Sopela berriro ezagutzeko saioa

Sopela berriro ezagutzeko saioa

Amaia Igartua Aristondo

Bi urte inguruko lana izan da, hainbat ertz jasotzen ditu, eta jada burutu dute: Koldo Somokueto historialariak Sopelaren historiako sei hamarkada aztertu ditu, 1890etik 1950era bitartean. Errestaurazioan abiatzen da ikerketa, Espainiako Errepublika eta 36ko gerra zeharkatzen ditu, eta Francisco Francoren diktaduraren hasierako urteetan bukatzen da. Ibilbidean, historialariak herriko jazoera soziopolitikoei eta ekonomikoei erreparatu die, eta, orobat, arreta jarri die kontu linguistikoei, besteak beste. Egitasmoak Sopela du oinarrian, baina, ezinbestean, inguruko herriak ere ekartzen ditu hizpidera, bat egiten baitute ezaugarri askotan. Sopelako Udalak eta Eusko Ikaskuntzak sustatu dute ikerketa, eta EHUko Historia Garaikideko katedradun Ludger Meesek zuzendu du.

AZPIEGITURAK

Hasieran, ikerketa II. Errepublikan hastea zen asmoa, eta frankismora arteko urteak izango zituzten hizpide. Alabaina, dokumentuak aztertu ahala, ikusi zuten premiazkoa zela atzera egitea, Errestaurazioaren zati handi bat eta Miguel Primo de Riveraren diktadura jasotzeko, garaiok “garrantzitsuak” baitira ondorengo jazoera batzuk ulertzeko. Hori hala, mugarri bat aipatu du Somokuetok: trena. “1893an heldu zen Sopelara. Iraultzailea izan zen, baita inguruko herrientzat ere: Plentzia, Urduliz, Berango…”.

Laburtu egin zen herriaren eta Bilbo eta industrialdeko herrien arteko tartea, eta eragin nabarmena izan zuen ekonomian: esate baterako, merkataritzari hauspoa eman zion. “Nekazaritzako ekoizpenen garraioa erraztu zuen. Ortuko produktuen ekoizpena sustatu zuen, baita abeltzaintza ere —behiena, nagusiki—, industrialdekoek eskatzen zituzten okela eta esnea hornitzeko”. Halaber, sopeloztarrak itsasadarraren inguruko fabriketan hasi ziren beharrean.

Turismoaren akuilua izan zen, orobat, Bilboko kanpoko portuarekin batera. Portua eraiki zutenean, Areetako hondartzaren fisionomia aldatu egin zen, eta, trena aprobetxatuta, bisitari andana bat Sopelara joaten hasi zen.

EMAKUMEAK

Asko dira, eta, hala ere, nekeza da haien berri izatea, Somokuetok dioenez. “Dokumentazioan, orokorrean, gizonak izan ohi dira protagonista, eta oso garrantzitsua iruditu zitzaigun Sopelako emakumeak ere berreskuratzea, baina dokumentazioak ez du laguntzen”. Dena den, hauteskunde erroldei erreparatu diete, andre horien ogibideak topatzeko asmoz. 1932tik 1934ra, andre gehienak etxekoandreak ziren, edo nekazariak —horietako batzuk, bendejerak, eta Portugaletera joaten ziren baserriko ekoizpenak saltzera—. Salbuespen gisa, seik etxeko lanetan egiten zuen behar, etxetik kanpo; jostunak ere bazeuden, baita andereño bakan batzuk ere.

Botere handiagoa ere eduki zuen baten batek, tarte laburrean. 1931ko apirilean, Sopelan ez zen hauteskunderik egon, orduko Hauteskunde Legearen 29. artikulua aplikatu zelako: plazak betetzeko adina pertsona aurkezten baziren —kopuru zehatz hori—, ez ziren bozak egiten. Jokabide antidemokratikoa zela iritzita, Errepublikako gobernuak udalok desegin zituen, eta beste hauteskunde batzuetara deitu, 1933ko apirilean. Urte bereko maiatzera arte, Kudeaketa Batzordea eratu zen herria gobernatzeko, eta emakume bat izan zen haren buru: Concordia Moral, Ugeragako eskolako irakaslea.

Dena den, ez dirudi emakumeek esku hartze handirik izan zutenik politikan, oro har. Andreen talde bakarra topatu du Somokueto historialariak: Emakume Abertzaleen Batza.

Sopela 2

GATAZKA

Desagertuta daude 1934ko azarotik 1939ko urrira bitarteko Sopelako osoko bilkuren aktak, eta, beraz, tarte horretako gertaerak beste iturri batzuetan topatu behar izan dituzte. Esaterako, 36ko gerraren ingurukoak. Badago zer kontatu, halere. Gerra hasi zenean, Sopela turistaz beteta zegoen, eta gatazkak eztanda egin zuenean, ezin izan ziren itzuli jatorrira. Sopelan ere gordin bizi izan zuten indarkeria. “Gerra tribunal frankistek sopeloztar asko epaitu zituzten, eta espetxe zigorrak ezarri. Bestalde, bi herritar erail zituzten: Felipe Markaida Maurika marinela Dueson [Espainia] fusilatu zuten, 1937ko urriaren 15ean; eta Antonio Astika Kandina Bilbon fusilatu zuten, 1937ko abenduaren 13an”.

EUSKARA

“Euskarak hainbat garaitan izan zuen egoera aztertu dugu, eta ondoriozta dezakegu Sopela udalerri euskalduna zela”, adierazi du historialariak. Elizan, euskara erabiltzen zen sermoietan, adibidez. Era berean, gaztelaniak gora egin zuen XX. mendean, “bereziki, Bilbotik eta ingurutik joaten ziren turisten eraginez”. Familia horien ohiko hizkuntza gaztelania zen, eta hori hasi zen entzuten herriko alde zaharrean, batik bat.

Errepublikaren aurka matxinatu zirenak herrira sartu zirenean, agindu zuten euskaraz zeuden kartelak erretiratzeko eta ezabatzeko hilerrietako euskarazko inskripzioak —historialariak ezin izan du jakin ea azken agindu hori gauzatu zuten—. Dena dela, frankismoan ere euskara ez zen desagertu. “Diktadurako hasierako urteetan, euskara jazarria egonda ere, elizan euskaraz egitea onartu zuten —oso gutxi, predikuen laburpen txiki bat baino ez—, euskara baitzen gehienen ohiko hizkuntza”.