Zihara Jainaga Larrinaga
Adinak adin, uneren batean mundu guztiak pentsatu ohi du bizitzaren amaiera nolakoa izatea nahi duen edota gaixotasun kasuan jaso nahi duen tratua zein izango den. Aurretiazko borondateak dira horiek; hots, borondaterik eta erabakirik hartzeko gaitasunik gabe aurkituz gero, norbere gorputzarekin zer egin nahi den jasotzen duten nahiak. Hain zuzen, 2002an Eusko Legebiltzarrak onartutako Aurretiazko Borondateen Legeari esker, egun, xehetasun horiek guztiek legez erregistratuta utz daitezke dokumentu baten bidez. Aurretiazko Borondateen Dokumentua deritzona bete behar da horretarako, eta osasun sistemako historia klinikora atxiki. Bizkaiko Medikuen Elkargoak aholkularitza zerbitzua jarri du martxan, dokumentua egin nahi duten herritarrei prozesua erraztu eta agiria osatzen laguntzeko.
“Herritarren artean oso zabaldua dago hiltzearekiko beldurra, baina errealitatea da denok hil behar garela. Horregatik, beldurra kendu behar zaio heriotzari loturiko guztiari”, esan du Joseba Atxutegi Bizkaiko Medikuen Elkargoko bigarren presidenteorde eta Aurretiazko Borondateen Bulegoko koordinatzaileak. Dokumentua egiteak onurak dituela azpimarratu du: “Gaixotasun baten amaieran edota ustekabeko istripu larri baten osteko une zail eta gogorretan familiek ez dute jakiten zer egin, bestelako kontuak dituztelako buruan. Nahikoa izaten dute egoera onartu eta mina eramaten. Sarritan, beraien artean tentsioak eta desadostasunak ere izaten dira. Horregatik, pazienteak aurretiazko borondateak idatzita uzteak familiei ematen dizkie erraztasunak, batik bat”.
Hain zuzen, Aurretiazko Borondateen Dokumentua betetzerakoan, pazienteak nahi duena adieraz dezake, betiere legearen barruan badago: zein tratamendu jaso, hiltzerakoan gorputzarekin zer egin, nola eta non hil nahi duen, organoekin zer egin edota dementzia bat izaterako kasuan nola jokatu, besteak beste. Organoen kasuan, adibidez, emaile izan ahal izateko gaur egun ezinbestekoa da ospitalean hiltzea. Era berean, Atxutegik zehaztu du dokumentuak ez duela eutanasiarekin loturarik. Dena den, bertan zehaztu daiteke eutanasia aplikatzea nahi den ala ez. Bestalde, mediku eta osasun langileentzat ere baditu onurak: dokumentua Osakidetzako historia klinikoan jasotzen da, eta, hala, medikuek momentu horietan nola jokatu eta zein erabaki hartu jakin dezakete, eta, neurri batean, erantzukizuna kentzen zaie.
Egitea ez dago sobera
Atxutegik azpimarratu du dokumentua herritar guztientzakoa dela, eta nahi duenak egin dezakeela, betiere legez desgaituta ez baldin badago. “Osasuna duzunean, ahal den arinen egitea aholkatzen dugu, inork ez baitaki bihar istripu bat izango duen”, ohartarazi du. Behin egin eta gero, halaber, nahi denean eta nahi bezain beste alditan aldatu daitekeen dokumentua da. Elkargoko zerbitzuaren kanpaina hasi berria bada ere, Atxutegik adierazi du ikusi dutenaren arabera adin bat duenean joaten dela jendea agiri hori egitera. “Beti pentsatu ohi da gazteek ez dutela arriskurik, eta ez da horrela; are gehiago, gazteek arrisku handiagoa izan dezakete, aktibitate gehiagoko bizimodua dute eta”.
Duela zenbait urtetik, Aurretiazko Borondateen Dokumentua bete nahi duenak bere kasa egin dezake; horrez gain, zenbait udalek —Bilbokoak, Portugaletekoak— eta erakundek ere eskaintzen dute zerbitzua. Bizkaiko Medikuen Elkargoa izan da batzen azkena. Martxan jarri berri duten kanpainaren helburua ahalik eta herritar gehiengana iristea da. Hori horrela, parte hartu nahi duenak elkargoaren webgunean eskuragarri du hitzordua eskatu ahal izateko atala, eta 94-435 47 00 telefono zenbakira deituta ere eska daiteke. Telefonoz edo aurrez aurre izan daitekeen lehenengo zitarako ordua emango diote, eta, hain zuzen ere, prozesuan bi bilera izaten dira.
Lehenengo bileran elkargoak jarri dituen bi mediku boluntariok —Victor Landa eta Julian Bajo doktoreek— erabiltzaileari dokumentuaren eta prozesuaren inguruko informazio guztia emango diote. Dokumentua zertan datzan jakinarazi, zer adieraz daitekeen zehaztu, nola bete azaldu eta zalantzak argitzen dira orduan. Hala, bigarren bilerarako, erabiltzaileak dokumentua betetzen du, eta boluntarioek dena ondo dagoen konprobatzen dute. “Data orri guztietan dagoela ziurtatzea garrantzitsua da, adibidez”, azaldu du Atxutegik. Bigarren bilera horretan, agiria betetzen duen herritarra eta hiru lekuko egoten dira.
Erraza eta isilpekoa
Hain justu, elkargoak eskaintzen dituen erraztasunetako bat dira lekukoak. Norbere kasa egitean, bakoitzak lotu behar ditu lekuko horiek. Elkargoaren laguntzarekin eginez gero, elkargoa bera arduratzen da lekukoak biltzeaz. Bileran dauden guztiek sinatzen dute. Gutun azal batean sartu, eta elkargoaren lana da itxitako gutunazala erregistrora eramatea. Bigarren abantaila litzateke hori, nork bere kontura eginda ezinbestekoa baita notario aurrera joan eta dagozkion tasak ordaintzea. Elkargoari zerbitzu horrek gastu bat badakarkio ere, dokumentuaren garrantzia eta onurak aintzat hartuta, Atxutegik dio ahalik eta herritar gehiengana iristea dela xedea. Behin prozesu dena burututa, erregistroak onuradunari dokumentua jaso izanaren egiaztagiria bidaltzen dio.
Prozesu osoa guztiz isilpekoa eta konfidentziala izateari garrantzitsua dela esan du Atxutegik: “Beharrezkoa denera arte, inork ez du begiratzen eskatzaileak zer idatzi duen” .