Bizkaiko Elikagaien Bankuan ere nabaritu dute elikagaien prezioen gorakada. 2022ko lehen hiruhilekoan, erosten zuten elikagai kilo bakoitzagatik, batez beste, 0,878 euro ordaintzen zituzten. Gaur egun, 1,32 euro. Beraz, gutxiago erosteko gaitasuna daukate, eta gutxiago banatzen dute. Iazko sasoi berean baino %20 gutxiago, hain zuzen.
Besteak beste, pertsona bakoitzari ematen dizkioten esne eta olio litroak gutxitu dituzte. Esaterako, lehen sei litro esne ematen zituzten, eta orain, lau. Umeentzako fardelak erosteari ere utzi behar izan diote; orain, herritarrek ematen dizkietenak baino ez dituzte banatzen. Prezioez gain, laguntzen dituzten pertsonen kopurua ere handitu zaie: 24.800 ziren abenduan, eta 26.000 dira orain.