Olatz Silva Rodrigo
Bizkaia basamortu berde bat da”, adierazi du Juanan Diez Zamudioko Zizegorri mikologia elkarteko kideak. “Ez dago perretxikorik, ez dago lorerik; Bizkaian ez dago biodibertsitaterik”. Diezen arabera, baso natural gutxi daude herrialdean. Horietako bat da Derion dagoen Aiartza basoa. Basamortuaren erdian, Aiartza “irla bat” da; “paradisua”. Horregatik, Derioko auzokideek, Butroi bizirik Trantsizioan elkarteak eta Zizegorrik basoa babesteko eskaera egin diote Bizkaiko Foru Aldundiari.
Elkarteek aldundiari bidalitako proposamenean justifikatu dutenez, Aiartza eremu horretan dauden baso bakanetako bat da, ziur asko “tamaina, biodibertsitate eta kontserbazio maila handienetakoa” duena. Izan ere, 37 hektarea inguruko eremua hartzen du. Diezen arabera, Bizkaian “haritz talde” bat ikusteko, bertara joan behar dira herritarrak. “Bizkaiko Foru Aldundiaren logotipoa haritz baten orria da, baina non daude Bizkaian haritzak?”, salatu du Diezek.
Haritzez gain, beste 30 zuhaitz espezie inguru daude Aiartzan. Espezie nagusiak haritz kanduduna, urkia, gorostia eta ereinotza dira, baina badira gaztainondoak, hurritzak, lizarrak eta gereziondoak ere, besteak beste. Bertako fauna ere aipatzekoa da. Elkarteen arabera, erraza da “basoko hegazti askoren presentzia antzematea”; adibidez, zozoa, txonta, txepetxa eta buztanluzea daude. Ugaztunen artean, bestalde, azeria, basurdea, orkatza eta azkonarra dira aipagarrienak.
Sustatzaileen arabera, basoak hainbat mehatxuri egin behar die aurre. Esaterako, espezie inbaditzaileek —hala nola, eukaliptoak—, arriskuan jarri dute lekuko biodibertsitatea. Eta basoa soiltzearen ondorioz sortutako lurrek eta harriek, zaildu egin dute gaur egun Aiartzako errekan bizitzea. Izan ere, 1990eko hamarkadaren hasierara arte, karramarro autoktonoren bat aurkitu zitekeen bertan. Bestalde, mintegietako instalazioak bertan behera utzi dituzte, hainbat hondakinen zabortegi bihurtu direlako. Gainera, Diezek azaldu duenez, golf zelai bat egiteko asmoa egon zen, nahiz eta orain plana geldirik egon. “Zabortegia egin nahi duten zurrumurrua ere badago”.
Hori dela eta, basoa babesteko eskaera egin diote aldundiari, lurraldeko baso autoktonoak handitzeko, eraldatzeko, hobetzeko eta kontserbatzeko asmoz mendiak erosteko kanpaina egiten ari baita. “Aukerarik onena aldundiak basoa erostea da, hura babesteko”. Nahiz eta eskaera hiru elkartek sustatu duten, beste hainbat elkarte atxiki zaizkio proposamenari: Berdez Bizi Galdakaoko talde ekologista, Sagarrak ekologista taldea, Sukar Horia, Koxak Derioko talde feminista, ELA sindikatua, eta Mutrikuko Natur taldea eta Elgoibarko (Gipuzkoa) Baso Biziak. Oraindik ere talde gehiago gehitu daitezke eskaerara. “Sare Berdean jarri dugu proposamena; bertan sartuz, edozein talde atxiki daiteke”.
Oraingoz, “isiltasuna”
Derioko Udalari ere eskatu diote Aiartza basoa Klimaren eta Energiaren Planaren barruan sartzeko. Oraingoz, ez diete erantzun, ez udalak, ez aldundiak. Duela hilabete bidali zioten diputazioari proposamena, eta, ordutik, “isiltasuna” da nagusi. Halere, Juanan Diazek aitortu du litekeena dela prozesu “luzea” izatea: “Azterketa sakon bat egin behar dute; ez dute egun batetik bestera adostuko”.
Garrantzitsua da basoa herritarrentzat, Zizegorriko kidearen irudiko: “30 hektarea dituen leku zoragarria da, jendeak naturan egoteko aukera du, eta umeek bertako baso bat zer den ikastekoa, eta hainbat ekintza egitekoa”. Basoa babestea klima aldaketari “aurre egitea” da: “Ondo dago arazoei buruz hitz egitea, baina gero zerbait egin behar da; daukaguna babestu behar dugu”.