Mikel Garcia Martikorena
Durangaldeko beste 11 enpresak eskualdeko inguru sozioekonomikoan euskara sustatzeko helburua adierazi dute, Landue zerbitzuarekin batera hitzarmen bat sinatuta. Jadanik proiektuaren parte diren beste hamabost enpresei gehitu zaizkie; hau da, guztira 26 enpresa dira orain. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Landuek egiten duen lana goraipatu zuen, Durangon gaur zortzi egin zuten ekitaldian. Euskara lan munduan egoteak duen garrantzia azpimarratu du sailburuordeak: “Erabiltzen ez den hizkuntza hil egiten da. Enpresatan ezin bada euskaraz egin, hizkuntza galdu egingo da”.
Enpresa munduan euskararen aldeko urratsak egiten jarraitzeko baliabiderik “onenak” langile euskaldunak direla esan du Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak. Haren ustez, Landuek bultzatutako proiektua bezalako egitasmoak aurrera eramateko “momenturik onena” da oraingoa: “Hezkuntzan ahalegin handia egin da euskara gaitasun oneko ikasleak prestatzeko. Gainera, estrategia partekatu bat dagoela erakusten dute horrelako proiektuek; sektorearen onespena dago”.
Baina testuingurua ez da dena. Ekintzak bultzatu behar dira helburu jakinak lortzeko, eta, horretarako, lankidetza “ezinbestekoa” dela esan du Dobaranek. Proiektua lankidetza horren eredu modura jarri du sailburuordeak, “gizarte eragileak eta erakundeak batzen” baititu. Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia dira Landue programaren atzean dauden erakunde publikoak.
Txikienetik handienera
Lantokietan euskaraz egitea ahalbidetzeko sortu zen Landue, 2021eko udaberrian. Enpresa bakoitzaren “beharretara egokitutako zerbitzua” eskaini dute: webgunea itzuli, lantegietako hizkuntza paisaian aldaketak egin eta hizkuntza irizpideak ezarri, besteak beste. Izan ere, helburua denean bera den arren, enpresa bakoitza ezberdina den heinean ezberdina da haietako bakoitzean euskararen egoera.
Hitzarmena sinatuta duten enpresak Durangaldekoak dira, eta eskualdean eskaintzen dute zerbitzua. Hortaz, enpresa barruan zein kanpora begira erabiltzen dute euskara. Hori, baina, ez da lantoki guztietan gertatzen. Brussen, kasurako; autogintzan egiten du lan Durangoko enpresa horrek, eta bezero gehienak atzerritarrak dira, Kepa Arana enpresako gerenteak azaldu duenez.
Halere, Aranak argi du hizkuntza ez dela soilik merkataritzarako. Hark dioenez, “giza konpromisoa” da euskararen alde egitea enpresa munduan: “Hitz potoloetatik atera, eta ekintza txikiak dira balio dutenak. Enpresako langile gehienek, kalean euskaraz egiten duten arren, enpresan erdaraz dihardute. Hori aldatu behar dugu”.
Formakuntza euskalduna
Landuek Lanbide Heziketan jarri du arreta, eta zentroekin lanketa egiten ari da, ikasleek heziketa osoa euskaraz jasotzeko eskubidea bermaturik izan dezaten. Bruss bezalako enpresek euskararen aldeko hautua egiteak duen esanahia aipatu du Mireia Elkoroiribe Durangaldeko mankomunitateko presidenteak. Izan ere, ikasketa prozesuan euskararekin harremana izan duten ikasleak lan mundura heltzen direnean, erdarara igaro behar izaten dute kasu gehienetan, eta ez soilik haien ikasketak bukatzen dituztenean. “Formakuntza duala bultzatzeko ahaleginak egiten ditugu, baina eskolak euskaraz ematen badira eta praktikak gazteleraz egiten badira, zerbait gaizki dago eskaintzan”, esan du mankomunitateko presidenteak. Hori euskararen ezagutza “oso altua” duen eskualdean gertatzeak kezkatzen du Elkoroiribe.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ildo beretik jo du. Dobaranen ustez, “ez du zentzurik” gazteak D ereduan hezteak eta “lan mundua gazteleraz” izateak. Esan du gazteria “eleaniztuna” dela, eta, “baliabide egokiak eskainita”, euskaraz lan egiteko “prest” daudela, baina enpresen “laguntza gabe” ezinezkoa dela. Dobaranek azpimarratu du “konpromiso sendoa” dagoela enpresa munduan: “Enpresak ez dira horma bat horrelako ekintzak aurrera eramateko”.