Zihara Jainaga Larrinaga
ZAMUDIO. Espazio propioak sortzeko beharra
Duela hainbat hilabete Txorierriko Neska Gazte Taldeak bere jarduna gelditu zuenetik, neska gazteei zegokienez eskualdean hutsune bat zegoela ikusi zuten zenbaitek. Hala, iragan irailean, Zamudion herriko neska gazteak batzen hasi, eta talde berri bat sortzea erabaki zuten: Anpuluak (goiko argazkian). Ia urte erdi daramate martxan; hala ere, Martxoaren 8aren harira, bihar izango dute aurkezpen ofiziala herrian. Jaialdi bat antolatu dute eskualdeko neska gazteak batzeko. Bazkaria, tailerrak eta kontzertuak izango dira, besteak beste.
Sei kidek osatzen dute Anpuluak taldea; horietatik lau zamudiotarrak dira, eta beste bi, Larrabetzukoak. Etorkizunean, eskualdeko neska gazteekin harremana izan, eta, pixkanaka, gero eta Anpulu gehiago izatea dute xede. Hain zuzen ere, neska gazteentzako espazio seguru bat sortu nahi dute. «Gure artean harremanak saretu eta indartu nahi ditugu, zaintza espazioak sortu», adierazi du Iraia Zalbide Anpuluak taldeko kideak. Era berean, Euskal Herri euskaldun eta feminista bat lortzeko bidean euren tanta jarri nahi dute Anpuluek. «Txorierrin kontzientzia feminista indartzea ezinbestekoa da. Azkenaldian geldirik dagoela iruditzen zaigu, eta mugitzera gatoz», azpimarratu du Zalbidek.
Inguruan badituzte bestelako talde feministak. Joan den eguazteneko mobilizazioetan, esaterako, haiekin aritu ziren elkarlanean. Halere, ikusgarriago egitea eta zarata egitea falta dela uste du Zalbidek. Are gehiago, gazteen egoerari erreparatuta, emakume helduengandik desberdintzen dituzten kezka eta zapalkuntzen inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko espazioak aldarrikatu dituzte.
Anpulua hitza aukeratu dute taldea izendatzeko: malkoa esan nahi du eskualdeko hizkeran. Zalbidek aitortu duenez, esanahi ezkorra duen arren buelta eman nahiko liokete horri. «Etsita eta triste sentitu arren, askotan, malkoa su bezala sortzen da, eta indarra adierazten du. Zapaltzen gaituen sistemari aurre egiteko».
SANTUTXU (BILBO). Auzoan eta auzotik egindako borroka
Izenetik bertatik sorginekin nolabaiteko lotura du Akelarre taldeak; duela zazpi urte sortu zen, Bilboko Santutxu auzoan. Zenbait eragilerekin elkarlanean, gazte batzuk auzoan feminismoa lantzen hasi ziren, ohartu zirenean egiten zituzten dinamikek ikuspuntu feminista falta zutela. «Zapalkuntza nabaritzen genuen, baina ez geneukan horren inguruan hausnartzeko espaziorik», adierazi du Leire Diez Akelarre taldeko kideak. Historikoki, borroka asko landu dira auzo horretan, baina uste zuten genero ikuspuntua lantzea falta zela egitasmoetan. Hala, ondorioztatu zuten beharrezkoa zela sexualitatearen inguruan hausnartzen hasi eta auzoko neskak batuko zituen talde bat sortzea.
Hainbat belaunalditakoak batzen ditu Akelarrek egun; 17 urtetatik hasi eta 32 urte ingurura artekoak. Diezek adierazi duenez, taldean sartu berri den egungo neska gazte batek bestelako zapalkuntzak jasaten ditu, taldearen sorrerarekin alderatuta; neurri handi batean, sare sozialek baldintzatuta. «Pairatzen diren hipersexualizazioa eta presioa berdinak dira oraindik ere», zehaztu du.
Akelarre taldearen ezaugarri bereziena da auzonalista izatea, Diezen hitzetan; hain zuzen, ezinbesteko oinarria dute Santutxu, auzokoak dira, eta lanerako eta borrokarako esparrua auzoa bera dute. «Auzoko eragileetan azpimarratzen dugu». Bestalde, talde euskalduna da, euskara erabiltzea hautatu zuten, eta, kide berri bat sartzerakoan, jaiotzez bertakoa zein kanpokoa izan, euskaraz aritzeko eskatzen diote. Horrez gain, klase borroka daukate oinarritzat.
Oinarri politiko eta ideologikoak lantzeaz gain, emakume guztiak, edozein adinetakoak, antolatuta eta saretuta egoteko beharra azpimarratu du Diezek. Haiek auzoan aritzen diren arren, Bilboko gainontzeko taldeekin koordinatzen dira; bereziki, joan den asteazkenean bezala, egutegian markaturiko egunetan egitasmoak aurrera eramateko.
