A. Igartua Aristondo
Aberatsa da Bizkaiko golkoa, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariorde Manu Sotoren hitzei erreparatuta. Eremu egokia baita hark aipatutako zefalopodo, krustazeo, alga eta are zetazeoentzat. Baina eremua alda daiteke, eta, hortaz, deseroso bilakatu izaki horientzat guztientzat. Klima aldaketa arrisku bat baita Bizkaiko Golkoarentzat ere. “Gaur egun, golkoko egoera ez da txarra, baina hobea izan zitekeen”.
Zuzendariordearen esanetan, uraren tenperatura igotzea da arriskurik behinena. Kutsadura ere hor dago, nabarmendu duenez. Zehazki, puntu bero batzuk daude identifikatuta; itsas trafikoarekin erlazionatutakoak, batik bat: Bilboko portua, Pasaiakoa (Gipuzkoa)… “Baina, epe ertainera begira, tenperaturaren igoerak zerikusi handia izan dezake espezie askoren desagerpenarekin”.
Ura berotzen bada, inguru hori jada ezegokia bihurtzen da espezie batzuentzat, eta, horrenbestez, desagertu egin daitezke. “Adibidez, badago gelidium izeneko alga bat, garai batean oso oparoa zena: ur azpiko landak sortzen zituen. Orain, Hondarribia [Gipuzkoa] parean badaude gune batzuk, baina txikiak dira; ia desagertuta dago”.
Beste espezie batzuek, berriz, ihes egiten dute guneotatik, eta hori gertatzen ari da Bizkaiko golkoan ere. Oraingoz, migrazioa ez da munta handikoa izaten ari, baina aurrerantzean joera areagotu egingo da, Sotok azaldu duenez. “Hemendik lasterrera, berdelek eta halakoek iparralderantz bidaiatuko dute, ur nahiko hotzak behar baitituzte”. Desoreka ekologiko bat sortuko luke horrek. “Kate trofikoan piezaren bat falta baldin bada, puzzlea ezingo da osatu. Seguruenik, ekosistemaren konposizioa aldatuko da, eta ez dakigu zer ondorio izan daitezkeen”.