Arrazakeria instituzionala salatu dute Bilboko San Frantzisko auzoan

Arrazakeria instituzionala salatu dute Bilboko San Frantzisko auzoan

Olatz Silva Rodrigo

Profil etnikoaren ondoriozko geldialdiak, indarkeria, jazarpena, egoera administratibo irregularra duten pertsonen harrapaketak… Bilboko San Frantzisko auzoko kideek pairatzen dituzten egoerak salatzeko, Bizkaiko SOS Arrazakeriak kanpaina bat jarri du martxan: Arrazakeria gure auzoetatik kanpora. Hiru elkarretaratze egin dituzte auzoan bertan; azkena, herenegun. Elkartearen arabera, egoera horiek salatzeaz gain, auzoan dagoen ertzain eta udaltzain kopuru “neurrigabea” ikusarazi eta zalantzan jarri nahi dute.

“Auzoaren egoera ez da berria; kontua da normalizatu egin dela eta inor ez dela harritzen hainbeste poliziarekin”, azaldu du Elena Bezanilla Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeko kideak. Haren ustez, normalizatzeaz gain, areagotu egin da Poliziaren presentzia. “Segurtasun sentsazio” bat sustatu nahi dute horrekin: “Baina fikzioa da; estruktura arrazista baten aurrean gaude; auzoan migrazio eta bazterketa handia dagoenez, kriminalitate handiagoa dagoela pentsarazi nahi dute, baina eurak dira kriminalitatearen sentsazio hori areagotzen dutenak”. Izan ere, Bezanillak azaldu du Poliziak turistei esaten diela auzoan ez ibiltzeko, “arriskutsua” baita. “Gezur bat sortzen ari dira”.

Estigmatizazioa

Migratzaileek pairatu behar dutena, hori da taldearen kezka nagusia. “Estigmatizazioa eta segurtasun falta eragiten du haiengan; zaurgarri sentitzen dira”. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren bulegoan salaketak jasotzen dituzte. Horietatik, arrazakeria instituzionalaren salaketen ia %70 Poliziaren arrazakeria dira. “Are gehiago: badakigu salatu gabeko indarkeria ere badagoela, baina jendea ez da salaketa jartzera ausartzen”. Bezanillak argi utzi nahi du “hau arrazakeria instituzionala” dela. Gainerako erakundeetan bezala, Poliziaren partetik ere egoera pairatzen dute migratzaileek. “Poliziaren kasua, gainera, argiena da”.

Arrazakeria instituzionalari aurre egiteko “tresna gutxi” daudela azaldu du Bezanillak. “Profil etnikoaren ondorioz egindako geldialdiak debekatuta daude, baina oraindik toki askotan egiten dira”. Elkarte edo pertsona batek salaketa jartzen duen bakoitzean, horren aurkako beste salaketa bat jartzen dute erakundeek. “Autoritateenganako errespetu falta dela esan dezakete, edo erasoa”, dio Bezanillak. Salaketa politikoa egitea erabaki du Bizkaiko SOS Arrazakeriak. “Ez zaigu beste biderik geratzen”.

Poliziak protesta batean

Otsailaren 22an egin zuten lehenengo elkarretaratzea. “Oso ondo joan zen; lasai egon ginen”. Bigarrena, ordea, ez zen hain lasaia izan: martxoaren 1ean, kontzentraziorako ordua baino lehen, bi furgoneta, bi auto eta hogei agente pasa agertu ziren. “Agenteek esan ziguten errespetu falta ziren esaldiak oihukatzen ari ginela”, gogoratu du Bezanillak. “Poliziak diskriminatu egiten du” eta “Polizia arrazista da” izan ziren esaldiak, haren arabera. Agenteek mehatxu egin zieten, salaketa jar zezaketela esanez. “Ez dugu haien berririk izan”.

Asteazkenean batu ziren hirugarrenez: kalejira bat egin zuten. “Leloak aldatu ditugu; adibidez, ‘arrazakeria instituzionalari ez’ esan dugu; horrela ezin dute esan autoritateenganako errespetu falta dela”. Martxoaren 21ean, kalera aterako dira berriro. Arraza Diskriminazioaren Aurkako Egunean, politika arrazistak salatuko dituzte.