ARRATIA. Elkarrekin militantzia eredu bat josten
Behar batetik sortu zen Orratzak Arratia eskualdeko neska gazteen taldea, 2017. urtean. Ernai antolakundeak bultzaturiko tailer batzuetatik abiatu ziren, hain zuzen. Amaiur Irazabal kideak adierazi duenez, hasieran taldea oso zabala zen, aniztasun handikoa, eta askotariko adinak batzen zituena. «Talde feminista batek hainbat pertsona hartzen ditu kontuan, neska asko aktibatzen gaitu». Denboraren joanaz, baina, eta bereziki militantzia ereduak zer eskatzen duen ohartuta, taldea murriztuz joan da. Egun, lauzpabost lagun arduratzen dira taldeaz, urteko egun mugarrietan mugitzeaz, eta, horrez gain, urte osoko egitasmoak prestatzeaz. Hala ere, eskualde txikia da, denek ezagutzen dute elkar, eta ez dute arazorik izaten lanak banatzeko. «Arratian komunikazioa erraza da». Zenbaitetan gutxi izateak desmotibatu egiten dituen arren, aurrera jarraitzen dute.
Halaber, egungo partaide gehienak neska gazte taldeko kide izateaz gain, bestelako mugimenduetan ere badaude. Horregatik, militantzian egin du azpimarra Irazabalek: «Militatzera ohitua ez bazaude, ez zara kontziente egunerokoan pairatu ahal dituzun zapalkuntzez, eta talde feminista batean militatzea oso polita da. Hau da militatzeko esparrurik erosoena, gehien ikasten dena». Berdintasunetik harago, norbera, harremanetan, izaeran edota jokaeretan nolakoa den erakusten du neska gazte talde baten parte izateak, Irazabalen ustez. «Etengabeko galdera batean zaude, eta, era berean, komunitate baten parte zara. Norbere aurrerapausoek besteenak dakartzate».
Neska bakoitzak bere erronkak dituela azpimarratu du. «Bide berean maila ezberdinetan gaude, bakoitza bere abiaduran, baina badaude denok batzen gaituzten erronkak». Horretarako, premiazkoa ikusten du neska gazteak saretzea eta antolatzea. «Askotan bakarka zaila da aurrera egitea, eta taldeak laguntzen du». Taldea desegonkor dagoen egunetan Martxoaren 8aren moduko mugarriek altxatzeko balio dutela nabarmendu du.
MARKINA-XEMEIN. Urte osoko lanaren aldarria
Aurretik zegoen taldea deseginda, neska gazteen artean elkar hobeto ezagutzeko eta babes sarea sortzeko beharra zegoen Markina-Xemeinen. «Gazte askoren ahotik entzuten zen hezkuntza formal zein ez-formalean neskei eraso egiten zietela. Espazio seguruak falta ziren», azaldu dute June Pagaldaik eta Malen Arratek. Hala, joan den apirilean, lehen bilera irekia antolatu zuten gaztetxean; jende andana batu zen, eta bertan osatu zuten Morelarre.
Gaur-gaurkoz, hamar bat lagunek osatzen dute Morelarre neska gazte taldea. Astero zapatuetan biltzen dira gaztetxean, euren problematikak jorratzeko. «Aisialdiak, hezkuntzak eta harremanek arduratzen gaituzte, bereziki», azpimarratu dute. Hala, aitortu dute talde feminista bat eraginkorra izateak konpromiso handia dakarrela.
Lehentasuntzat daukate neska gazteak saretzea eta antolatzea. Hain zuzen, horretarako sortu ziren. «Ikusi dugu ahalduntze bat dakarrela horrek, eta horretarako beharrezkoa da espazio seguru bat sortzea». Morelarreren sorrerak, esaterako, balio izan zuen Ondarroan neska gazte talde bat sortzeko: elkarri lagundu zioten.
Hilero herriari eskaintza bat egiten ahalegintzen dira neska gazteak. Aurten, askotariko ekintzak egin dituzte: tailerrak, emakume lasterketa, formakuntzak… Sare sozialetan ere presentzia handia dute. Eguaztenerako mobilizazio zaratatsua deitu zuten, herriko mugimendu feminista osoaren izenean. Horrez gain, bihar zaintzaren inguruko tertulia eta bazkaria egingo dituzte. Baina azpimarratu dute borroka ez dela egun mugarri bakarrera mugatzen. «Aske izateko, eguneroko lana da beharrezkoa». Horregatik, problematikei erantzuteko astero batzeaz gain, eskaintza ezberdinak egiten jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean ere. «Denon ardura da borroka honetan pausoak ematea».