Erosahalmena bermatuko dien ituna eskatu dute GUFEkoek

Erosahalmena bermatuko dien ituna eskatu dute GUFEkoek

Ibai Maruri Bilbao

Hemen lan egin, hemen erabaki. Lelo horrekin manifestazioa egin zuten GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langileek martitzen goizean, Bilboko Kale Nagusian. LAB, ELA, UGT, CCOO eta SATSE sindikatuek deitua zuten. 2019an iraungi zitzaien lan ituna berritu ezinik dabiltza, langileek erosahalmena bermatuko dien soldata igoera eskatzen dutelako, baina Bizkaiko Foru Aldundiak ezetz erantzuten dielako: esaten die Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin langile publikoentzat itundutako soldata igoera baino ezin diela eskaini. Esaterako, 2023rako %2,5eko igoera litzateke. Sindikatuek salatu dute Espainiako Estatuko aurrekontuek baldintzatzen dutela negoziazioa, eta horregatik aldarrikatu dute Bizkaian negoziatu beharra mobilizazioetako leloan.

GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak eskaintzen dituen gizarte zerbitzuez arduratzen den foru sozietate autonomoa da. Besteak beste, erakunde horrek kudeatzen ditu Bizkaian dauden adinekoen egoitza publikoak. “Ez dugu gehiago kobratu nahi: erosahalmenari eustea eskatzen dugu; besterik ez”, zehaztu du Asier Izquierdo Bizkaiko Foru Aldundiko langile batzordeko kideak. Haren esanetan, hainbat proposamen egin dizkiote diputazioari, baina, salatu duenez, diputazioak ez du Espainian adostutakotik aldendu gura. “Blokeo” horren ondorioz, itunak jaso beharreko beste arlo batzuk ere negoziatu ezinik dabiltza. Batez ere, telelanari eta kontziliazioari dagozkionak nabarmendu ditu Izquierdok.

Fuen Garroce GUFEko berdintasun teknikaria da, eta, bereziki, telelanaren auziari erreparatu dio. “Pandemia hasi zenean ezarri zuten, baina orain ez dugu eskatzeko aukerarik izan. Gaur egun enpresa pribatuetan telelanean aritzeko aukera dute, baina langile publikoek ez dugu”.

Itunpekoak, greban

Bilboko Foru jauregian abiatu zuten martitzeneko manifestazioa, eta han bukatu zuten. 11:00etan zuten irteteko ordua, baina berandu abiatu ziren. 11:30ean Bizkaiko itunpeko zahar etxeetako langileek elkarretaratzea zuten leku berean, ELA sindikatuak deituta. Beraz, atzerapena zela eta, bat egin zuten, eta elkarri txalo eginez eman zieten batzuek besteei lekukoa. Bizkaian zaintza arloak bizi duen gatazka egoeraren adierazle izan zen. GUFEkoak iristean, itunpeko zahar etxeetako batek zera esan zien harekin zeudenei: “Egoitza publikoetakoak haien baldintzez kexu, eta gu haienekin amesten”.

ELA sindikatuak deituta, hamahiru eguneko greba egiten ari dira zahar etxeetan joan den barikuan hasita. 2021etik etenda dago negoziazioa. Hainbat dira ELAren eskaerak: plantilla handitzea, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileekin berdintzea, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea eta lanaldi osoko kontratu gehiago egitea. Horrez gain, eskatu dute 60 urtetik gorako beharginei lanaldia murriztea.