Ibai Maruri Bilbao
Joan den irailean onartu zuen Getxoko Udaleko osoko bilkurak HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria. Amaia Agirre alkatearen esanetan, “hiria erakargarri egiteko garrantzitsuak diren hiru printzipio nagusi nahasten ditu: bizi, lan egin eta gozatu”. Besteak beste, “Azkorri zaintzearen aldeko apustua” egin dutela nabarmendu du. 4.601 etxebizitza eraikitzea ere jaso dute, “gazteen etxebizitza beharrizanei erantzuteko”. Getxoko hainbat herritar eta eragile, ordea, ez daude ados. Adi HAPO plataforma sortu zuten, alegazioak aurkeztu dizkiote planari, eta hainbat ekintza egin dituzte plana salatzeko. Manifestaziora deitu dute biharko, Zaindu maite duzun hori lelopean; Getxo “espekulatzaileengandik” babestu nahi dutela diote. 17:30ean abiatuko dira, Algortako Telletxe plazatik.
“Ez gaude HAPOaren kontra; badakigu hiria antolatzeko plan bat behar dela. HAPO honen kontra gaude”, esan du plataformako Hodei Rodriguezek. Haren esanetan, hiriak “badu zer hobetu”, eta horri erantzun behar lioke HAPOak. Besteak beste, etxebizitza arazo bat da “Getxon ere”: “Etxebizitza librearen prezioa neurriz kanpokoa da, oso garestia, eta jende askok kanpora joan behar du bizitzera; batez ere, gazteek”. Dena dela, plataformako kideek ez dute uste 4.600 etxebizitza eraikitzea denik konponbidea. Hasteko, hirian etxebizitza huts “asko” daudela ohartarazi dute. Udalak 2019an egindako azterlanaren arabera, 33.627tik 1.028 zeuden hutsik urte hartan.
Rodriguezek esan du Etxebizitza Legearekin udalak baduela modua etxebizitza horiek alokairu sozialera bideratzeko. Dena den, etxe hutsak betetzearekin nahikoa ez balitz ere, udalak eraiki gura dituen guztiak “astakeria” direla iruditzen zaio. Gainera, udalak esan duenaren kontra, plataformakoek uste dute kopuru horrek gainditu egiten duela Getxok legez eraiki ditzakeen etxebizitzen muga. Haien kalkuluen arabera, legeak baimendutakoak baino 1.456 etxebizitza gehiago izango lirateke. Horrez gain, ohartarazi du eraiki nahi diren horien artean legeak derrigortzen duena baino gutxiago bideratuko direla alokairu sozialera. “Eraikitzea ezinbestekoa izango balitz, hutsekin nahikoa ez delako, eraikiko diren guztiak alokairu sozialerako izan beharko lirateke”, nabarmendu du.
HAPOa ontzeko Getxoko Udalak bultzatu duen prozesua ere salatu du plataformak. “Idaztekoan, ez zen benetako parte hartze prozesurik egon. Iruzur hutsa izan zen: parte hartu zuten gutxiek eredu baten alde egin zuten, eta udalak hori baztertu eta bere eredua inposatu du”. Iruditzen zaio “herritarren eta udalaren ereduek talka” egiten dutela. Are gehiago: Rodriguezen esanetan, HAPOak zuzenean eragingo dienen iritzia ere ez da kontuan hartu, ez zaie informaziorik eman: “Etxebizitza eraitsiko dieten batzuek hedabideen bitartez jakin dute udalaren asmoen berri”. Hainbat eraitsi nahi dituzte, toki horietan etxebizitza berriak edo udal zerbitzuak eraikitzeko. Beste batzuk ere botako dituzte, ibaiaren ertzean daudelako.
Azken horiei dagokienez, plataformak ez du iritzi argirik, nahiz eta Rodriguezek berak ulertu uriolak saihesteko izan daitekeela. Edozelan ere, etxebizitza horien jabeekin adostutako zerbait izan beharko litzatekeela deritzo: “Badira etxeak berritu edo obrak egin dituzten bizilagunak, eta orain bota egingo dietela jakin dute; ez da bidezkoa”.
Lehen sektorea, arriskuan
Hutsuneak ere ikusi dizkio plataformak HAPOari: “Ikusten dugu garrantzitsua dela hirian dauden zona naturalak babestea: Azkorri ingurua, Kandelu errekaren ingurua… Gure ustez, planak ez du horrelakorik egiten”. Era berean, uste dute HAPO hori horrela geratuz gero lehen sektorea bultzatzeko aukera galduko litzatekeela. “Garrantzitsua da hirian gelditzen diren ustiategiak defendatzea eta sustatzea”. Salatu duenez, Getxon “gero eta zailagoa” da nekazari edo abeltzain izatea. “Plan honek are gehiago zailduko du: gaur egun lehen sektorerako erabiltzen diren hainbat zona suntsituko dira”. Esaterako, hainbat eragilek hainbeste borrokatu duten Tosu aldea, gaur egun ortuak eta belardiak dituena, udalak urbanizatu egingo duela salatu dute. Baita Martiturri ere, eta hangoek bakarrik hitz egiten dute Getxo inguruko euskalkia.
Plataformak lau helegite aurkeztu dizkio planari. Oraindik ez du erantzunik jaso. Rodriguezek esan du udala erantzutera derrigortuta dagoela, baina ez duela horretarako epe mugarik. Hala ere, adierazi duenez, 2.000 alegaziotik gora jaso dituzte udaletxean, eta plataformakoek ulertzen dute “denbora asko” behar izatea horiei guztiei erantzuteko.