Sollubeko bihurguneak kentzeko bi tunel eraikiko dituzte 2027rako

Sollubeko bihurguneak kentzeko bi tunel eraikiko dituzte 2027rako

M. Garcia Martikorena

Bidebietako biribilgunearen (Meñaka) eta Sollube gainaren (Bermeo) arteko bihurguneak desagertu egingo dira 2027rako. Izan ere, bi tunel eraikiko dituzte BI-631 errepideko tarte horretan. 2025ean hasiko dira obrak, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, bi urte beharko dituzte eraikuntza lanak bukatzeko. Hala ere, bi tunel horiek ez dira izango errepidean egingo diren eraikuntza bakarrak. Izan ere, Imanol Pradales Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak gaur zortzi Bermeon egindako aurkezpenean adierazi zuenez, Sollubeko gainean “azpiegitura oso bat” eraikiko dute.

Proiektu osoak ia zortzi kilometro luze den errepide tartea “erabat” aldatuko duela nabarmendu du Pradalesek. Trazadura aldatuko dute, ibilbideko bihurguneak leuntzeko. Hiru zutabetan oinarrituko dira horretarako. Lehenik, bidea handituko dute. Bi bideko errepideak eraikiko dira, eta ibilbidearen parterik handienean beste bide bat ere egongo da, motel doazen ibilgailuentzat —kamioientzat, esaterako—. Pradalesen esanetan, horri esker ez da auto pilaketarik izango. Errepide bazterra metro eta erdikoa izango da BI-631 berrituan, gainera —metro bakarrekoa da egun—.

Bigarrenik, bi tunel eraikiko dira: 315 metro eta 130 metro luze izango dira. Bigarrena faltsua izango da. Proiektuaren hirugarren zutabea noranzkoa aldatzeko azpiegiturak izango dira: errepide azpitik doan pasabide bat eta bi biribilgune. Pradalesek dio proiektu “errealista” dela: “Ekonomikoki eta teknikoki posible da, eta ez da kaltegarria ingurumenarentzat”.

Hiru eremuko ibilbidea

Errepide berria hiru eremutan banatuta egongo da. Aurrenekoa Bidebietako biribilgunearen ostean hasiko da, eta 25,2. kilometroan bukatu; hau da, bihurguneak hasten diren lekuan. Errepidearen azpitik eraikiko den pasabidea da tarte horren berezitasuna. Bermeorantz doazenek eta inguruko baserrietako bizilagunek norabidea aldatu ahal izatea da xedea.

Bigarren tartea da azpiegituraren eremurik “konplexuena”, diputatuaren ustez. 2,7 kilometro luze izango da, eta hartan egingo dira bi tunelak eta biribilgune bat. Azkenik, Sollubeko gainean bukatuko den tartea dago. Egungo errepidearen antz handienekoa izango da. Bihurguneak leunduko dira, baina metro bateko bazterra izango du aurrerantzean ere. Abiadura muga orduko 40 kilometrokoa izango da —beste bi tarteetan 80ra heltzea da aldundiaren ideia—, eta bi bide izango ditu amaieran izan ezik, hor hiru izatea baita asmoa. Berrikuntzarik esanguratsuena bukaeran egongo den biribilgunea da.

Berritzearen onurak

Aldundiak eta Bermeoko Udalak urteak daramatzate elkarlanean. Bihurguneak kentzeak izan ditzakeen bi onura azpimarratu ditu Pradalesek. Batetik, “segurtasuna handituko” dela esan du Azpiegituretarako diputatuak. Haren ustez, egungo errepidean askotan ez da modurik izaten “ondoren autorik datorren edo ez ikusteko”. Horrek istripuak izateko arriskua areagotzen du.

Bestetik, “konektibitate” handiagoa izango da Bilborekin eta Bizkaiko beste udalerriekin. “Joan-etorriak arinago egin ahal izatea garrantzitsua da eskualdeko ehun ekonomikoarentzat”.

Bide beretik jo du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Sollube bermeotarrentzat “ikur bat” den arren, esan du BI-631 bidea herria bakartzen duen “muga” ere badela. “Gizartearen eskari bati erantzuteko bultzatu da proiektua. Egungo BI-631 errepidea muga bat da herriaren garapen ekonomikorako”. Alkateak uste du azpiegitura berriek modua emango dutela “bizi kalitatea hobetzeko” eta garapen ekonomikorako “aukera gehiago izateko”.