Gurutzetako larrialdietan, kolapsoa

Gurutzetako larrialdietan, kolapsoa

Mikel Garcia Martikorena

Urtebete baino gehiago daramate Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko larrialdi zerbitzuetako langileek “lan baldintza eskasak” dituztela salatzen. Sare sozialetan hamaika aldiz partekatu dute larrialdietako pasabideetan “ia egunero” duten egoera: larrialdietako boxak gainezka daudenez, pasabideetan artatu behar dituzte gaixoak, intimitaterik gabe, eta, askotan, igarotzeko lekurik utzi gabe. Otsailaren 8an, esaterako, bi egun jarraian egin zituzten pasabideetan zortzi lagun artatzen.

Beren haserrea era bateratuan adierazteko, Gurutzetako Larrialdietako Asanblada sortu dute. Erizainek, erizaintzako laguntzaileek eta zeladoreek osatzen dute, gehienbat. Kideek diotenez, dituzten baldintzen ondorioz “txarra” da arreta.

Larrialdietako eremu “denak” kolapsaturik daudela diote langileek. Anbulatorioan, adibidez, egunero 70 lagun inguru biltzen direla baieztatu dute. Hori dela eta, “lau ordu inguru” itxaron behar da. Horrez gain, zailtasun handienak boxetan sortzen dira, asanbladako langileen arabera: “45 box daude, baina kopuru hori baino pertsona gehiago artatu behar ditugu askotan, eta horiek pasabidera eramaten ditugu”.

Gero eta arazo handiagoa

Gurutzetako larrialdi zerbitzuaren kolapsoa ez da berria. Urteak daramatzate langileek horrelako egoerak salatzen. Adibidez, 2014ko udan 201 ohe itxi zituzten. Oporren ostean ez ziren berreskuratu, eta, beraz, aldi berean jende gutxiago arta dezakete orain. Asanbladako kideek diotenez, gripeak “gogor” jotzen duenean —azarotik otsailera— “beti” kolapsatzen dira larrialdiak. Gaur egungo egoerak duen ezberdintasuna da “egunero” dutela errealitate hori.

Protestak areagotu egin zituzten “pandemiaren gogorrena” igaro ostean, eskain dezaketen “zerbitzua eta zaintza ez delako duina”. Langileek azpimarratu dute eguneroko hori “oso lotuta” dagoela pandemiak osasun zerbitzuan utzitako ondorioekin: “Lehen arreta kolapsaturik dago, eta medikuarenera joatea oso zaila da, gehienetan ez baitzaituzte artatzen modu presentzialean. Hortaz, gaixorik daudenek edo min hartu dutenek zuzenean larrialdietara jotzen dute”.

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladaren eskakizunen artean ratioak ezartzea dago: “Larrialdietan ez dugu ratioekin lan egiten; bakoitzak eremu bat hartzen du, eta bertan daudenekin egiten du lan, direnak direlarik”. Boxetan lan egiten dutenek egunean “zazpi edo zortzi” gaixo hartzen dituztela baieztatu dute. Diotenez, “eremu berezia” izateko “asko” dira. Horrek jendearekin “soilik patologiagatik” lan egitea eragiten du, eta, ondorioz, “zailagoa da beharrezkoak dituzten zaintzak ematea”.

Gatazka orokortua

Aurreneko protestak egin eta beren salaketak plazaratu ostean, erizaintza arloko buruzagitzarekin, ospitaleko giza baliabideetakoekin eta beste zenbait goi kargudunekin batu ziren langileen ordezkariak. Haien jarrera “oso oldarkorra” izan zela azpimarratu dute langileek: “Esan ziguten gustura ez bagaude badakigula non dagoen atea”.

Beharginen ustez, arazoa orokorra da Osakidetzan. Asanbladan diote EAJk eta PSE-EEk bide “argi” bat hartu dutela osasun zerbitzuaren inguruan: pribatizazioa. Uste dute publikoan ez dela jartzen “behar adina” diru, eta egoerak “itota” dauzkala.

Larrialdietako zerbitzua ez da Gurutzetako ospitalean borrokarako hautua egin duen bakarra. Azken asteotan, harrabots handia eragin dute garbitzaileen greban jasotakoek. Grebaren irudiak azkar partekatu ziren sareetan. Irudiotako Poliziaren jarrera “oldarkorra” salatu dute asanbladako kideek, eta garbitzaileekin bat egin dute: “Sarreratik atera zituzten modua gehiegikeria argi bat da. Uste dugu hain oldarkor daudela hauteskundeak datozelako”. Maiatzaren 1aren aurretik kalera irtengo dira berriz.