A. Igartua Aristondo
Iaz egin zuten Artoteka lehen aldiz, Barakaldon, eta katalogoan bertoko artista baten lanak gehitu zituzten: Adrian Piedrarenak. Aurten Sestaon kokatu da egitasmoa, eta, hala, sestaoar bat gehitu da bildumara: Borja Gomez (1993). Pintura jorratzen du, batez ere, eta haren pare bat margo daude mailegagarri Artotekan, baina argazkiak jarri ditu ikusgai herriko Gaztelekuan. 2019an, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ertibil deialdian bigarren geratu zen Gomez, eta Japonian bi hilabeteko egonaldia egin zuen; han egindakoak dira argazkiok.
Ertibileko sariak pinturan sakontzeko bidea eman zion, baita beste bide batzuetan murgiltzeko ere; argazkilaritzan, kasurako. “Bidaiatzen ari zarenean, eta egin behar duzun bakarra sortzea denean, dena aktibatzen zaizu; batez ere, testuinguru hain desberdin batean. Denak ematen dizu arreta, dena erregistratzeko beharra duzu”. Hori horrela, argazki artxibo mardul batekin itzuli zen Japoniatik, 3.000 irudi inguru egin baitzituen. Horietatik guztietatik bi hautatu ditu, eta diptiko bat eratu du.
Jakin-min emankorra
Argazkiak parean daude, baina Gomezek ez du izan haien artean esanahi jakinik ezartzeko asmorik. Loturak egiteko ardura ikuslearen gain utzi du. “Bi irudi batzen ditudanean, esanahi berriak sortzen dira, eta askotan nire nahietatik kanpo daude. Inportantea iruditzen zait tokia uztea, misterio antzeko bat sortzeko”. Argazkiek hizpide dituzte bidaia, noraeza eta gaztetasuna, oro har, baita halako leku urrunetan gertatzen diren erregistro eta kode aldaketak ere, artistaren hitzetan. “Gure ordura arteko ezagutzak jada ez digu balio: ez dakizu kalean mugitzen, edukatua izaten… Eta hori lantegian ere igartzen da. Hori izan zen esperientziaren alderik aberasgarriena”.