Kalean elkartzeko aldarria

Kalean elkartzeko aldarria

Zihara Jainaga Larrinaga

Maiatzeko lehen asteburuan topaketa garrantzitsua izaten dute Arrigorriagan, urtero, azken ia hiru hamarkadetan. Herriko kale bazterrak clown eta pailazoz betetzen dira, herritarrei umorea eta ondo pasatzeko grina transmititzeko asmoz. Aurten ere ez da gutxiago izango: gaur hasi eta igandera bitarte, hamazazpi ekintza antolatu dituzte Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko 28. Jaialdian. Orotara hamabost konpainiak parte hartuko dute. Urteko lehena izanik, kale antzerkiaren Euskal Herriko jaialdien denboraldia irekiko dute.

Kaleak berpizteko, erabiltzeko, kaleko ikuskizunak antolatzeko nahiarekin sortu zen jaialdia, 1995. urtean. “Duela 28 urte, oso jaialdi gutxi zeuden. Mota askotako kultur ekintzak antolatzen ziren herrian, baina arte eszenikoen alorrean hutsune bat zegoen, are gehiago kalean”, azaldu du Amagoia Garaizabal Arrigorriagako udal kultur teknikariak. Hainbat urte daramatza jaialdiaren zuzendari lanetan. Egoera aztertuta, udalaren oniritziarekin, zituzten baliabide urriekin eta, bereziki, erakunde zenbaiten laguntzarekin animatu ziren lehen aldiz jaialdia antolatzera. Gaurdaino. Hasieran, Magia, payasos y arte callejero (Magia, pailazoak eta kaleko artea) zuen izena jaialdiak. Baina, Garaizabalek adierazi duenez, denborarekin beste herri batzuetan ere magia eta umore azokak antolatzen hasi zirela ikusi zuten, eta, hutsunea betetzeko asmoz, pailazo eta clownen nazioarteko jaialdia bilakatu zen.

Kalea da jaialdiaren ardatza eta oinarria. Kale antzerkiaren jaialdi bat izanik, kaleak erabiltzea da lehentasuna; jendea kalean elkartzea. Helburua jendea kalera erakartzea da. Jendeak kalean egin daitezkeen ikuskizun proposamenez gozatzea. Publiko guztiarentzat pentsatutako jaialdia da Arrigorriagakoa. “Publiko familiarra da gurea, batez ere. Badaude bereziki umeentzat diren ikuskizunak. Gaueko emanaldiak, bestalde, helduentzat dira”. Ekintza guztiak doakoak izaten dira. Hori horrela, egitaraua prestatzerakoan kalean egin daitezkeen ikuskizunak hartzen dituzte kontuan. “Ez dira berdinak kalean eta antzokietan egiten diren antzerki ikuskizunak. Gure lehentasuna kalean antzezteko sortu eta prestaturiko antzezlanak hautatzea da”. Azken urteotan nabaritu dute konpainiek toki batean zein bestean eskaini ahal dituzten antzezlanak sortzen dituztela.

Ikuskizunak Arrigorriagako kaleetan eta hainbat gune eta auzotan antolatzen dituzte. Antolakuntzari dagokionez, toki gutxi batzuetan egitea errazagoa bada ere, joan den urtean hasi ziren emanaldiak herrigunean ez ezik herriko beste zenbait auzotan ere eskaintzen; Abusu eta San Antonio auzoetan, adibidez. Aurten mantendu dituzte. Bestalde, ikuskizun batzuk finkoak izaten dira; besteak, mugitzen direnak. Euria egiten duenetan, berriz, kiroldegian egiten dira antzerki ikuskizunak eta bestelakoak. “Badakigu ez dela toki aproposena, kalean egitea aldarrikatzen baitugu. Baina ez dugu publikoa aukerarik gabe utzi nahi”, dio Garaizabalek .

CAPICUA. NÜSHU

Urtero eskaintza ezberdina izaten dute, artisten proposamenak aldatuz baitoaz, baina egitura bera izaten da. Dituzten baliabide xumeekin nazioarte mailan arte eszenikoen alorrean ezagunak eta hoberenak direnak ekartzen saiatzen direla aitortu du Garaizabalek. Antolatzaileek hiru ardatzetan banatu dute egitaraua: Euskal Herriko artistak, Espainiako Estatukoak eta nazioarte mailakoak. Euskal Herriko konpainiak bederatzi izango dira aurten, Espainiako Estatukoak lau, eta nazioartekoak beste lau. Horietatik, testurik gabe lau, euskaraz lau, eta gaztelaniaz sei.

Programazio artistikoari dagokionez, emakumeen lanetarako begirada berezi bat izaten dute. “Zuzendaria eta aktoreak emakumeak izanik, taularatzerakoan soilik emakumeak baldin badaude, emakumeen balioak hobeto islatzen dira. Hori aldarrikatzen eta ikusgarri egiten saiatzen gara”. Aurten, adibidez, Estefania de Paz nafarra izango da. Gaur bertan eskainiko du La Reina del Arga (Argako erregina) ikuskizuna. Abusu auzoko zentro soziokulturalean izango da 18:00etan. Igandean, bestalde, Capicua konpainiako neskek Nüshu antzezlana eskainiko dute kiroldegian, 20:30ean.

Antzerkia baino gehiago

Clown eta pailazoez gain, kaleko artetzat jotzen diren lanak ere aintzat hartzen dituzte Arrigorriagako jaialdiko egitarauan. Horren erakusle, Euskal Herriko Piszifaktoria ideien laborategia Asfaltoaren azpian, euria emanaldiarekin etorriko da gaur, 21:30ean. Udaletxeko plazan izango da, baina soilik talde txiki batek izango du gozatzeko aukera. Dantzaren alorrean, bestalde, Maitane Sarralde artistak Desanuda eskainiko du igandean, 18:00etan, Pergolan.

Badira jaialdiak hasieratik mantentzen dituen ezaugarri batzuk. Bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte: erakusketak, tailerrak, ikastaroak… Esaterako, hilaren 18a bitarte ikusi ahalko da Tira Ta Floja konpainiaren Dragoiak, izaki fantastikoak erakusketa, Euskaldun Berria erakusketa gelan. Horrez gain, gaur, 17:30ean, Abusu auzoan, Slackline jolasaz gozatu ahalko dute 6 eta 12 urte bitarteko haurrek.

Garaizabalek dioenez, jaialdi xumea bada ere, kalitatezko ikuskizunak eskainiz, Arrigorriaga ikusgarri egiten du Euskal Herrian. “Jendea arte eszenikoetan murgiltzeko aukera bat da; polita da familiak bertaratu eta sorpresak hartzen dituztela ikustea”. Egindako proposamenak egunerokoan baliagarriak izatea gustatuko litzaioke, eta erakundeen lana goraipatu du, diru laguntzak eskertuz. “Oso argi dute konpainiek aurrera egin dezaten beraien beharra dutela, eta babesten dute esparru guztietan. Hori gabe, kultura ez litzateke horren aberatsa izango”.