I. Maruri Bilbao
Arte eszenikoak euskaraz lantzen dituzten aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleen bilgune dira ADEL ArteDrama Euskal Laboratearen topaketak. Duela hamazortzi urte abiatu zituzten, eta aurten ere egingo dituzte Pazko astean zehar, Aulestin. 18. aldia izango da. Bi ardatzen bueltan antolatzen dituzte: kanpora eta barrura begira. Arte eszenikoen laborategia dira, batetik; eta zuzeneko emanaldiak egiten dituzte, bestetik. Hamasei ikasle izango dira aurten, eta sei irakasle: Myriam Perez Cazabon, Iñaki Rikarte, Ane Sagues, Oier Zuñiga, Itziar Manero eta Ander Lipus. Aspaldi zarratu zen izena emateko epea ikastaroetan parte hartu nahi dutenentzat. Baina, urtero legez, irakasleen konpainiek oraintxe esku artean dituzten obrak ere taularatzen dituzte Aulestin, eta horiek ikustera edonor joan daiteke.
Ander Lipus topaketetako zuzendariak esan duenez, “proposamen oso interesgarriak” eskainiko dituzte: “Antzerkigintzan gero eta proposamen gehiago daude, kalitatezkoak, eta guri ere gehiago kostatzen zaigu aukeraketa egitea”. Horregatik, lekua aldatu dute. Orain arte publikoarentzako emanaldi horiek Ganbaran egiten ziren, Aulestiko kultur etxean. Iaz, ostera, pandemiagatik, frontoian eskaini zituzten antzezlanak, edukierari eta ikusle arteko distantziari lotutako araudia bete ahal izateko. Aurten ere frontoian izango dira. Izan ere, arrakastatsuak izaten dira, eta pilotalekuan jende gehiago kabitzen da. 21:30ean abiatuko dira, astelehenetik zapatura bitartean.
Askotariko tramak
Astelehenean, Atx Teatroak Balbea obra taularatuko du. Gregorio izango da antzezlaneko protagonista, eta heriotzaren aurreko uneak izango ditu hizpide. Bizitzak ez dio poztasun handirik eman, suminduta dago, eta amets bakar bat dauka: badaki bere azken momentua ailegatzear dagoena, eta ez du haserre hil gura. Duintasunez hil gura du.
Martitzenean, Kulunka konpainiaren txanda izango da: hitzik gabe eta maskarak erabilita osatu dute Andre eta Dorine antzezlana. Barrearen eta negarraren artea jauzi egiten duen lana da, dramatik komediara, bizitzatik heriotzara eta maitasunetik ahanzturara dabilela. Zahartzaroan murgilduta dagoen bikote bat da protagonista. Gaztetan izan zuten pasioaren eta desioaren ostean axolagabekerian eta errutinan sartu dira, baina ustekabeko gertaera batek astinduko ditu.
Eguaztenean, Itziar Manerok bere amamaren memoria galera kontatuko du Memoria izeneko antzezlanean. Bakarrik egongo da eszenan; audio bidez helduko zaio ikusleari amamaren ahotsa. Zer gertatzen da pertsona baten memoria galtzen denean? Nora joaten dira haren oroitzapenak? Zerekin geratzen dira haren ondorengoak? Galdera horiei erantzuten ahaleginduko da Moreno bere amamarekin izango duen hartu-emanean.
Oier Zuñigak, ostera, amaren heriotza izango du eguenean berbagai. Kantu bat, dantza bat, erritu bat, lore bat… eskaini nahi lioke. Eresia antzezlanean, baina, Zuñigak ez du kanturik hildako ama agurtzeko. Ohiko dolu errituak ez direla nahikoak pentsatuta, baliabide poetikoen bitartez bestelako dolu praktikak esperimentatzea du xede.
Barikuan, Metrokoadroka konpainiak, familia ereduei buruz hausnartuko du Zeozertan dabil baina ez dakit zertan obran. Oier Guillan eta Marina Suarez Ortiz de Zarate aritu dira zuzendari, eta Maite Aizpurua, Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran aktore.
Axut eta Artedramaren Hondamendia antzezlanarekin itxiko dute aurtengo jaialdia. Pandemia eta Zaldibarko zabortegiaren drama izango dituzte berbagai, zapatuko emanaldian.