Mikel Garcia Martikorena
Bilboko Udalaren Peñascal auzorako plan urbanistiko bereziak 223 etxebizitza ordezkatzea aurreikusten du; 218 etxebizitza berri eraikiko dituzte, eta bizilagunei bertan ostatu emango diete. Martxoaren 29an onetsi zuen udalak. Javier Martinez Bilboko Udaleko Hiri Plangintza Saileko zuzendariak azpimarratu duenez, bost etxebizitzako desoreka konponduta dute, “urte bukaeran” eraikita egongo den 84 etxebizitzako eraikinarekin. Eraikin hori ez dago plan urbanistiko bereziaren barruan; hortaz, Peñascalen 302 etxebizitza berri egongo dira proiektua amaitzen denean.
Proiektuak hamar eraikin egitea aurreikusten du; zortzi auzoaren mendebaldean eta bi ekialdean. Mendebaldeko eraikinei dagokienez, lau, bost, zazpi eta zortzi solairukoak izango dira —zazpi solairuko bost eraikiko dituzte, eta besteetatik, bakoitzetik bat—. Ekialdean, bestalde, lau solairuko eraikin bat eta bost solairuko beste bat altxatuko dituzte.
Eraikinak ez dira aldi berean eraikiko. Martinezek esan duenez, “pixkanaka” egingo da prozesua: “Aurreneko pausoa 84 etxebizitzako eraikina egitean hasiko da. Bertara ostatua izateko eskubidea duen bizilagun talde bat eramango da, eta haien eraikina behera botako dugu”. Prozesua “behin eta berriz” errepikatuko dute, etxebizitza denak ordezkatu arte. Martinezen arabera, “etxebizitzak eraitsi behar dira, gehienak konponezinak direlako, eta konpontzeko gastua zentzugabea delako”.
Pedro Castañares Iturrigorri-Peñascal familien elkarteko presidenteak “beharrezkotzat” du plana. Martinezen ildo beretik jo du: “1960ko hamarkadan eraiki ziren eraikin gehienak, eta ez dute igogailurik, ezta bat eraikitzeko aukerarik ere”. Familien elkarteko presidenteak gaineratu du hori baino “egoera latzagoan” dauden eraikinak daudela auzoan: “Mendi hegalean dauden eraikin batzuetara iristea zaila da. Zentzuzkoena da eraistea”.
Etxebizitzez gain
Peñascalen arazoa, baina, ez da etxebizitzena soilik. Beste hainbat arazo ditu, Castañaresek adierazi duenez. Aparkaleku falta da horietako bat. Castañaresek dio zailtasunak daudela askotan aparkalekua topatzeko, kalean leku gutxi baitago: “Kale bakar batek osatzen du auzoa, eta alde bakar batean utz daiteke autoa. Autobusa gelditzeko arazoak ere badaude batzuetan”. Ez da lehen aldia bizilagunek aparkalekuekin lotutako kexa plazaratzen dutela; are gehiago, Castañaresek baieztatu du TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamendua ezartzea eskatu diotela udalari auto kopurua “gutxitzeko”.
Arazo horri konponbidea bilatzen saiatu da Bilboko Udala plan berriarekin. Etxebizitzez gain, 242 garaje plaza aurreikusten ditu. Garajeak izango dira zoruarekin kontaktuan egongo diren eraikinaren atal bakarra. Horrekin, gaur egun bizilagunek pairatzen duten beste arazo bat konpontzea bilatzen dute, Hiri Plangintza Saileko zuzendariak dioenez. Haren aburuz, “hezetasuna” pairatzen dute eraikin askok, eta garajeak horren aurkako “neurria” izan daitezke.
Aparkalekuez gain, beste hamaika neurri aurreikusten ditu proiektuak: adibidez, 7.870 metro koadroko eremu bat espazio libreak eta berdeguneak eraikitzeko. Martinezek dio berdeguneen “gabezia” dagoela auzoan. Hiri Plangintzako zuzendariak azpimarratu du berdeguneek “uholdeak” saihesteko balio dezaketela, ura xurgatzen dutelako. Eremu horretaz gain, 1.350 metro koadroko eremu bat gorde dute bestelako erabileretarako: “Liburutegi bat, ariketa fisikoa egiteko eremu bat eta auzo etxe bat egin daitezke bertan”.
Bizilagunen ahotsa
Proiektua ez da behin betikoa; oraindik bigarren fasean dagoela dio Iturrigorri-Peñascalgo familien elkarteko presidenteak. 2022ko azken hiruhilekoan bizilagunen parte hartze bidez aukeratutako eredua da onetsi zutena pasa den astean. Izan ere, udalak hiru proiekturako aukerak aurkeztu zizkien bizilagunei, horietatik bat aukera zezaten. Onartu zena, baina, horietako baten aldaera da, bizilagunek egindako ekarpenak gehitu baitizkiote.
Martinezek azaldu duenez, orain proiektua “zehazteko” beste fase bat hasiko du Bilboko Udalak: “Aste Santuko oporretatik bueltan bizilagunekin biltzen joango gara, proiektuaren gaineko informazioa helarazteko”. Ekainaren 15era arteko epea izango dute Peñascalgo herritarrek proiektuaren gaineko proposamenak egiteko, eta “informazio osoarekin” egingo dela ziurtatu nahi dute. Castañerok uste du xehetasun gutxi falta direla, eta proiektua paperean irudikatu behar dela.