin topo egiteko. “Paseatu besterik ez da egin behar, kaleen artean, inguru naturaletan eta baserrien parean. Elkarrekin hegan dabiltzanean, zaratatsuak izaten dira”.

Bioaniztasuna babesteko asmoa du Kiribileren egitasmoak, baita hegaztien garrantzia nabarmentzekoa ere. Izan ere, enarek eta sorbeltzek intsektuen kopurua orekatuta egon dadin laguntzen dute, bakoitzak 850 euli eta eltxo jaten baititu egunean.

ENARA AZPIZURIA

Galera nabarmena

Enara arruntak eta azpizuriak heldu dira Sopelara, eta laster iritsiko dira, halaber, sorbeltzak. Baina gero eta gutxiago Euskal Herriratuko dira. Izan ere, Aranzadi eta ornitologian adituak diren bestelako elkarte batzuk txorion beherakadaz ohartarazten ari direla aipatu du Zubillagak. “Gero eta gutxiago ugaltzen dira; joera orokorra da hegazti gehienetan”.

Hainbat dira arrazoiak, elkarteko kideak aletu duenez. Besteak beste, klima aldaketarekin du zerikusia. Batetik, intsektuen kopurua jaisten ari da, eta, horrenbestez, hegaztiok gero eta elikagai gutxiago dute eskuragai —intsektiziden erabilerak ere eragina du horretan, orobat—; bestetik, sikatea dela eta, enara arruntek eta azpizuriek lokatz gutxiago dute habiak egiteko. “Habiak apurka-apurka egiten dituzte, bolatxoak itsatsiz, osatu arte”. Mila joan-etorri inguru egiten dituzte basaren bila, habia bakarra egin ahal izateko. “Gune busti horiek gero eta urriagoak dira”. Bestalde, enara arruntek etxe zaharretan eta gisa bereko tokietan egiten dituzte habiak sarri, eta habitat horiek ere gero eta gutxiago dira.

Sorbeltzek ere, batzuetan ez dute izaten habia non egin. “Fatxadak konpontzen direnean, zuloak estali egiten dira; haiek ez dauden garaian egiten bada, ez dago arazorik, baina, orain estaltzen badira, haien habiak itxita topatuko dituzte”. Era berean, txorion habiek eragozpenak sor diezazkiekete bizilagunei —batik bat, gorotzengatik—, eta, hortaz, gerta liteke norbaitek habia kentzea.

Horrela, bizilagunekin duten harremanari ere erreparatuko diote Kiribileko kideek. Jakinarazten dietenean habia bat topatu dutela, elkarteak egiaztatu egingo du, eta eraikinean agiri bat jarri, bizilagunei adierazteko zer topatu den, eta esateko arazorik baldin bada haiekin harremanetan jar daitezela (kiribilesopela@gmail.com helbidera idatzita). Halaber, orriotan ohartaraziko dute txorion garrantziaz, eta horiei kalte egiteak dituen ondorioez. “Hegazti horien habiak legez babestuta daude eta suntsitzea delitua da”.