Bost Gernikako arbola egon dira XIV. mendetik

Gernikako leinuko bost arbola ezagutzen dira. Zaharrena XIV. mendekoa da, Aita izenekoa. 1742tik 1892ra, Zaharra zelakoak eman zien itzala herrietako ordezkariei; haren enbor iharra batzar etxeko lorategian dago. Haren azpian egin zituen zin Bizkaiko foruak Maria Kristina Espainiako erreginordeak, bere alaba Isabel II.aren izenean. Hura izan da Bizkaiko jaun edo andre batek egindako azken zina.

Semea deiturikoak hartu zion lekukoa Aita-ri, eta haren oinetan zin egin zuen kargua Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, 1936an. Bizkaiko ahaldun nagusiek eta Jaurlaritzako lehendakariek betetzen dute orain erritu hori.

1937ko bonbardaketaren lekuko izan zen Semea. Falangistek moztu nahi zutelakoan, karlistek zaindu egiten zuten. Bizkaiko jaurerria 1876an desegin zen arren, oraindik ere Espainiako errege-erreginek Bizkaiko jaun-andre titulua darabilte. 1981ean, Juan Carlos Borboikoa batzar etxean izan zen. Hitza hartu zuenean, Herri Batasuneko eta Laiako hautetsiak Eusko Gudariak abesten hasi ziren, eta kanporatu egin zituzten.

2004an ihartu zen Semea. Haren ordez landatu zutena 2015ean hil zen, gehiegizko urak itota. Egungo arbola Semea izenekoaren ezkur batetik jaiotakoa da.