Z. Jainaga Larrinaga
Hainbat kulturako drama, musika eta elizkizunetako bertsio klasikoen moldaketak eskaintzen ditu BAS Bilbao Arte Sakratua jaialdiak. Duela hogei urte sortu zuten, eta, musika ikuskizun batera joateaz gain, esperientzia bat bizitzea du xede. Hala, gaur abiatuko du hemeretzigarren aldia, Bilboko Koral Elkartearekin. Datorren martitzenera arte, Euskal Herriko zein nazioarteko musika koralak entzuteko aukera egongo da Bilbon.
Hiriburuko udalak antolatuta, Gizakundearen elizan egiten dira ikuskizun guztiak, 19:30ean hasita. Ordubete inguruko iraupena izaten dute. “Sentsazioz beteriko proposamena da”, adierazi du Begoña Escribano jaialdiko zuzendariak.
Hasierako urteetatik gaur egunera moldatuz joan da BAS. Egokitu egin izan dute. Egun, iraupena murrizteaz gain, bertako taldeei ere tokia egiten diete. Urtetik urtera egitaraua moldatzen saiatzen dira, eta talde ezberdin eta programazio erakargarriak aurkeztea dute helburu, “betiere BAS jaialdiaren ezaugarriak kontuan hartuz”.
Jatorri ezberdinak
Sonos mundi lemapean, munduko jatorri ezberdinetako soinuak entzun ahalko dira gaurtik aurrera. Gaur arratsaldean, adibidez, Zubiaurreren Pasioa-rekin hasiko dira: Bilboko Koral Elkarteak, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean, Valentin Maria Zubiaurrek konposatutako La Pasión de nuestro Señor Jesucristo interpretatuko du. Erroman estreinatu zuten duela zenbait aste.
Horrez gain, bihar, Gospel musika sakratua BASera itzuliko da, Kingdom Choir talde britainiarraren eskutik. Domekan, Heinrich Schutzen, XVII. mendeko Alemaniako konpositore ospetsuenetakoaren, musika sakratuari erreparatuko dio Voces Suaves Belgikako taldeak. Astelehenez, Les Elements Frantziako taldeak Mediterraneoko kultura eta garai ezberdinetan zehar bidaiatuko du. Azkenik, martitzenean, Lux Kodex Bilboko taldeak BAS 2023ren edizioari amaiera emango dio Canticum Canticorum kontzertuan.
Musika mota berezia den heinean, publikoa ere berezia izaten da BASen. Jarraitzaile fidelak dituela nabarmendu du Escribanok: “Formatu txikiko programa izanik, badago publiko jakin bat kontzertu guztietara joaten dena”. Edukiera oso handia izaten ez bada ere, bete egiten dira saioak. Hala, adierazi du bereziki musika sakratua gustuko duen publikoarentzako jaialdia den arren, askotariko gustuak dituen ikuslegoari gonbita egiten dietela. “Probatu beharreko esperientzia da BAS. Musika ona entzuteaz gain, oraindik ere askorentzat ezezaguna den eliza eta museoaren klaustroa ezagutzeko aukera ematen du”.
Emanaldietako sarrerak zortzi euroan eskuragarri daude Arriaga antzokiko txarteldegian zein Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan.